Euskara. Uema

Lankidetzan ariko dira Uema eta EHU, eta ikerketa lanak bultzatuko dituzte

Lehen aldia da Uemak eta unibertsitateak era horretako hitzarmen bat egiten dutena.

Bost urtean, hainbat plan elkarrekin egingo dituzte
Miren Segurola Uemako koordinatzailea eta Josu Labaka lehendakaria, atzo, EHUko irakasle Iñigo Urrutia eta Iñaki Agirreazkuenagarekin.
Miren Segurola Uemako koordinatzailea eta Josu Labaka lehendakaria, atzo, EHUko irakasle Iñigo Urrutia eta Iñaki Agirreazkuenagarekin. BERRIA

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko abenduak 17
Lankidetzarako akordio bat sinatu dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Lehenbiziko aldia da bi erakunde horiek gisa horretako hitzarmen bat izenpetzen dutena. Udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan duten garrantzia kontuan harturik, unibertsitatearekin elkarlanean jardunda «ekarpen ezin hobea» lor daitekeela nabarmendu dute bi erakundeek. Besteak beste, hitzarmenaren bitartez, azterlanak egingo dituzte.

Akordioa atzo izenpetu zuten EHUko jarduneko errektore Fernando Plazaolak eta Uemako lehendakari Josu Labakak. Bost urterako hitzarmena egin dute, eta aukera izango dute beste lau urterako ere luzatzeko. Jarraipen batzorde bat ere osatu dute EHUk eta Uemak ?bakoitzak bi kide izango ditu batzorde horretan?; hark egingo du hitzarmenaren jarraipena, eta lankidetzarako itun zehatzen ardura ere edukiko du.

Batetik, ikerketa lanak izango ditu ardatz hitzarmenak: azterlanak egiteko lankidetzan arituko dira, eta jardunaldiak antolatzen ere bai. Bestetik, prestakuntza: EHUko adituek laguntza teknikoa eta juridikoa emango diete Uemari eta mankomunitateko herriei; haiek, berriz, praktikak egiteko aukera emango diete unibertsitateko ikasleei. Hirugarrenik, euskararen erabilera sustatzeko jarduerak bultzatzea erabaki dute akordio horren bitartez.

Ikasleak eta idazkariak

Lehen urterako dituzten bi asmo zehatzen berri eman du Uemak. Batetik, EHUko ikasleek udalerri euskaldunetan «azterketa soziolinguistiko zehatzak» egitea; azken urteetan kezka gero eta nabariagoa da arnasgune horietan lekua galtzen ari delako euskara, ezagutza eta erabilera jaisten ari direlako. Bestetik, EHUko zuzenbide adituek prestakuntza emango diete herri euskaldunetako udal idazkariei; aldatu egin dituzte Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legeak aurten, eta lege zaharraren aldean indarrean diren arauek zer berritasun dituzten azalduko diete.

Beste proiektu batzuk ere badira. Jarraipen batzordeak erabakiko du ildoak zein izango diren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna