Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola «Aspalditik dugu jomugan Europa ligako lehen partida hau»

Publizitatea

Kirola

Aritz Elustondo. Realeko jokalaria

«Aspalditik dugu jomugan Europa ligako lehen partida hau»

Ligako hasiera distiratsua alde batera utzi, eta Europa liga irabazita abiatu nahi du Elustondok. «Lehen partida da garrantzitsuena», dio. Hasieratik ariko da, eta, beraz, debuta egingo du Europako lehiaketan.
Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-09-14 / Jon Eskudero

Denboraldiko ezusterik pozgarrienetakoa izaten ari da Realean Aritz Elustondoren ekarpena (Beasain, Gipuzkoa, 1994). Motibo pertsonalak zirela medio, «une latzak» igaro behar zituen iragan sasoian, eta soilik bederatzi partida jokatu zituen. «Burua beste toki batean neukan», aitortu du. Ordea, arazoak gainditzeko ahalegina egin eta aurrerapausoa emanda, bikain ari da orain; hasieratik jokatu ditu lehen hiru partidak. Ligako lan ona Europa ligan segida izatea nahi du, eta baikor da Rosenborgen aurkako partidari begira. Ondo bidean, hasierako hamaikakoan izango da, eta debuta egingo du Europako lehiaketa batean.

Espero al zenuten horren ondo hastea denboraldia?

Pentsatzea ere zaila egingo zitzaigun lehen hiru partidak jarraian irabaziko genituenik. Futbolarion helburua beti izaten da partidaz partida joatea, eta gauzak ezin hobeto atera dira orain arte. Dena atera zaigu alde. Halere, bederatzi puntuak lortu izana baino garrantzitsuagoa da erakutsi dugun jokoa eta konfiantza. Taldekideok ilusio handiz gaude, eta antzematen da gauzak bikain egiteko anbizioa. Hori bai, oinak lurrean izan behar ditugu, bolada onak bezala txarrak ere iritsiko baitira. Oraingoz, gozatzen segitzea da egin dezakeguna.

Non dago gakoa?

Hainbat arrazoi egongo dira, baina Realak taldearen bizkarrezurrari eutsi izana da gakoa. Jokalari gehienok Zubietan jarraitzen dugu, eta ondo baino hobeto dakigu entrenatzaileak zein joko egin nahi duen. Akaso, talde asko oraindik euren jokoari neurria hartzen ariko dira, baina guk abantaila horrekin hasi dugu sasoia. Partida guztietan aurrea hartzea lortu dugu, eta horrek ere lagundu digu. Konfiantza handiarekin jokatu dugu. Gero, taldearen kalitatea ere erabakigarria izan da hiru puntuak lortzean.

Jakina da kalitate handiko taldea eraiki duela klubak. Iragan denboraldikoa baino hobea da?

Ez dakit. De la Bella, Llorente eta Januzaj fitxatu ditu klubak, eta pentsatzen dut taldeari kalitatezko jauzia emateko ekarri izango dituela. Hirurak dira jokalari onak, eta, oraindik hasieratik jokatu ez badute ere, izango dituzte aukerak. Oso talde zabala daukagu, astero izango du entrenatzaileak non aukeratu, eta hori da garrantzitsuena. Lehiakortasun handia egongo da lerro guztietan. Entrenamenduetan gogo eta grina berezia nabari da hamaikakoan postu bat lortzeko.

Minutuak denentzat egongo dira, hiru lehiaketetan ariko baitzarete. Europa ligan estreinatzeko gogotsu al zaudete?

Izugarrizko gogoa dugu. Beti esaten dugu hurrengo partida besterik ez dugula izaten buruan, hori baita emaitza onenak lortzeko bide bakarra. Halere, aspalditik dugu jomugan Europa ligako hasiera hau. Pertsonalki, estreinako aldia izango dut Europako lehiaketa bat biziko dudana, eta irrikan nago. Txikitatik amesten nuen Realera iristeko egunarekin, baina ametsik onenean ere ez nuen imajinatuko Europan jokatzeko aukera izango nuenik. Oso zentratuta gaude, eta ligako lan onari jarraipena ematea izango da helburua. Hori bai, txapelketa eta aurkaria ezberdina izanik, ez da erraza izango irabaztea. Gerora begira, oso garrantzitsua da lehen partida irabaztea, konfiantza hartu eta gure aukeretan sinesteko. Ea zaleekin batera gau magiko horietako bat bizitzerik daukagun.

Zer dakizue Rosenborgi buruz?

Gehiegi ere ez. Bideo batzuk ikusi ditugu, zelaian nola kokatzen diren aztertzeko, eta entrenatzaileak ere hitz batzuk egin dizkigu. Gure multzoan, Zenit da ezagunena, baina Rosenborg eta Vardar ez dira hain ohikoak. Hori bai, badakigu Rosenborgek Ajax eta Fenerbache utzi dituela bidean. Bada zerbait. Halere, ez dugu negarrik egingo. Multzo zaila dugu, baina ziur haiek ere ez direla gustura egongo Reala egokitu zaielako. Anoetako partidetan ezingo dugu hutsik egin.

Vardarren aurkakoak izango dira partida erabakigarrienak?

Ezin daiteke esan, beti izaten dira ezustekoak. Oso urrun bidaiatzea tokatuko zaigu, eta horrek ezingo du gure jokoa baldintzatu. Lana, intentsitatea eta kontzentrazioa oinarri hartuta, puntu guztiak lortzen saiatu behar dugu. Talde guztiak izango dira aurkari zailak.

Gaur jokatu eta lau egunera, Real Madril hartuko duzue Anoetan. Oso gogorra datorkizue iraila. Horri ba al diozue errespeturik?

Inola ere ez. Europarako sailkatu nahian igaro genuen iragan sasoi osoa, eta orain ezin dugu errespetuaz eta halakoez hizketan hasi. Pentsatzen dut klubak oso talde zabala egin duela hiru lehiaketetan fresko egoteko, eta jokalariok prest gaude edozertarako. Igandekoa beste partida polit bat izango da. Bikaina litzateke lautik laugarren garaipena jarraian lortzea, baina orain arte baino zerbait gehiago erakutsi beharko dugu Real Madrili irabazteko, Europako talde handienetakoa baita. Irabaziz gero, hasiera historikoa egingo genuke, baina oso goiz litzateke ondorioak ateratzeko. Oinak lurrean behar ditugu.

Ilunetik argitara igaro zara denbora gutxian. Zer aldatu da zure bizitzan?

Aita joan zitzaigun ondotik, eta asko sufritu nuen. Arlo pertsonalak eragin egin zion kirol arloari. Zalantza asko izan nituen, eta sarritan pentsatzen nuen ez nintzela iritsiko Realean maila duin bat erakustera. Baloia heltzen zitzaidanean konfiantzarik gabe sentitzen nintzen ezer egiteko, eta gaizki pasatu nuen. Banekien luzaroan ezingo nuela horrela jarraitu, eta denboraldi-aurreari beste jarrera batekin ekin nion. Gogotsu hasi nintzen lanean, aita zenak erakutsi zigun bezala, eta oso ondo doazkit gauzak. Izugarri pozik nago. Neure buruari azaldu nahi nion gai naizela halako egoera bat gainditu eta onenera itzultzeko, eta orain arte ezin naiteke kexatu. Partida guztiak jokatu ditut, eta Vila-realen aurkakoa izan zen nire lehia onena Realarekin.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak