Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua CUPek botere egiturak uxatzeko aukeratzat jo du Kataluniako erreferenduma

Publizitatea

Mundua

CUPek botere egiturak uxatzeko aukeratzat jo du Kataluniako erreferenduma

Baiezkoaren aldeko kanpaina aurkeztu du Ezker Independentistak, eta irailaren 15ean abiatuko dute. PDECaten ustez, «zitala» da mezua
Mar Ampurdanes Arraneko bozeramailea, Ezker Independentistako kideekin, Bartzelonan, atzo.
Argazkia: TONI ALBIR / EFE
Egungo botere egiturak bota eta sozialismoan eta feminismoan oinarritutako gizarte bat egiten hasteko abiapuntua da erreferenduma Ezker Independentistarentzat, eta baiezkoaren aldeko kanpaina egingo du, lelo honen bidez herritarrak parte hartzera deituz: Uxa ditzagun! (Escombren-los! Autodeterminacio, desobediencia, Paisos Catalans. Uxatzekoak dituzte «kapitalismoa, patriarkatua, ustelkeria eta monarkia», Mar Ampurdanes Arraneko bozeramaileak azaldutakoaren arabera. SEPC Herri Katalanetako Ikasleen Sindikatuak, Arranek, Alerta Solidariak eta CUPek osatzen dute, besteak beste, Ezker Independentista.

Kanpainaren afixan, emakume bat eskobatzen ageri da, eta erratzaren bidez botatzen ditu Herrialde Katalanetatik kanpora haien ustez botere egiturak ordezkatzen dituzten pertsonak. Mariano Rajoy Espainiako presidentea eta Jose Maria Aznar presidenteordea, Felipe VI.a, Kristina Borboikoa, Jose Ramon Bauza Balearretako presidente ohia, Jordi Pujol eta Artur Mas Generalitateko presidente ohiak, Rouco Varela kardinala eta Rita Barbera Valentziako alkate ohia, beste batzuen artean. «Hautsi nahi dugun erregimenaren parte dira», Ampurdanesek azaldu duenez.

Herritarrei mobilizatzera dei egin diete erreferenduma defendatzeko, eta ohartarazi dute galdeketa ez dela Kataluniako Gobernuarena, «nahiz eta antolatzeko ardura berea den». Ezker Independentistaren ustez, jendeak bermatuko du erreferenduma egitea eta Espainiako Estatuaren ekintzak geldiaraztea.

Izan ere, haien ustez, ez da egia independentzia prozesua gatazkarik gabea izango dela eta legez lege egingo dela, Kataluniako Gobernuak dioen bezala. Hori dela eta, desobedientzia da erreferenduma egiteko bide bakarra, haien ustez. Irailaren 15ean abiatuko dute kanpaina.

PDECat, haserre

PDECaten eta CUPen arteko tentsioaren beste kapitulu bat eragin du kanpainak. «Zitala» da ezkerreko independentistek Artur Mas eta Mariano Rajoy parekatzea, PDECateko koordinatzaile David Bonvehiren ustez Mas demokrata izateagatik kondenatu dutelako, eta Rajoy ideiengatik jazartzen duen estatuaren ordezkari delako.

Omnium Culturalek, berriz, hainbat hiritako kaleak eta plazak democracia hitzez bete ditu, eta datozen egunetan herrialde osora hedatuko da ekinaldia, herritarrak bozkatzera deitzeko asmoz.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak