Albistea entzun

Berdintasun politikak. Eusko Jaurlaritza

Berdintasun Plana egiteko urratsak bizitu dituzte, 9 urteren ondoren

2007tik derrigorrezkoa da plan bat izatea; Jaurlaritzak, ordea, ez du.

Irailaren 30ean onartu nahi dute, baina hilabeteko atzerapena du.

Zaila ikusten dute legegintzaldia amaitu aurretik onartzea
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2016ko martxoak 29 - Gasteiz

Eusko Jaurlaritza legegintzaldiko azken txanpa baliatzen ari da, Berdintasun Plana diseinatzeko eta onartzeko. Lan horretan ari diren teknikariak eta sindikatuetako ordezkariak erritmoa bizkortzen ari dira, Eusko Legebiltzarra desegin baino lehen ganberara bidali ahal izateko. Horretarako, egoeraren diagnosia onartzeko prozesua eta planaren berezko diseinua aldi berean garatuko dituzte. Diagnosiaren 145 orriko behin-behineko txostena aurkeztua dute. Lana egiten hasi zirenean, 2016ko irailaren 30a zehaztu zuten bukatzeko epetzat, baina prozesuan parte hartzen ari diren zenbait eragilek zalantzan jarri dute lana garaiz amaituko dutenik.

Azken hilabeteetan bizkortu dute erritmoa, baina EAEko Berdintasun Legea onartu zutenetik 11 urte pasatu dira. Juan Jose Ibarretxek Eusko Jaurlaritzaren VII. legegintzaldian onartu zuen plana egitea, 2005. urteko martxoan. Urte hartan bertan egindako hauteskundeen ostean, Ibarretxe berriz izendatu zuten lehendakari; baina lau urtean ez zuen Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun Planik abiarazi. Ez Ibarretxek, ezta lekukoa hartu zion Patxi Lopezek ere, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zen hiru urte eta erdian. Iñigo Urkulluren gobernuak legegintzaldiaren bigarren erdian heldu dio gaiari.

CCOO sindikatuak 2013. urtetik zenbait eskaera ofizial egin zituen prozesua abiarazteko, eta, 2014an Eusko Legebiltzarrak berak hori martxan jartzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Orduan hasi zuen bidea. Dena den, planaren diseinuan parte hartzen ari den LABeko ordezkari batek «oso mantso» doala uste du. «Negoziazio mahaietan bezala hasi ginen, bakoitza bere aldean».

Eusko Jaurlaritzak plana lau fasetan diseinatzea proposatu zuen: Funtzio Publikoko Sailburuordetzari asmoaren berri jakinarazi behar zion 2015eko martxorako; egoeraren diagnosiak eginda egon behar zuen 2015eko irailerako; planaren diseinua diagnosian oinarrituta, 2016ko ekainerako; eta, azkenik, planaren negoziazioa amaituta 2016ko irailean. Gaur egun, bigarren fasea amaitu gabe dago, eta hirugarrenarekin hasi dira, atzerapena txikitzeko.

Prestakuntza, Emakundek

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak «lan handia eta ona» egin dela adierazi du. Dena den, atzerapenak egon direla aitortu du, diagnosia egingo duen batzorde teknikoaren eskakizunen ondorioz. Aurreikusita ez zeuden zenbait elementu eskatu zituen batzorde teknikoak: batetik, langileei egindako inkesta bat, eta, bestetik, berdintasun plana egingo zutenei prestakuntza berezia ematea. Azken plan hori Emakundek diseinatu zuen, eta 2015eko azken hilabeteetan jaso zuten lantaldeko kideek.

Plana egiteko prozesuan parte hartzen ari den LAB sindikatuko ordezkariak azaldu du prestakuntzak zailtasun batzuk eragin zituela. Batetik, kronograman aurreikusita ez zegoenez, atzerapenak eragin zituen, eta, bestetik, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak ez zuen ordaindu nahi izan. Emakundek bere gain hartu zuen planaren diseinua egitea; baita ordaintzea ere, lantaldeko iturriek azaldutakoaren arabera.

Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek, berriz, plana irailaren 30erako amaitzea eskatu dute. PSE-EEk azken osoko bilkuran epeak bete ditzala galdegin zion Eusko Jaurlaritzari, legez besteko proposamen bidez. Alderdi guztiek Berdintasun Plana onartzeko «premia» nabarmendu zuten, baita proposamena babestu ere.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek emandako babesa berme gisa har daiteke, aurrera begira. Hain zuzen ere, gobernuak egindako planak bere asmoen isla baino ez dira; hots, ez dira betearazleak, eta gobernuaren borondatearen menpe daude. Hortaz, Eusko Jaurlaritza eskuz aldatuko balitz, agintari berriek haien planak egiteko aukera izango lukete. Legebiltzarreko azken osoko bilkuran jasotako babesak nolabaiteko bermea ematen dio etorkizunera begira.

Hurrengo gobernuak bere plan propioa egitea erabakiko balu, zenbait lan aurreratuta izango lituzke. Hain zuzen ere, aurreikus daiteke diagnosiaren behin betiko txostena hauteskundeen aurretik amaituko dutela. Horrek epeak laburtzeko aukera emango liokeela hausnartu dute egungo planaren diseinuan parte hartzen ari diren zenbait eragilek. Horretarako, ordea, borondatea beharko luketela gaineratu dute.

Borondateari dagokionez, sindikatuek hainbat kritika egin dituzte. Plana egiteko diagnosian behar batzuk detektatu dira; aldiz, diagnositik iradoki daitezkeen zenbait neurri hartzeari uko egiten dio Eusko Jaurlaritzak. Seme-alabak dituzten langileei malgutasuna aitortzen die goizean lanean hasteko; baina, aldi berean, ordutegiei buruzko zirkularrean lanera heltzeko berandueneko ordua 09:30 direla nabarmendu dute. «Umea 09:30ean eskolan sartzen bada, zuk lanean egon behar duzun ordu berean, malgutasunak ez du askorako balio», hausnartu du LABeko ordezkariak.

Osakidetza, hutsean

Eusko Jaurlaritza pausoak ematen hasi den arren, haren menpe dagoen erakunde handienetako bat ez da mugitzen hasi ere egin. SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak berriki aldarrikatu du Berdintasun Planaren beharra, gizonek eta emakumeek lanarekin zerikusia duten eskubideak modu parekidean balia ditzaten, eta «gizonen eta emakumeen arteko osasun arretaren ekitatea» berma dadin. Oroitarazi behar da Osakidetza behartuta dagoela, legez, berdintasun plan bat izatera: 250 langile baino gehiago dituzten enpresa guztiek egin behar dute. EH Bilduk 2014ko abenduaren 10ean Osakidetzako Berdintasun Plana egiteko eskatu zuen, baita gainontzeko alderdi politikoen oniritzia jaso ere. Eskari horrek, ordea, ez du biderik izan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Julen Aperribai

Korrikaren ibilbidearen berri eman dute: Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda, Donostiara iritsiko da lasterketa. Ikusi egunez eguneko ibilbidea eta ordutegia albiste barruan.

Joan den urtean ere egin zituzten osasun publikoa indartzearen aldeko mobilizazoak. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bizkaiko Medikuen Elkargoa urtarrilaren 23ko mobilizazioetara batu da

Jone Arruabarrena

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek antolatu dituzte mobilizazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iganderako

Aitor Elexpuru (Uema) eta Agurne Gaubeka (Behatokia), atzo, Nafarroako Parlamentuan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Nafarroan euskaraz egin daitezkeen tramite telematikoak, %25etik behera

Ion Orzaiz

Administrazioak «euskaldunen eskubideak urratzen» dituela salatu dute Uemak eta Behatokiak

 ©BERRIA

«Ospitale publikoa egonaldiak saltzen dituen enpresa bilakatu da»

Oihana Teyseyre Koskarat

Figura mediatikoa da Grimaldi. Urteetan, barnetik bizi izan du ospitale publikoaren egoera, eta argi du okerrera egin duela. Jomugan ezarri du Frantziako Gobernuaren murrizketa politika, pandemiak azaleratu dituen egiturazko arazoak salatuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.