Albistea entzun

EGA titulua. Tituluen balioa

Euskarazko Advanced egiaztagiria

Euskara gaitasuna aitortzeko titulurik ezagunena da, baina zein mailatakoa da? Europako eskalan, seitik bosgarrena da. Ohiko hiztunek ez dute behar maila hori.
EGAren bigarren deialdiko atariko proba, atzo hamabost, Donostian.
EGAren bigarren deialdiko atariko proba, atzo hamabost, Donostian. A. CANELLADA / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko urriak 4

Idatzi gabeko arau baten gisan zabaldu da. «Mitifikatu egin da, bai: 'EGA daukanez, oso ondo daki euskaraz'. Baina euskal hiztuna izan zaitezke EGA eduki gabe ere». EGA tituluarekin lotutako mitoak hautsi egin behar direla ohartarazi du Joseba Erkiziak, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko zuzendariak. EGAk, C1 mailako titulua denez, euskararen «ezagutza aurreratua» edukitzea esan nahi du, Erkiziak nabarmendu duenez. «Herritar arrunt estandar batek, edozein hizkuntzatan, ez du behar hori». Euskaraz ere ez. «Euskaldun izateko ez da EGA eduki behar. Bistan da».

Tituluaren jatorria aztertzeko, 1972. urtera jo behar da. D titulua sortu zuen Euskaltzaindiak. Besteak beste, irakasleen euskara maila frogatzeko agiria zen. Hamar urte geroago, Eusko Jaurlaritza martxan zela, EGA Euskararen Gaitasun Agiria sortu zuten, Pedro Miguel Etxenike Hezkuntza sailburu zen garaian. D tituluaren ildoari jarraitu zion EGAk. Maila handiko titulua zen, egoera soziolinguistikoak hala eskatuta, Erkiziak dioenez. «Euskarak inguruko hizkuntzekin duen distantzia linguistikoagatik eskatu zen maila sendo hori edukitzea».

Nafarroan 1985ean jarri zuten abian EGA. Titulu berria da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Euskaltzaindiak 2009an utzi zion D titulua eskaintzeari. EEP Euskararen Erakunde Publikoak hartu zion lekukoa, Paue eta Aturri aldeko Herrien Unibertsitatearekin eta Bordeleko Unibertsitatearekin (Frantzia) elkarlanean.

Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitu zituzten tituluak 2010ean, eta C1 mailan jarri zuten EGA. Sei mailatik, bosgarrenean. Ingelesaren Advanced titulua du parean, adibidez. Maila jasoa da: «jariotasunez eta bat-batean» mintzatzeko gauza izatea esan nahi du, «malgutasunez eta eraginkortasunez» erabiltzea hizkuntza, eta gai konplexuei buruzko testuak sortzeko gai izatea.

Ohiko bizimodurako ez

Hizkuntza giltzarri duten jardunetan-eta aritzeko da EGA berez, Erkiziaren ustez. «Ohiko bizimoduan herritarrek ez dute erreportajerik idazten, edo txosten teknikorik egiten, edo eskolarik ematen». Alegia, herritarrek ez dutela behar izaten C1 mailak aitortzen duen adinako hizkuntza gaitasunik. «Gaztelaniaz edo frantsesez egiten duten hiztun arruntek ez dute izaten maila hori, baina beren bizitzarako erabat nahikoa zaie duten hizkuntza gaitasuna».

Baina, hala ere, euskararen kasuan, milaka herritarrek jotzen dute C1 mailako tituluaren bila. «Urte luzeetan euskararen gaitasuna era ofizialean neurtzeko modu bakarra EGA eskuratzea izan da, eta horrek desitxuratu eta gaindimentsionatu egin du agiri horren balioa». Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak uste du, hala ere, sukarra ari dela apaltzen pixkanaka. «Indarra galtzen ari da mitoa, bestelako titulu batzuk mahai gainean jarri direlako». Matrikulazio datuek hori diote. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15.700 lagun aurkeztu ziren EGA azterketara 2010ean; iaz, 11.300. %28ko beherakada da.

Erkiziak azaldu du hizkuntza gaitasunari buruzko tituluak bateratuta daudela Europako markoaren arabera, eta gaur egun ez dela EGA aukera bakarra. HABEk berak, adibidez, hizkuntza gaitasunei buruzko probak egiten ditu. Hirugarren maila da EGAren parekoa, eta urtero 5.000 lagun inguru joaten dira. EGAkoaren gisakoa da gaindituen tasa: %25.

Parekotasunak ezarriak daude zerrenda horretan. EGAren mailan, adibidez, hauek: HABEko hirugarren maila, administrazioko hirugarren hizkuntza eskakizuna, hezkuntzako eta Ertzaintzako bigarren eskakizuna, hizkuntza eskolako bosgarren maila... Erkiziak uste du eskala ezagun egitea falta dela. EGA soilik ez ezagutzea.

Deialdi publiko gehiago?

Pausoak ematen ari dira azken hilabeteetan. Orain arte, B1 maila izan da baxuena euskararen kasuan —administrazioko lehen hizkuntza eskakizunaren parekoa—. Europako markoko bi maila apalenak falta ziren, hortaz: A1 eta A2. Horiek ere sortu dituzte. Curriculuma abian dago, eta ziurtagiriak emango dizkiete proba gainditzen dutenei —Eusko Jaurlaritzak diru laguntza ere emango die ikasleei azterketa igarotzean—.

EGAren aldean, badute muga bat beste tituluek: matrikula librerik ez. EGAren aurreko titulua lortzeko —B2— bi aukera daudela azaldu du Erkiziak: hizkuntza eskolan edo euskaltegian matrikula egitea, edo administrazioko probaren bat gainditzea —lanpostuetarako probak, esate baterako—.

Hori aldatzea aztertzen ari direla aurreratu du HABEko zuzendariak: EGArenaren gisako deialdiak egitea hizkuntza gaitasuna egiaztatzeko. «Eboluzionatzen jarraitu behar dugu, eta ona izango litzateke herritarrek edozein hizkuntz gaitasun egiaztatzeko aukera librea izatea». Bereziki B1 mailatik gorako tituluetan egingo dituzte deialdi publikoak, «horiek direlako lan esparruan-eta ofizialki baloratzen eta eskatzen direnak». Eperik ez du zehaztu nahi izan Erkiziak, «pausoka-pausoka» jardun behar delakoan.

Tituluek garrantzia dutela uste du Mugikak, baina neurrian jarri behar direla: «Ez gehiago, ez gutxiago». Xedea zein den, hor jarri du begia: «Herri honek hiztunak behar ditu, euskara maila onargarrian jakin eta erabiltzen duten herritarrak». Tituluekiko gehiegizko miraz ohartarazi du: «Gakoa ez da agiri bat izatea, baizik euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen gaitasuna edukitzea». Haren ustez, ikastea eta erabiltzea da gakoa, eta tituluak horri lotuta joan beharko du. Horregatik, «zalantzak» ditu deialdi libreekin, titulua lortze hutsa izan litekeelako. «Hara: ni C2 egiten ari naiz, lanerako lagungarri izateko. Titulua lortzen badut, oso ondo. Baina ikasketa prozesua zait baliagarri».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Migrante batzuk, Irungo Harrera Sarekoen azalpenak entzuten, atzo, herriko plazan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Zeharkaldirako sareak eraikiz

Jone Arruabarrena

Egunero heltzen dira etorkinak Irunera, Lapurdiko muga igarotzeko asmoz. Irungo Harrera Sareko kideek han egiten diete ongi etorria, eta bidaia ahalik eta modu seguruenean egiteko informazioa eskaintzen diete. Aurten, bi gazte hil dira muga Bidasoa ibaitik gurutzatu nahian.
 ©BERRIA

«Bidean sufritu eta gero, oso gogorra da itsasoan noraezean ibiltzea»

Lide Iraola

MSFren ontziak bederatzi egun egin zituen itsasoan, portu batean lehorreratzeko zain. Ostegunean porturatu ziren, eta, orain, migratzaileei emango zaien osasun arretak eta arta psikologikoak kezkatzen dute Font.
Lodosa Bizirik taldeko kideak, Lodosako kaleen izenak gazteleraz eta euskaraz jarri eta gero, plaka berriei eusten. ©BERRIA

Hutsune guztiak bete arte

Ane Etxandi

Euskara sustatzeko hainbat egitasmo gauzatzen ari dira Estellerriko Erriberan. Berriki, kale izenak ele bitan jarri dituzte, eta, orain, Porrusalda plataforma sortu berriaren bidez, euskarazko kultur jarduerak antolatu nahi dituzte.
Mugimendu feministak antolatutako elkarretaratzea, atzo arratsaldean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gasteizko jaietan jazotako eraso sexistak gaitzetsi ditu mugimendu feministak

Iñaut Matauko Rada

Sei ziztada, bi eraso homofobo eta ukituengatik hiru atxilotu egon dira jaietan. Autodefentsa feminista aldarrikatu dute erasoei aurre egiteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...