Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Presoak Euskal Herriratzeko, gizarte zibilak lidergoa hartzea nahi du Sarek

Publizitatea

Politika

Presoak Euskal Herriratzeko, gizarte zibilak lidergoa hartzea nahi du Sarek

Hirugarren urteurrena baliatuta, '0 kilometro' kanpainari ekin dio Sarek, Donostian eginiko ekitaldian. Irekik langileen 80.000 sinadura batu ditu, preso eta iheslariak etxeratzeko
Ekitaldi batekin amaitu zuten atzo hirugarren urteurrenean Sarek Donostian antolatutako eguna.
Ekitaldi batekin amaitu zuten atzo hirugarren urteurrenean Sarek Donostian antolatutako eguna. JAGOBA MANTEROLA / ARP
Sorreratik hiru urtera, «helburuak lortzeko lanean» jarraitzen du Sarek. «Galtzen den borroka bakarra albo batera uzten dena delako». Beste urrats bat egin zuen atzo, Donostian, 0 kilometro kanpainari hasiera emanez: «Euskal presoak Euskal Herrian nahi ditugu. Eta orain nahi ditugu. Horregatik: 0 kilometro», azaldu zuten arratsaldeko ekitaldian Bego Atxa eta Joseba Azkarraga bozeramaileek. Hainbat eskaera egin zituzten euskal preso eta iheslarien eskubideen inguruan; euskal instituzioei, esaterako, eskubide horien defentsan «aurrea hartzea» galdegin zieten. Baina apirilaren 8ko ETAren armagabetzea gogoan, gizarteari egin zioten deirik zuzenena. Mugarritzat baitute armagabetzea, «eta hori nola egin zen»: «Euskal gizarteak erabaki bat hartu du: bake prozesuaren lider izatea. Eta, horretarako, oraindik, bide luze eta zaila dugu aurretik».

16:15 aldera ekin zioten egunari Sareko kideek, Donostiako Zuloaga plazan. Elkarretaratze bat egin zuten hasteko, gaitz larriak dituzten euskal presoak askatzeko eskatuz. Ibon Iparragirre izan zuten gogoan bereziki —hiesa du, fase aurreratuan, eta maiatz amaieran ospitaleratu egin behar izan zuten, pneumoniarekin—. Han ziren, besteak beste, Angelita Burgoa, Iparragirreren ama, eta EH Bilduko hainbat ordezkari; esaterako, Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriarte.

Porrotx pailazoak azaldu zituen egunaren nondik norakoak, presoen senide eta lagunek kartzeletara eramaten dituzten poltsetako bat hartuta. Beste hainbat gauzaren artean, bi puxika atera zituen poltsatik, Izar eta Xua —ama presoekin daude, Madrilen eta Picassenten (Herrialde Katalanak)— eta gurasoak bisitatzeko ehunka kilometro egin behar dituzten haurrak gogoan. Porrotxen atzetik, hiriko hainbat lekutan prestatutako guneetara joan ziren parte hartzaileak.

Presoekin lotutako gaiak landu zituzten gune horietako batzuetan: senideak kartzelan dituzten adingabeen egoera, emakume presoena... Bertso, komiki, zirku eta herri-kirol tailerrak ere izan ziren, hitzaldiekin batera.

Gontzal Mendibil eta Urko kantarien kontzertuarekin amaitu zen eguna, ekitaldi nagusiaren ondoren. Euskal presoek Euskal Herrian behar dutela aldarrikatu zuten Azkarragak eta Atxak, baita gaitz larriak dituztenak askatzeko eta «salbuespen legedi bidegabea» amaitzeko eskatu ere. «Gizarte zibilari heldu nahi diogu, Sarerekin bat egin dezazuen, bakea, elkarbizitza eta konponbidea egingarri bihurtzeko».

Gasteizen, langileen ahotsa

Gasteizen, berriz, Ireki dinamikak deituta, ehunka lagunek bat egin zuten eguerdian antolatutako manifestazioarekin. Joan den urteko urrian jarri zuten martxan Ireki dinamika, euskal presoak eta iheslariak etxeratzearen alde enpresetan sinadurak biltzeko asmoz, eta atzoko mobilizazioarekin amaitutzat eman zuten orain arteko lana. Urriaz geroztik, ia 80.000 sinadura jaso dituzte Euskal Herriko langileen artean. Lortutako sinaduren garrantzia azpimarratu zuten Ana Sebal Agirregabiria eta Julen Mitxeltorena Irekiko kideek manifestazioa amaitzerakoan. «Euskal langileriak ozenki esan du euskal presoek, iheslariek eta deportatuek etxerako bidean egon behar dutela. Garaia dela».

Jakinarazi zutenez, sinadura horiek Foro Sozialaren esku utziko dituzte datorren astean, uste baitute «eragile egokiena» dela preso, iheslari eta deportatuen aldeko elkartasuna kudeatzeko. Hala, Foro Sozialak presoen auzia konpontzeko landua duen bide orri adostuaren «ekarpen kualitatibo gisa» aurkeztuko dizkiote bildutako atxikimenduak.

Irekik bere bidea amaitu duen arren, sustatzaileek langileei eskatu zieten presoen eta iheslarien eskubideen alde «borrokan» jarrai dezatela, «estatuek duten giltzarrapoa irekiko duen giltza» haien esku dagoelako. Hain justu ere, sarraila batek eta bi gezik osatu dute Ireki dinamikaren irudia, eta horiek presente egon ziren atzoko manifestazioan eta amaierako ekitaldiko mezuetan.

Goizean, Posta plazatik abiatutako manifestazioa hasi aurretik, Arangiz eta Otazu herrietatik jendez osatutako bina zutabe abiatu ziren Gasteizerako bidean. Ehunka lagunek osatutako bi zutabeak une berean iritsi ziren Gasteizko erdigunera, eta han elkartu ziren gainerako manifestariekin. LAB sindikatuak ere bat egin zuen deialdiarekin. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak kazetariei azaldu zien ezinbestekoa dela lan mundutik presoen aferan «indarra» jartzea, eta LABentzat lehentasunezkoa dela gai horri konponbidea ematea.

Presoak etxeratzeko aldarriekin abiatu zen manifestazioa, eta ordubete geroago amaitu zen, Zaramaga auzoan, langileentzat sinbologia handia duen toki batean: Martxoaren 3ko plazan. Amaierako ekitaldian, Etxerat-eko Urtzi Errazkinek txalotu egin zuen azken hilabeteotan langileek presoen alde erakutsitako «konpromisoa». Halaber, azpimarratu zuen ezinbestekoa dela «akordio zabalak» egitea, 28 urte bete dituen «sakabanaketa politika indargabetzeko».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak