Katalunia. Prozesu subiranista. Jordi Cuixart. Omnium-eko presidentea

«Independentzia aurreko kutsua dauka Diadak»

Datorren igandeko ekitaldiari itxaropenez begiratzen dio Cuixartek. Diada elkarlanaren erakustaldia dela dio; «Katalunian egin diren aldarrikapenek ez dute antzekorik Europan».
DANI CODINA

Saioa Baleztena -

2016ko irailak 6
Diadarako bortz egun bertzerik gelditzen ez direla solastatu da BERRIArekin Jordi Cuixart (Santa Perpetua de Mogoda, Herrialde Katalanak, 1975). Enpresaria da lanbidez, eta gazte erakutsi zuen konpromisoa bere herriarekin: duela 55 urte sortu zen Omnium Culturaleko bazkide egin zen, 20 urterekin. Iazko abendutik, berriz, elkarteko presidente da; Muriel Casalsen lekukoa hartu zuen hura hil ondoren.

Datorren igandean ospatuko da Diada. Zer giro dago?

Urtero legez, egun mugituak izaten ari dira, baina, batez ere, itxaropen handiarekin bizi ditugu. Aurtengo Diadak independentzia aurreko kutsua du. Fase autonomista gaindituta, argi dugu garaia dela beste behin mobilizatu eta han-hemengo kaleak jendez gainezka betetzeko. Diada, azken finean, garrantzitsua da elkarlana islatzeko, baina emantzipazio nazionalaren beste urrats bat besterik ez da.

Badirudi aurreko urteetan baino jende gutiagok eman duela izena. Testuinguru politikoaren gorabeherek itzali al dute independentismoaren indarra?

Aurtengo Diadak Sant Joan pasealekua hartuko du bakarrik, eta ez du aurreko urteetako formatu berdina izango; beraz, agian, horrek eragina izan du. Hala ere, dagoeneko 200.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena, eta, beraz, zenbakiak kolosalak dira. Gu lanean ari gara, azken urteetan bezala, elkarlanaren erakustaldi bat izateko. Izan ere, umiltasunak aparte, Katalunian egin ditugun aldarrikapenek ez dute antzekorik Europan.

Aurten ekitaldiak deszentralizatu dituzue, eta nazioarteko zazpi hiritara zabaldu da, bestek beste, Bilbora. Zenbaterainoko garrantzia du nazioartekotzeak?

Erabakitzeko eskubideaz hitz egitean, Nazio Batuen Erakundeak aitortzen duen eskubide bat aldarrikatzen ari gara. Eta, beraz, ziur gaude Espainiako Estatuak lehenago edo geroago aitortu beharko digula eskubide hori. Beraz, ezinbestekoa da munduari erakustea zein den Kataluniaren nahia.

Zein rol eduki dezake Euskal Herriak guzti honetan?

Elkartasuna da herrion arteko samurtasuna. Beraz, Europako herrien eta, batez ere, Espainiar Estatuko herrien senidetasunak indartzen gaitu. Azken finean, guk Kataluniako Errepublikaren bidean egiten dugun urrats hau demokrazia ariketa bat da, eta espero dugu Euskal Herrian, han eta hemen, erabilgarria izatea.

Barcelona en Comu-koek parte hartuko dute Diadan. Zein iritzi duzu independentismoaren hainbat adarretatik egin zaien kritikaren inguruan?

Omnium Cultural duela 55 urte sortu zuten bost enpresari ameslarik, eta egiteko gisa jarri ziguten, Kataluniako kultura eta hizkuntza lanabes izanik, bizikidetzaren alde lan egitea. Beraz, gure sortzaileen agindu horren baitan, Omnium Culturalek ordezkatzen dituen 60.000 bazkideek sentikorrak izan behar dute subiranotasunaren sentsibilitate guztiekin. Nik ez dut uste lehen mailako eta bigarren mailako subiranistak daudenik, eta argi dut Ada Colauk azaroaren 9an Bai-Bai bozkatu zuela Errepublika Katalanaren irrika partekatzen duelako. Gure ardura, beraz, Kataluniako Errepublikaren alde lanean ari diren subiranotasunaren sentsibilitate guztiak elkartzea da.

Iraila, Diadagatik ez ezik, berezia izango da Carles Puigdemonten konfiantza mozioarengatik ere. Zein iritzi duzu orain arte Junts Pel Siren eta CUPen arteko gobernuaren inguruan?

Uste dut lan garrantzitsua egin dela. Errealistak garenez, uste dugu kontuan hartu behar dugula eraikitzen ari garen horren konplexutasuna, katalanismoaren adar desberdinetako lagunak ari direlako ados jartzen helburu bakarrarekin: Kataluniak Estatu propioa izatea. Eta egindakoa aitortzen dugun bezala, oso zorrotzak gara: ezingo genuke ulertu ados ez lortzea. Beraz, anormaltasun demokratikoak ezaugarritzen duen gaur egungo testuinguruan eskuzabaltasuna aldarrikatzen diogu gobernuari.

Indarra galdu al du herri mugimenduak prozesuan?

Ez dut uste. Gizarte hau deitua izan den bakoitzean, ez du sekula huts egin. Baina, orain, independentzia aurreko fasean, ez ANC-ek eta ez Omnium Culturalek ere ez dugu Gobernuarekiko independentziarik galdu.

Uste duzu Kataluniako Errepublika lortzeko ezinbertzekoa izango dela alde bakarreko erreferenduma?

Guk lan egingo dugu herriaren kontsentsuaren alde, eta, alde bakarreko erreferenduma baldin bada biztanleek aukeratzen duten formula, horren alde borrokatuko gara. Alegia, Espainiar Estatuak Kataluniari boza kentzen badio, guk emango diogu.

Espainian gobernua osatu ezinik dabiltza. Zein iritzi duzu gertatzen ari denaz?

Agerian gelditu da Espainiar Estatuak nahiago duela gobernurik ez osatzea, Kataluniako testuinguru politikoaren irtenbidea den erreferenduma egiteko oinarriak adostea baino. Horrek egiaztatzen du, beste behin, Espainiako Estatutik ez dugula sekula proposamenik jasoko, eta, beraz, Kataluniak bere aldetik eraiki beharko duela etorkizuna.

Zein iritzi duzu PPren eta Ciudadanosen akordioari buruz?

Akordio horrek gehiago bilatzen du hemen ditugun nortasun eta gizarteratze politikak urratzea, katalanon benetako arazoak konpontzea baino. Auzitegi Konstituzionalak giza eskubideen aldeko 25 lege baino gehiago baliogabetu dizkigu. Eta ez gara banderez, ereserkiez eta nazioez ari. Kataluniako gizartea gutxieneko duintasunean bizitzearen aldeko legeak urratu dizkigute.

Espainiaren immobilismoak ukatzen dio Kataluniari erreferenduma egitea, eta, Euskal Herrian, Arnaldo Otegi EH Bilduko zerrendaburu izatea baliogabetzen du.

Indarrez gaitzesten dugu Espainiar Estatuak gatazka politikoak auzitara eramateko duen joera. Otegi baliogabetzeko erabakia zentzugabekeria iruditzen zaigu, ez duelako balio gatazka politikoak gainditzeko, eta ez diolako mesederik egiten demokraziari. Lerro hauen bitartez, beraz, beste behin, babes osoa bidaltzen diegu Euskal Herriko politikariei eta gizarteari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna