Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Kalera begirako pausoak

Publizitatea

Politika

Kalera begirako pausoak

Euskal preso eta iheslarien aldeko Kalera martxa abiatu zen atzo goizean Gernikatik. Askatasun eta konpromisoaren erakusgarri den lorea eramango du martxak Lakuntzaraino. (Bideoa albistearen amaieran).
Martxaren hasiera, atzo, Gernikan.
Martxaren hasiera, atzo, Gernikan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Pablo Picasso margolariaren Gernika koadroan azaltzen den lorea Gernika-Lumoko (Bizkaia) Merkatu Plazaren erdian agertu zen atzo, euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko Kalera martxaren hasieran. «Gernikako lorea Euskal Herriaren askatasunarekin dugun konpromisoaren erakusgarri da», azaldu zuen Ernai gazte mugimenduko Lur Albizuk harrera ekitaldian. Bonbardaketaren 80. urteurrenean Gernika aukeratu zuen ezker abertzaleak martxari hasiera emateko.

Gernikatik Lakuntzara (Nafarroa). Hurrengo zortzi egunetan Euskal Herriko hainbat txoko eta herri itsasoz, oinez zein trenez zeharkatu ondoren, Hatortxu Rock-eko jaiaren erdigunera eramango dute Picassoren lorea.

Argibideak jaso ostean, 150 lagun inguruk ekin zioten bideari atzo, eta hilaren 27ra bitarte ehunka lagun ibiliko dira herririk herri, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean presoen aldeko aldarria eta askatasunaren aldeko borrokaren sinboloa eramaten.

Xabier Enbeita gernikarrak dantzatu zuen hasierako ohorezko aurreskua, baina, horrez gain, martxaren lehenengo bi egunetan parte hartuko du. «Herri honetan oraindik badago zer konpondua. Lehenengo eta behin, presoak etxera ekarri behar dira, eta martxa honek horretan lagunduko duelakoan nago».

Irati Urkiola eta Ane Labaka Donostiatik eta Lasarte-Oriatik (Gipuzkoa) iritsi ziren, eguraldi txarrari aurre eginez. «Ekinaldia antolatu zutenean egin genezakeen gutxienekoa iruditu zitzaigun etorri eta parte hartzea». Lehenengo bi etapak egingo dituzte: «Maite ditugunak eta lagunak bisitatzeko askoz kilometro gehiago egiten ditugu, eta egoera honetan beharrezkoa ikusten dugu honelako martxak bultzatzea». Era berean, Asier Imaz eta Maddi 6 urteko alaba presoak ekartzeko «ekarpen txikia» egitera bildu ziren ekitaldira.

Euskal Udaberria Kalera. Bakea eta Askatasuna irabaztera goiburupean presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko mobilizazio kanpainaren multzoan kokatzen da atzo abiaturiko martxa. Gernikan bertan aurkeztu zuten kanpaina, apirilaren 17an, preso politikoen nazioarteko egunean. Ekitaldiari Gernikatik bakea eta askatasunera izena jarri zioten. Geroztik, 1977. urtean amnistiaren alde egin zen astea gogora ekarri, eta Espainiako indar armatuek jendea hil zuten herrietan oroimen ekitaldiak egin dituzte.

Horrez gain, 30 urte bete ditu aurten sakabanaketa politikak, eta, horren harira, maiatzean presoei elkartasuna adierazteko sei espetxe esanguratsutara martxak antolatu zituzten. Lakuntza eta Gernika elkartuko dituen martxa ere, kanpaina orokor horren testuinguruan kokatu dute antolatzaileek.

Aurten 40 urte dira askatasunaren aldeko martxa historikoa egin zela, eta, era berean, Hatortxu Rock-ek 20. urteurrena du. Azpimarratu dute ezaugarri, aldarrikapen eta garapen propioak dituela atzo hasi zen martxak. «Herri honek behar duen bake eta askatasun agertokia irudika dezala nahi dugu, eta hori bakarrik lortuko da presoak, iheslariak eta deportatuak kalean eta geure ondoan daudenean», azpimarratu zuen Albizuk martxaren hasieran.

EPPKri babesa

Era berean, ezker abertzaleak Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) bukatu berri duen barne eztabaida prozesuan konpromiso irmoa duela eta babes osoa ematen diola argi utzi nahi izan dute Kalera dinamikaren bidez. Presoek egin berri duten azken ekarpenarekin beste zerbait ere lortu dela uste du ezker abertzaleak: EPPKren, erakundeen, eragileen eta euskal gizartearen artean bide orri bateratu bat diseinatzeko oinarriak jartzea. «Euskal gizarte osoak, erakundeek, eragileek eta gizarteak berak beren lana egin behar dute euskal preso politiko guztiak etxean egoteko», gaineratu zuen Albizuk.

Uda osoan eta hemendik aurrera lanean jarraitzeko aldarria egin zuen: «Jai guztietan egongo dira gure euskal preso politiko, iheslari eta deportatuak presente, festen zein hondartzaren beroa goza dezaten. Ezker abertzale militantearen maitasuna eta esker ona sentitu dezaten lan egiten jarraituko dugu». Borrokarako eta lanerako gonbita egitearekin batera, jai giroa ez baztertzeko dei egin, eta astebeteko martxa preso, iheslari eta deportatu guztiei eskainita hasi zuten, aldarrikapen oihuekin.

Lehen etapa osoa oinez egin zuten. Busturian bazkaldu ondoren, Bermeon bukatu zen etapa. Gaur, Lekeitiora joango dira, zati bat itsasontziz eginda.

Bideoa: Kalera martxaren hasiera (Gorka Rubio / Argazki Press).

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak