Albistea entzun

Hondakinak erraustu gabeko eredua nahi du PSNk

Bertzelako bideak landuko dituen plana eskatu du hondakinak kudeatzeko.

Zaborra Portland lantegian erretzea babestu zuen garai batean
Herritarren protesta, Iruñean, Olatzagutian zaborra erretzeko proiektuaren aurka.
Herritarren protesta, Iruñean, Olatzagutian zaborra erretzeko proiektuaren aurka. IÑIGO URIZ / ARGAZKIPRESS

Edurne Elizondo -

2014ko abuztuak 8 - Iruñea

Errausketari ezezkoa eman dio orain PSNk. Nafarroako Gobernuak herrialde horretako hondakinak kudeatzeko plana berriz egin behar du, epaileek planaren hainbat zati bertan behera utzi eta gero. Testu berria osatzean, errausketaren alde ez egiteko galdegin diete sozialistek UPNko agintariei. «Itxi dezatela ate hori, bertze eredu baten alde egiteko», erran du PSNko parlamentari Samuel Carok. Baldintza hori jarri dute sozialistek mahai gainean, hondakinak kudeatzeko eredu bat adosteko, hain zuzen ere.

Nafarroako Gobernuak 2010ean onartu zuen hondakinen kudeaketari buruzko plana. Errauste planta egiteko erabakia jaso zuen testu horrek. PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek, ordea, aukera hori bazter utzi zuen, alderdi hori, oraindik ere, gobernuko kide zela, 2012an. Ez zutela eginen erran zuen, azalpen gehiago eman gabe.

Errauste planta egiteko hasierako asmo horiekin batera, urteotan, Olatzagutiko Cementos Portland lantegiak zaborra erretzeko egindako eskaerak piztu du hondakinen kudeaketari buruzko gogoeta Nafarroan. Zein bere aldetik baina aldi berean garatu dira bi proiektuak.

Olatzagutiko, eta Sakanako inguruko bertze hamaika udalek hasieratik agertu zuten proiektu horren kontrako iritzia. PSNk, ordea, babesa eman zion. Are gehiago, proiektuaren udalez gaindiko sektore plana babestu eta bultzatu zuen, egitasmo hori gauzatzeko. Horren ondorioz, Olatzagutiko Udaleko PSNko zinegotziek dimisioa eman zuten.

Errauste planta egiteko aukera bazter utzi, beraz, eta zeregin horretarako Olatzagutiko lantegia erabiltzea babestu zuen PSNk. Eta orain, berriz erran dute sozialistek errausketarik gabekoa nahi dutela Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plana. Gobernuari, gainera, urte amaiera bitarteko epea eman dio PSNk, testu berria osatzeko. Parlamentuko taldeen proposamenak kontuan hartzeko eskatu dio gobernuari, denen artean plana 2015erako adostu ahal izateko.

2010ean onartu zutena, hain zuzen, iazko urtarrilean utzi zuten epaileek bertan behera, Sakanako Mankomunitateak helegitea aurkeztu eta gero. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, batetik, planaren prozedura hutsegitea jarri zuen agerian. Izan ere, lau hilabete baino gehiago igaro ziren planaren ingurumen eraginari buruzko ikerketa aurkeztu zenetik planaren ingurumen eraginaren adierazpena egin zuten arte.

Prozedura hutsegiteaz harago, hala ere, sententziak planaren mamiari eragiten ziola nabarmendu zuen Sustrai Erakuntza fundazioak, ezagutu zenean. Hondakinei buruzko Nafarroako, Espainiako eta Europako legeek zehazten dute hondakinak tratatzeko azpiegituren kokapenari eta eraikuntzari buruzko xehetasunak jaso behar dituztela kudeaketa planek, eta kokapen hori ekinbide ezin dutela utzi ekinbide pribatuaren esku. «Hori da Nafarroan orain gertatzen ari dena Olatzagutiko lantegiko errausketa proiektuarekin», erran zuen Sustrai Erakuntzak, orduan.

Azpiegiturak hobetu

Plana baliogabetu zutenetik, gobernuko kideak isilik egon direla salatu du PSNko Samuel Carok, eta hondakinen kudeaketari buruz dituzten iritziak eta asmoak azaltzeko eskatu die. Hori egiteko, Ingurumen kontseilari Jose Javier Esparzak parlamentuan agerraldia egin dezala eskatuko du PSNk. «Azal dezala bere departamentuak orain arte zer egin duen hondakinen kudeaketari buruz, eta zer asmo duen».

PSNko parlamentariak mahai gainean jarri du bere alderdiak proposatzen duen aukera: teknologia berrien aldeko apustua egin nahi dute, hondakinak egungo azpiegituretan modu eraginkorragoan kudeatu ahal izateko, eta, helburutzat hartuta tratatu gabeko zaborrak ez botatzea zabortegietara. Samuel Carok ez du aipatu errausketaren ordez erabil litekeen teknika jakin bat, baina ura, beroa eta presioa erabiltzen dituen teknologia bat badela erran du.

«Arlo horretan egin behar dira inbertsioak. Egungo azpiegiturak hobetzea planta berria eraikitzea baino %50 merkeagoa da. Errauste planta bat eraikitzeko aurrekontua 250-300 milioi euro inguru da». PSNk gogoratu du Gongorako zabortegia 2018-2020an itxiko dutela, eta bertzelako bideak landu behar direla hondakinak kudeatzeko, lehenbailehen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Auto ilara bat, Bilbo inguruan, artxiboko irudi batean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Munduko batez besteko gas emisioak halako bi isurtzen da Euskal Herrian

Iosu Alberdi

Gaindegiak '2022ko adierazle galeria nagusia' txostena osatu du, lan publikoan eten baten ostean. Datu demografikoak, ekonomikoak, sozialak eta ingurumen arlokoak landu ditu behategiak
Osasun Bidasoa plataformako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©BERRIA

Osakidetzaren kudeaketa eredua auzitan jarri du oposizioak legebiltzarrean

Edurne Begiristain

Oposizioko talde guztiek kritikatu dute Jaurlaritzaren Osasun Sailaren jarduteko era «bertikala». EAJk eta PSEk elkarrizketa defendatu dute
Euskal Eskola Publikoaz Harro-ren agerraldia, atzo, Bilbon ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Salatu dute matrikulazioa aldatu arren Jaurlaritzak itunpekoa babestuko duela

Irati Urdalleta Lete

Euskal Eskola Publikoaz Harro-k ohartarazi du ikasle kalteberak sareen artean banatzeak haiek estigmatizatzeko arriskua eragiten duela
Azagran emaztea hiltzea egotzi dioten gizona, atzo, epaiketan. ©JESUS DIGES / EFE

Gizon bat epaitzen hasi dira, andrea hiltzen saiatzea egotzita

Berria

Gizonak, emaztea hiltzat jo ondoren, Lizarrara jo zuen, polizia etxera, bikotekidea hil zuela esanez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.