Kalte agian, «tranpa» ziur

Urdaibaiko arraunlariek ustez jasotako substantziak kaltegarriak direla eta gehienak debekatuta daudela. Hori azaldu zuen atzo Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziak ustezko dopatze auziaren laugarren saioan. Mediku eta kimikari adituen deklarazioen txanda izan zen, eta ustez arraunlariei eman zitzaizkien substantzia guztiak eta horien eraginak deskribatu zituen Coral Fernandez kimikan doktoreak. «Eritropoyetina (EPO) eta darbepoetina (Aranesp) proteina debekatuak dira kirol jardunean. Odola loditu egiten dute, eta tronbosiak eragin ditzakete zirkulazio sisteman». Aldi berean, oxigenoaren garraioa azkartu, eta errendimendua hobetzen dutela ere azaldu zuen. Urdaibai arraun klubari halako substantziak saldu izana onartu zuen akusatuetako batek epaiketaren lehen saioan, astelehenean.
Ez zen aho batezkoa izan iritzi hori adituen artean. Xabier Leibar Eusko Jaurlaritzaren Getxoko Goi Errendimendu Guneko arduradunak jarri zuen kontrapuntua: «Ondo neurtutako eta ondo emandako dosi batek ez du zertan ondorio kaltegarririk izan kirolariaren osasunean. Baina, noski, tranpa egitea da, errendimendua areagotu egiten duelako». Han bertan EPO dosi bat ziztatuko baliote bere errendimendua areagotuko litzatekeen galdetu zion defentsako abokatuak Leibarri, eta ezetz erantzun zuen kirol medikuak. «Pertsona bakoitzaren egoera fisikoa aztertu eta kontuan izan behar da», esan zuen.
Argitu gabe gelditutakoa
Bi analisi egiten zaizkie arraunlariei lehiaketa egunetan, Joaquin Indurain Euskadiko Arraunketa Federazioko aholkulari juridikoak azaldu zuenez. Lehiaketa aurretik hematokrito analisia eta lehiatu ondoren gernuaren azterketa. Urdaibaiko guztiek bietan negatibo eman zuten 2010eko Kontxako Banderan.
Edozelan ere, Juanjo Badiola 2010ean Traineruen Kluben Elkarteko (TKE) medikua izandakoak adierazi zuen, bi traineruen analisiak eskatu zituztela egun hartan. Lehiaketaren aurretiko lehen analisi horietan «alterazio bat» ikusi zuen arraunlari baten kasuan, eta, hori dela eta, gernu analisia egin zioten gero. Baina Badiolak ez zuen informazio gehiago eman. Izan ere, epaileak fiskaltzaren galdera asko baliogabetu egin zituen, defentsak behin eta berriz egindako protestak zirela eta. Galdera horiek adituen txostenetatik at zeuden gaien ingurukoak ziren, eta, beraz, lekuz kanpokoak zirela ebatzi zuen epaileak. Hala, deklarazioak erdibidean gelditu ziren, eta fiskaltzak frogatu nahi zituen gertaerak ezin izan ziren guztiz egiaztatu. Defentsa eta akusazioaren artean tentsio handia egon zen.
Gaur egingo dute bosgarren eta azken saioa. Falta diren adituek deklaratuko dute, eta, ondoren, fiskaltzak eta abokatuek ondorioak azalduko dituzte.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.