Albistea entzun

Musika beltzeranzko beste bidaia bat

Fermin Muguruzak 'Irun Meets New Orleans' diskoa eta 'Nola?' dokumentala plazaratu ditu New Orleansko musikariak makulu hartuta
<em>Nola? Irun Meets New Orleans</em> dokumentaleko irudia. Fermin Muguruza eta New Orleansko musikariak grabaketa saioan.
Nola? Irun Meets New Orleans dokumentaleko irudia. Fermin Muguruza eta New Orleansko musikariak grabaketa saioan. Z / EZEZAGUNA

Gorka Erostarbe -

2015eko abenduak 4

Ez da berria Fermin Muguruzaren musika beltzarekiko mira, interesa eta lilura, hiru bat hamarkadetako kontua bai, gutxienez. Musika beltz horren ezagutza areagotzeko eta hain gustukoa duen kultur trukea eta harreman sarea baliatuz plazaratu du lan berria, ezpal bikoitzekoa: Irun Meets New Orleans diskoa eta Nola? dokumentala, Talka Records & Films zigilu etxekoarekin.

Diskoaren izenburuak keinu egiten dio 2003an kaleraturiko Irun Meets Bristol. Komunikazioa lanari (Metak-Kontrakalea), eta, kultura enkontru horien bideari segika, hamar kantuz osaturiko lana ondu du, molde eta prozesu bereziz ondu ere. Bere ibilbideko zortzi kantu ezagunenetakoak New Orleansko musikarien laguntzaz eta hango soinura moldatuta eskaini ditu, eta hiriarekin loturiko beste bi klasikoren bertsioak ere egin ditu.

Muguruzak 2014an New Orleansera bidaiatu zuen (Louisiana, AEB) Aaron Walker eta Lily Keber zinemagileen bitartez —urte batzuk lehenago ezagutu baitzituen—. George Ingmir esatariak elkarrizketatu zuen WWOZ irrati erreferentzialean (jazza, soinu beltzak...).Hainbat musikari ezagutu zituen horren ondorioz, eta taberna batean jo zuen, Frenchmen Street kalean, hango musikariek lagunduta. «Euretako beste bat sentitu nintzen», aitortu izan du gerora Muguruzak berak. Esperientzia eta enkontru hartan sortu zen New Orleansen disko bat eta dokumental bat filmatzeko asmoa.

Bi talderen partaidetza

Diskoaren ekoizlea eta moldatzailea Jonathan Freilich izan da (The New Orleans Klezmer All-Stars eta The Naked Orchestra taldeetako gidaria), eta hark jo ditu gitarra nagusiak ere. Bi talde eratu zituen: batetik, brass band bat, Muguruzaren kantuak jotzeko gauza izan zitekeena; eta, bestetik, rhythm-and-blueseko beste talde bat, «malguagoa, ska eta punk sentimendua eta neworleanstar soinua batera zitzakeena», diskoa sustatzeko orrian azaltzen duenez.

Grabaketarako moldatu dituzten Muguruzaren ibilbideko zortzi kantuak honakoak dira: Kolore bizia, Etxerat!, In-komunikazioa, Zugarramurdiren akelarrea, Dub Manifest, After Boltxebike, Gora herria eta Black Is Beltza. Esaterako, Gora herria kantuak Katrina ostean New Orleans ebakuatu eta armadak okupatu zuenekoa eta musikaren bitartez bizirik iraun zuenekoa ekar dezake gogora sustapen orriko testua idatzi duen Miquel Botella musika kritikariaren aburuz. Grabaketan parte hartu zuen Sunpie Barnes musikariak esan zuenez, «abesti hori berdin-berdin izan zitekeen Louisianakoa ere». Izan ere, Barnesek berak jotzen du kantu horretan zydeco akordeoia, jatorrizko trikitiaren ordez. Barnesek berak eta Katey Red rap kantariak bounce ukitua ematen diote, aldiz, Zugarramurdin akelarrea kantuari.

New Orleans hiriarekin lotura duten bi kantuak Mess Around eta When I Die dira. Lehena Atlantic Recordseko presidente Ahmet Ertegunek idatzi zuen eta inauterien ospakizunarekin du zerikusia. Ray Charlesek argitara eman zuen single batean 1953an, eta geroago Dr. Johnek eta Professor Longhairrek moldatu zuten. Bertsio berrian Brian Coogan teklistak parte hartu du. Bigarrenak, heriotzaren ospakizunarekin du lotura. Kermit Ruffinsek argitaratu zuen Big Easy diskoan, 2002an. Muguruzak aurtengo uztailean zendutako Amaia Apaolaza manager eta adiskideari eskaini dio kantu hori.

Bestalde, diskoaren grabaketa eta Katrinaren hondamendiaren ostean hiria nola geratu zen azaltzen du hango musikari andanaren testigantzez osaturiko Nola? dokumentalak. Atzo estreinatu zuten filma Donostiako Tabakaleran, Euskadiko Filmategiak antolaturiko New Orleans eta Katrinari buruzko zikloan. Fermin Muguruza berak aurkeztu zuen filma, eta, ondoren, solasaldia izan zuen publikoarekin. Hurrengo aurkezpen eta emanaldiak Iruñeko Katakraken (abenduak 12) eta Baionako Kalostrapen (abenduak 16) izango dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eñaut Zubizarreta musikaria, atzo, Ahotsenea gunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Iñigo Astiz

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.
Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Heldu bilakatzearen konkista

Itziar Ugarte Irizar

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'
Kurdistango ordezkariak eta haien kideak, atzo, Irudienean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hondakinen gainetik, liburuak

Andoni Imaz

Kobaneko liburutegiaren istorioa kontatzen du 'Hala ere' dokumentalak. Kurdistango zenbait ordezkarik aurkeztu dute, Durangoko Azokan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.