Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Mintzo direnak hormak direnean

Donostia 2016ren eta Ereiten-en 'Hormek diote' proiektuan hainbat ekintza egingo dituzte martxoan, kaleko arteaz gogoeta sortzeko
Atzo aurkeztu zuten <em>Hormek diote</em> egitasmoko bigarren fasea, Donostian.
Atzo aurkeztu zuten Hormek diote egitasmoko bigarren fasea, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ihintza Elustondo -

2016ko otsailak 25 - Donostia

Bost mural margotu dituzte Donostia aldeko hormetan. Hiru Donostian, bat Pasaian eta bestea Errenterian. Donostia 2016ren Bakearen Itsasargiak eta Ereiten Kultur Zerbitzuak joan den urrian jarri zuten abian Hormek diote egitasmoa. Harresiak oztopo diren gizartean, hormak bizikidetzaren ikur bihurtzea da asmoa. Bost artistak bost mural margotzea zen proiektuaren abiapuntua, eta, behin lehen fasea amaituta, iritsi da bigarrena. Mural horien mapa fisikoa aurkeztu dute, eta zenbait tailer antolatu dituzte kaleko artearen inguruan.

«Ez dugu nahi muralak eta kale artearen inguruko hausnarketa paretetan soilik geratzea», azaldu du Koldo Almandoz egitasmoaren koordinatzaileak. «Proiektu kritikoa eta autokritikoa da; ez du apaintzeko helburua soilik». Kalean sortzen den artearen inguruan gogoeta piztu nahi dute, «halako ekintzak ondo hartu ez diren hiri batean».

Proiektua herritarrengana hurbiltzeko, muralak bisitatzea xede duen ibilbide bat proposatu dute. Ohiko zirkuituetatik at dago bide hori, eta, hala, Donostia eta inguruen ikuspegi berri bat eman nahi dute. Mapa bat kaleratu dute horretarako: besteak beste, muralen argazkiak, egilearen inguruko informazioa eta kokapena jaso dituzte. Oraingoz, Donostia 2016ren egoitzan eta kultur etxeetan eskura daiteke mapa. Bisita gidatuak antolatzeko asmoa ere badute, egunik zehaztu ez badute ere.

Gogoeta pizteko tailerrak

Horrez gain, martxoaren 2tik 12ra askotariko tailerrak antolatu dituzte. Ekitaldiei hasiera emateko, BYG artista kolektiboak mural bat margotuko du. Handik bi egunera, Kontadores zentroan collage tailer bat egingo dute, eta kolektibo berak parte hartuko du han ere. Gazteek kale artearen inguruan gogoeta egitea da saioaren helburua, eta parte hartzeko martxoren 3a baino lehen eman behar da izena zentroaren webgunean.

Iñigo Salaberria artistak eta Las Chicas de Pasaik kolektiboak bideomural bana sortu dute, Donostia 2016ren enkarguz. Salaberria hamasei auzotan grabatzen hasi zen, zer aurkituko zuen jakin gabe, eta ohartu zen bi gai gailentzen zirela gizartean: genero indarkeria eta Euskal Herriko gatazka politikoa. Hainbat irratsaio ere entzun ditu lana egiteko. Bestelakoa da Las Chicas de Pasaik taldeko Maria Elorzak eta Maider Fernandezek sortutako ikus-entzunezkoa. Espazio publikoaren eta pribatuaren arteko muga gisa irudikatu dituzte hormak, eta gai hori emakume izaerarekin lotu dute. Lehen aldiz ikusi ahal izango dira bi lan horiek martxoaren 5ean Tabakaleran, Blu grafiti egilearen film labur batekin batera.

Egun eta toki berean omenduko dute Keywan Karimi zinemagile kurdua. Writing on the City filma egiteagatik urtebeteko kartzela zigorra jarri diote Iranen, eta 223 zigorkada jasotzera kondenatu. Hari elkartasuna adierazteko, 223 words film laburra sortu dute nazioarteko hainbat zuzendarik, Ikuspuntu jaialdiak ekoitzita. Bi filmak proiektatuko dituzte zinemagileari elkartasuna adierazteko antolatu duten saioan.

Xabier Gantzarainek Arteak kale egiten duenean hitzaldia emango du Garoa liburu dendan, artearen eta bizitzaren arteko harreman gatazkatsuaren inguruan. Hark azaldu duenez, kultur politikari buruz hitz egiteko gogoa du. «Hobe da, beharbada, arteak kale egitea, ez egitea baino».

Planetak dantzan haurrentzako tailerra izango da ekintzei amaiera emango diena. Judas Arrieta artistak gidatuko du saioa, eta identitatearen inguruan ikertzea da xedea. Horretarako, haur bakoitzak planeta bat margotuko du lurrean klerarekin, bere mundua irudikatuko du, eta, gero, mundu horiek bisitatuko dituzte denen artean. «Mundu ezberdinen artean harmonia bat egon daitekeela erakutsi nahi diet».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nerea Ibarzabal kantuan, bertsokideak atzean dituela. ©BOB EDME

Lehoiaren ahoan sartu du burua

Miren Mujika Telleria

Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionako saioa, eta, lehen itzuliko puntuak batuta, ia ziurtatua du Iruñerako sailkatzea. Datorren astean argituko da nortzuk ariko diren finalean
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
'Bilketa.eus' atariko pantaila irudi batzuk ©BERRIA

Artxiboetan barna sartzeko

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Baionako mediatekak zutik eman 'Bilketa.eus' ataria berritu dute. 26.000 dokumentu biltzen ditu digitalizaturik, eta ikerketa bide berriak eskaintzen ditu. Bilatu nahi den hitz oro kausi daiteke edozein dokumentutan. Liburu zaharrak, ikonografiak, prentsa zaharra… denetarik atzeman daiteke.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ihintza Elustondo

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...