Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Andrerik gabeko nazioarteko egun historikoa xede, bat eginda

Publizitatea

Gizartea

Andrerik gabeko nazioarteko egun historikoa xede, bat eginda

Gutxienez 50 herrialdetako andreek planto egingo dute gaur, Argentinako Ni Una Menos eta AEBetako Women's March taldeek deituta
Iaz, urriaren 19an, Argentinan egin zuten <em>Asteazken beltza</em> greba nazionaleko irudi bat.
Argazkia: DAVID FERNANDEZ / EFE

2017-03-08 / Maialen Unanue

Emakumerik Gabeko Eguna bihurtu asmo dute gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna: gutxienez 50 herrialdetako mugimenduek bat egin dute emakumeen grebarako nazioarteko deialdiarekin. Azken asteetan atxikimenduak azkar joan dira gehituz bata bestearen atzetik. Andreek egindako lanari balioa eman nahi diote, baina ez hori bakarrik; haiei zuzenean eragiten dieten azken gertaera eta erabaki politikoek mobilizatu dituzte.

«Gure lanak balio ez badu, ekoitz dezatela gu gabe». Horixe da Argentinako Ni Una Menos taldeak planteatutako premisa. Greba orokorra baliatuko dute, beraz, emakume izateagatik lan munduan jasaten dituzten desberdintasunak salatzeko: «Greba honekin ordaindu gabeko etxeko lana ikusarazi nahi dugu, eta salatu nahi dugu lan berdinengatik emakumeek, batez beste, %30 gutxiago kobratzen dugula». Andreak baldintza horietan ariarazteak bermatzen du sistema kapitalista, haien esanetan: «Etxean egindako lanak ikusezin eta merkatuan debaluatuta, emakumeok eusten dugu munduan ekonomia kapitalista».

Ni Una Menos taldea izan da, hain zuzen, hazia erein duen taldeetako bat. 2015etik ari da lanean, baina iazko urriaren 19an deitutako Asteazken beltzak jarri zuen mugarria. Indarkeria matxistak gogor jo ditu Argentinako emakumeak ?urtean 200dik gora hildako?: egun horretan, hain justu, Lucia Perezen hilketak aterarazi zituen kalera; 16 urte zituen, eta modu basatian hil zuten.

Emakumeen greba nazional horren ostean jarri ziren kontaktuan Poloniako eta Koreako lagunekin, nazioarteko artikulazioa martxan jartzeko xedez. Polonian, hain zuzen, hilabete horretan bertan manifestazio jendetsua egin zuten, eta abortuaren legea gogortzea saihestu ?lehendik ere Europako Batasuneko estatuen artean hangoa zen abortuari buruzko legerik gogorrena.

Andreak jomugan

AEBetan, emakumeen ?eta hainbat kolektiboren? aurkako jarrera erakutsi duen Donald Trumpek presidente kargua lortu izanak sortu du Women's March mugimendu jendetsua: Vietnamgo gerratik egindako handiena izan zela zabaldu zen, 500.000 lagunen parte hartzearekin. %99aren Feminismoa izendatu dute mundu osoan sortutako olatua, eskubide sozialak aldarrikatuz, kapitalismotik urrunduz, eta Occupy Wall Street-en protesten sinbologia bere eginez.

Errusian oso bestelakoa da egoera. Indarkeria matxista zigorgabe uzteko pausoak ematen hasi da parlamentua: familia barruko senideak edo emaztea urtean behin jotzeak ez du zigorrik izango. Senitarteko bera edo emaztea urtebetean bigarrenez jotakoan izango dute auzitara jotzeko aukera biktimek. Baina eraso egin diotenak bildu beharko ditu erasoa erakusten duten probak, estatuak ez duelako ofizioz jardungo kasu horietan. 12.000-14.000 andre artean hiltzen dituzte urtero, Barne ministerioaren arabera: 2008ko datuak dira, ordutik ezkutatu egin baitu zenbatekoa, nazioarteko zenbait erakundek hainbatetan eskatu arren.

Gaurko nazioarteko plantoak 1975an Islandiako andreek egin zutena du erreferentzia; urte hartako urriaren 24an, 25.000 emakume baino gehiago atera ziren kalera, Red Stockings mugimenduak (Galtzerdi gorriak) deitutako Emakumeen Egun Librearekin bat eginda.

Publizitatea

Sortu kontua
Maialen Unanue Maialen Unanue

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak