Albistea entzun

ANALISIA

Zubigintza ulertzeko moduak

Ainhoa Sarasola -

2016ko urtarrilak 26

Ikusgarria, hunkigarria eta ahaztezina hitzak erabili zituzten sustatzaileek Elkarbizitzaren zubia ikuskizuna iragartzeko. Ikusmin handia sortu zuten aurreko egunetatik; 50.000 lagun espero zituztela esanez egin zieten hurbiltzeko deia herritarrei. Parte hartzaile zuzenak, protagonistak izango zirela esanez. Ikusmina, ordea, desilusio bihurtu zen Maria Kristina zubiaren inguruetan bildutakoen artean. Gehienek ez zuten zer gertatzen ari zen ongi entzuteko ez ikusteko modurik izan, eta are gutxiago parte hartzekorik —zuzenean ekitaldian jardun zuten mila herritarrek salbu—. Bukaeran, zubia zeharkatzeko aukera eman zitzaien, baina ekitaldia amaitu zenik ere ez zuten ulertu gehienek. Dezepzio aurpegi ugari ikus zitezkeen ekitaldia bukatu aurretik alde egin ez zutenen artean. Eta kritika zaparrada etorri zen gero, sare sozialak lekuko. Haserre ere baziren asko, batez ere ikuskizunak 660.000 euroko kostua izan zuela jakinda.

Kontu eskeak etorri dira gero, eta arduradunek ere aitortu behar izan dute ekitaldiak ez zuela eman «espero zena». Nork bere modura egin du hori, ordea. Eta autokritikarik apenas entzun den. Hansel Cereza bera egin dute askok erantzule nagusi, haren ardura izan baitzen Elkarbizitzaren zubia diseinatzea. Ziurrenik, donostiarrei buruz esan dituenek —ez daudela proposamen berritzaileak hartzeko prest, su festak baino ez dituztela gogoko...— ez dituzte baretuko haren aurkako kritikak. Hark esan zuen milaka lagun hunkitzea zuela helburu, eta agerikoa da ez duela lortu. Baina autokritikarik ez.

Eta ezta arduradun politikoen ahotan ere. Inork ez baitu oraindik azaldu zergatik erabaki zuen fundazioak —hots, instituzio publikoek— halako aurrekontu mardula zuen egitasmo bat Cerezari zuzenean agintzea, deialdi publikorik egin gabe. Inork ez du azaldu zergatik hobetsi zen hautu hori, hemengo sortzaileen aldeko apustua egin beharrean, hiriburutzaren asmoetako bat horixe sustatzea dela errepikatzen denean. Kulturgintzako eragileen artean —eta eragile horien zein proiektuaren artean— zubigintza egiteko aukera ona izan zitekeen.

Aldi berean, inaugurazioaren inguruko beste 80tik gora ekitaldietan jende andanak parte hartu zuen, eta iritzi baikorrak nagusitu dira antolatutako kontzertu, erakusketa, literatur errezital eta abarren inguruan. Xumeak eta formatu txikiagokoak gehienak. Jendea kalera atera zen, bai; kontuan hartu behar litzateke zerk asebete zuen eta zerk ez.

Bide luzea du oraindik hiriburutzak, aurretik 11 hilabete dituela eta utzi nahi duen legatua kontuan hartuta. Irakaspenik atera ote duen, denborak esango du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eñaut Zubizarreta musikaria, atzo, Ahotsenea gunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Iñigo Astiz

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.

Ibai Aizpuruari beka emateko agerraldia. Ezker eskuin, Nerea Mujika, Ima Garrastatxu, Aizpurua eta Lorea Arakistain. ©Durangoko Azoka

‘Barraka’ euskarazko abentura bideo jokoak irabazi du Durangoko Azokako laugarren sormen beka

Ainhoa Sarasola

Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak eskuratu du 15.000 euroko laguntza, urtebeteko epean bere proiektua garatzeko. Heldu den urteko azokan aurkeztuko du emaitza.

 ©LARA MADINABEITIA / BERRIA

«Sortzailea hari honetan alderik makalena da, maiz zaintzen ez dena»

Andoni Imaz

Lagunak dira Morales eta Landabaso; biak Bilbotik etorri dira Durangora. Morales saltzera etorri zen lehenengoz, eta Landabaso, umea zela. Urte osoan erosten ez dituzten bitxikerien bila etortzen dira gaur egun.

Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Heldu bilakatzearen konkista

Itziar Ugarte Irizar

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.