Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Haurdunaldi subrogatuari buruz eztabaida piztu nahi dute

Publizitatea

Gizartea

Haurdunaldi subrogatuari buruz eztabaida piztu nahi dute

Haurdunaldi Subrogatuaren Aldeko Elkarteak sinadurak bildu nahi ditu ugalketa teknika hori legeztatzeko. Jaialdia egingo dute Santurtzin

2015-03-04 / Gotzon Hermosilla

Legea aldatu nahi dute. Eta hori bezain garrantzitsua, gizartean eztabaida piztu eta ernaltze modu horren inguruan igartzen dituzten «mespretxu, ezjakintasun eta mezu negatiboei» buru egin nahi diete, atzean dagoen «eskuzabaltasuna eta maitatzeko gaitasuna» nabarmenduz.

Haurdunaldi Subrogatuaren Aldeko Elkarteak agerraldia egin zuen atzo Santurtzin (Bizkaia), eta iragarri zuen sinadurak bildu nahi dituztela herri ekinaldi legegilea aurkeztu ahal izateko. Ernaltze sistema hori legeztatzea dute azken xedea.

Lagundutako ugalketa teknika da haurdunaldi subrogatua, hainbat herrialdetan legezkoa dena eta beste askotan, Espainiako Estatuan esaterako, legez kanpo dagoena.

Beste baten uteroan

Beste zenbait sistematan bezala, enbrioia in vitro lortzen da bikotekideen zein emaileen hazia eta obuluak erabilita, baina gero enbrioia beste emakume baten uteroan garatzen da erditzea iritsi arte.

Horregatik, bide horretara jo dezakete uteroa osorik edo partzialki galdu duten emakumeek, bai eta bestelako gaixotasunen bat tarteko —bihotzeko arazoak, minbizi mota batzuk eta abar— haurdun gelditzeak emakumearen bizia arriskuan jar dezakeenean ere. «Gainera, bikotekiderik gabeko gizonezkoek eta bikote homosexualek seme-alabak edukitzea ahalbidetzen duen teknika bakarra da», esan du elkarteko eledun Vanessa de Leonek.

Sabelordekoak edo alokairuko sabelak esamoldeak erabili ohi dira lagundutako ugalketa teknika hori izendatzeko. Haurdunaldi subrogatuaren aldeko elkartekoek ez dituzte oso gogoko esamolde horiek: «Ez da gure asmoa pertsonak alokatzea, ezta pertsonak merkantzia bilakatzea ere», esan du De Leonek.

Dioenez, haurdun geratzeko uteroa eskaintzen duen emakumeari diru sari bat ematen diote, «hazia edo obuluak ematen dituztenei edo botika berrien emaitzak probatzeko euren burua eskaintzen dutenei ematen dieten bezala».

Haren esanetan, hazian gabeziaren bat duten gizonezkoek eta obuluetan arazoak dituzten emakumeek badituzte zenbait teknika umeak izan ahal izateko; haien aldean, «diskriminatuta» daude uteroan arazoak dituzten emakumeek. «Legeztatuz gero, eta ongi arautzen bada, haurdunaldi subrogatuak bikote askoren arazoa konpon dezake».

Gaur egun, lagundutako ugalketa teknika hori erabili nahi duten bikoteek kanpora jo behar dute; AEB Ameriketako Estatu Batuetara batez ere —han 30 urte daramatzate teknika hori erabiltzen—, baina baita beste herrialde batzuetara ere, Mexikora eta Ukrainara, esaterako.

Hala ere, bidea ez da samurra. Lehenengo oztopoa ekonomikoa izaten da; Haurdunaldi Subrogatuaren Aldeko Elkartearen arabera, teknika hori erabiltzeko AEBetara jotzea ehun mila euro inguru kostatzen da.

«Jende askok uste du ehun mila euro horiek uteroa eskaintzen duen emakumearentzat direla, baina hori ez da horrela», azaldu du De Leonek. «AEBetan osasun zerbitzuak oso garestiak dira. Inkubagailua erabili behar bada, hori 5.000 euro kostatzen da eguneko. Abokatuen lana ordaindu behar da, itzultzaileena, eta abar». Gainera, umea Euskal Herrira ekartzean ere problemak egon daitezke hura erroldatzeko.

Arazoak arazo, haurdunaldi subrogatua «errealitate bat» da, elkarteko kideen esanetan. Diotenez, urtero ume gehiago sartzen da Euskal Herrira sistema horren bidez, nazioarteko adopzioaren bitartez baino. «Hamar pertsonatik hiruk ezin dute umerik izan», ohartarazi du De Leonek. «Eta edozeini gertatu ahal zaio gaixotasun baten ondorioz umeak izateko aukerarik gabe gelditzea. Etorkizunean, jende askok izan dezake horren beharra. Horregatik, pentsatzen dugu garrantzitsua dela gizartean horren inguruan eztabaida piztea».

Jaialdia Santurtzin

Haurdunaldi Subrogatuaren Aldeko Elkarteak jaialdi bat antolatuko du ostiralean, martxoak 6, Santurtziko BeCool aretoan, 20:30ean. Santurtzi izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haurdunaldi subrogatuaren aldeko mozioa onartu duen lehen udalerria.

Magia ikuskizuna eta oparien zozketa egiteaz gain, haurdunaldi subrogatuaren inguruko informazioa banatuko dute. Elkarterako diru baliabideak eskuratzeaz aparte, xedeak eta eskakizunak plazaratzea dute helburu.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak