Arrauna. Kontxako Bandera
Hibaika, Zumaia, Orio eta San Juan lehiatuko dira banderaren bila
Orio lehen aldiz ariko da Kontxako banderan, eta Galiziak aurrenekoz ez du ordezkaririk sartu

Kutsu historikoa hartu zuen atzo Kontxara sailkatzeko emakumezkoen estropadak. Izan ere, aurreneko aldiz, Euskal Herrikoak izango dira lehian ariko diren lau ontziak; eta zehazten hasita, gipuzkoarrak: Hibaika, Zumaia, Orio eta San Juan. Datu horri tiraka, beste bi nabarmendu behar dira, kutsu historikoarena indartzeko: Orio lehen aldiz sailkatu da, eta Galiziak aurrenekoz ez du ordezkaririk izango Donostiako estropadan.
Estu joan zen erlojuaren aurkako lehia. Azken estropadetan ikusi zen Hibaika, Zumaia eta San Juan ez daudela oso aparte, eta atzo berretsi egin zuten hori. Ezustea, eta handia gainera, Oriok eman zuen, hiru onenen artean sartuz, San Juanen aurretik. Lan ona egiten ari zen azkenaldian, eta Euskotren ligatik kanpo geratu eta gero, bikain egin dute lan zaila: Kontxarako serio demonio prestatzea.
Erlojuaren aurkakoa izanik atzoko estropada, denborek eta erreferentziek egundoko garrantzia izan zuten, eta are gehiago, gauzak hain estu joanda. Hori hala izanik, barkaezina da Meirak irteeran egin zuen hutsa: patroiak garaia baino lehen utzi zuen estatxa, eta horrek hamar segundoko zigorra ekarri zion. Zigorrik gabe ere ez zen sartuko, baina San Juanengandik segundo eskasera amaituko zuen. Datu horrek agerian uzten du denboraldian zehar arrastaka ibili den taldea ez baina, beste Meira bat izan zela atzokoa. Galiziarrek indartu egin dute taldea Kontxarako, baina gaizki atera zaie apustua.
Denborak hartuta, kanpoko balizakoak izan ziren lehen erreferentziak, eta Zumaia izan zen azkarrena. Elkarren gainean ziren, hala ere, bost ontziak, Meiraren zigorra kontuan hartu gabe. Azkeneko luzean erabaki behar zuten dena, eta Hibaika izan zen onena hor, lehen sailkatua izan zelako azkenean. Zumaia sartu zen bigarren, segundo batera ere heldu ez zen atzerapenarekin, eta bost segundo gehiago behar izan zituzten Oriok eta San Juanek.
Lauretatik, garaile bakarra
Galiziako ordezkaritza kanpoan geratzean, igandeko lau ontzien artean bakarra da Kontxan garaile: Zumaia, iaz. Ez dago erraza aurten zer gertatuko den asmatzen hastea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.