Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna

Badaukate etxeko lanik

EAJk zail du eskumenen eremua, eta EAEko estatus berria luke helduleku. EH Bilduk gora egiteko formula topatzea du helburu; Elkarrekin Ahal Dugu-k, lehendakarigaia. Nafarroako aldaketa, jokoan
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua, 2013an, Moncloan.
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua, 2013an, Moncloan. J. M. ESPINOSA / EFE

Enekoitz Esnaola -

2016ko ekainak 28

PPk lehen baino bide zabalagoa du Espainiako Estatuan agintzen jarraitzeko, Gorteetarako igandeko hauteskundeetan ikusi zenez. Joan den abenduan bezala, boto gehien jasotako indarra izan da, bigarrenarekiko aldea handituta. Kongresurako bozei erreparatuz gero, PPk 6,7 punturen aldea atera zion PSOEri duela urte erdi bat, eta orain, 10,4rena; bototan, abenduan 1,7 milioi botoren aldea egon zen bien artean, eta, orain, 2,5 milioirena; eta diputatuetan, lehen 33rena, eta, orain, 52rena. Garaipen eztabaidaezina Mariano Rajoy PPko presidentegaiarena. Harrigarria litzateke PPk ez segitzea Moncloan. Gainera, bipartidismoa ez da bukatu, bigarren postuan oraindik ere PSOE baitago, sekula baino ahulago dagoen arren. Estatuko sistemari eusten dioten alderdiak dira PP eta biak, eta Unidos Podemosek ezin izan du haien artean burua sartu. Egoera hori izanda, zein da alderdi abertzaleen egitekoa Madrilen? Edo hara begira? Eta, batik bat, etxean bertan? Zein da aldaketak sustatu —nahi— dituztenen egoera? Badute etxeko lanik abertzaleek eta Elkarrekin Ahal Dugu-k.

EAJ

Estatus politiko berria

EAJk jokorako aukerarik gabe segituko du Madrilen, antza. Normalki hura izanik Jaurlaritzako maizterra, haren bidez lortu izan dira EAErako eskumenak. Baina 2011tik ez du batere jaso Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erkidegoak —EAJ 2012tik dago Jaurlaritzan atzera berriz ere—, eta Espainiako 2020ra arteko legealdiak ez du bestelako egoera bat marrazten. 2000-2008 aldian ere eskumenik jaso gabe geratu zen EAE. Oraingo lehortea bederatzi urtera luza daiteke, Gernikako Estatutuaren balioa hustuta geratzeraino. Gainera, estatuaren judizializazio estrategia gaurko eskumenak zulatzen ari da.

Egoera hori kontuan hartuz, EAJk 2012an Eusko Legebiltzarrerako kanpainan aldarrikatu zuen «estatus politiko berria» behar duela EAEk. «Jauzi bat eman nahi du EAJk. Ez gara hasiko autogobernua zuritzen. Erabakitzeko eskubidearen bermea izatea da jauzia ematea», esan izan du Joseba Egibar GBBko buruak. Legealdi honetan estatus politiko berriaz galdeketa egingo zela hitzeman zuen EAJk; hark irabazi zituen bozak, Jaurlaritzan jarri zen, baina ez da galdeketarik egingo. Madrilekin konfrontaziorik izaten ere ez da saiatu Jaurlaritzak, eta, nolabait, aitortu du menpeko egoera batean dagoela —«folioa Madrildik idatzita heltzen da, eta gure sistemak, gehienez, espazio zuri batzuk betetzeko aukera ematen digu», Josu Erkoreka bozeramailea, 2014—.

Baina igandeko emaitzek erakusten dute EAJ berriro nahikoa leku onean helduko dela EAEko hauteskundeetara. Azken urteetako bozetako datuei begiratuz ere ikusten da beti goian egon ohi dela, erregularrena dela. Kasurako, 2008ko Kongresurako hauteskundeetan, PSOEren erauntsian, botoen %27 lortu zituen erkidegoan (sei diputatu); 2011n Amaiurrenean ere, %27 (bost aulki); eta iaz eta orain, Ahal Dugu-ren eta haren lagunak oso indartsu azaltzean, ia %25 (sei eta bost diputatu). Izaera desberdineko hauteskundeetan frogatu du EAJk zoru handia duela EAEn, eta ia beti izan da alderdi nagusia. Datu gehiago: Eusko Legebiltzarrerako bozetan, 2009. urtean, %38 (399.000 boto, 30 aulki), eta, duela lau urte, Amaiur indartsu sartu zenean, %34 (384.000 boto, 27 aulki). Batzar Nagusietan, 2011n, %31 eta 49 aulki, eta, iaz, %33 eta 54 aulki. Europakoetan, 2009an, %28, eta 2014an, %27.

Jaurlaritzan jarraitzeko helburua izateaz gain, EAJk badu beste egiteko handi bat: hitza bete eta EAEk estatus politikoa onartzea. Beste eragile batzuekin adostu beharko luke, hots, Euskal Herria aintzat hartzen dutenekin. EAJren beste aukera bat da Madrilgo indar harremanak aldatu arte zain egotea, eta, zorterik badu, unean uneko akordioak lortzea.

EH BILDU

Nortasun osagaiak

Nora ezean bezala agertu da EH Bildu azkenaldian: abenduko bozetan, erabakitzeko eskubidea zeukan aldarri nagusi, eta, orain, alor soziala. Orduan, asko jaitsi zen —Amaiurren tsunamitik zetorrela kontuan hartu behar da—, baina, duela urte erditik, milaka boto galdu ditu berriro: 35.000. Iaz, udal eta foru bozetan ere galera izan zuen; Gipuzkoan batik bat. Eta, udazkenean, EAEko bozak. Zer aldarriri helduko dio? Arnaldo Otegi lehendakarigaiak dio hiru «erreskate» daudela egiteko: soziala, nazionala eta gatazkaren ondorioena —presoena...—.

Ezker abertzaleak, historian, gatazka konpontzeko saio edo garaietan lortu ditu emaitzarik onenak. Aljerko negoziazioen eta haren prestaketa aldian (1987-1989), EAEko zenbait bozetan, HB %17-19 artean ibili zen; apalago Nafarroan. Lizarra-Garazin (1998-1999), EAEn, EH %18-20 artean ibili zen; Nafarroan, %16an. Eta ETAren jarduera armatua bukatu zen sasoian (2011-2012), Bildu-Amaiur-EH Bildu %24-26 artean EAEn, eta %13-14an Nafarroan —hasieran, Aralar gabe—.

ETAren jarduera armatua ofizialki bukatuta dago duela bost urtetik, baina gatazkaren ondorioek hor diraute: ia 400 euskal preso daude, ETA armagabetu gabe... Sortuk «urrats berriak» eta «ausardia» eskatu dizkie EPPK-ko kideei. Bururaino garatzeke dagoen auzi bat da, ETAren armagabetzearena bezala. Ez daude erabat ezker abertzalearen esku, baina hark badu zereginik eta erantzukizunik. Horrez gain, «prozesu independentista eraldatzailea» abian jarri nahi duela esan du. Ezker abertzalearen eremu soziologikoaren nortasun osagaiak dira haiek, nerbio bat ematen diotenak mugimenduari. Emaitzak hobetzen hasteko premia du EH Bilduk, eta garrantzia du haren estrategia hautuak.

ELKARREKIN AHAL DUGU

Lehendakarigai bila

Ez dute iragarri oraindik, baina oso litekeena Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere batera aurkeztea. Igandean, haien koalizio Elkarrekin Ahal Dugu izan zen EAEko lehen indarra, botoetan ez ezik diputatuetan ere bai oraingoan: %29ko babesa. Bizkaian, EAJri berari aurrea hartuta. Datu garrantzitsuak dira. Udazkenean zenbateraino eutsiko dion, horixe dago ikusteko. Aurretik badu etxeko lanik. Batetik, lehendakarigaia aurkitzea. Garbiñe Biurrun epaileak ezezkoa eman zion, baita Iñigo Lamarca ararteko ohiak ere. Beste zeregina: programa sendo bat osatzea, euskal osagai jakin batzuen argibideekin. Bustitzea tokatuko zaio. Eroso bizi da Madrilgo zuzendaritzaren anparoan. Baliteke haren laguntza esanguratsua izatea EAEko bozetan.

NAFARROA

Aldaketa, zintzilik?

UPN-PPk beste abisu bat eman du: berriz ere Nafarroako lehen indarra. Abenduan %28,9, herenegun %31,8. 2019ko foru bozak dituzte buruan: aurrekoan ez bezala, batera aurkeztu, iaz gertatutako aldaketari buelta emateko. Gainera, PSN orain igo egin da —ia bi puntu—, eta Ciudadanosek boto poltsa polita erdietsi du: 20.300, %6. Foru bozak desberdinak dira, baina unionistak ez daude ahul. Aldaketaren indarrek badute zer pentsatua: programan azeleragailua zapaldu ala ez, foru hobekuntza egokitzeko proiektua lozorrotik atera edo ez, nola egonkortu edo sendotu aldaketa. Abenduan, Senaturako hautagaitza bateratua ez zuten ongi kudeatu, eta orain ere ez dute itxura onik eskaini elkarren arteko hautagaitzaren lanketan. Kohesioa eta akzioa indartze aldera, Elkarrekin Ahal Dugu-k eta EH Bilduk ez ote dute parte hartze zuzenagoa eduki behar Uxue Barkosen (Geroa Bai) gobernuan?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

«Batek daki zein izango den bilakaera datozen hilabeteetan»

Igor Susaeta

Aurrekontuak egotea «garrantzitsua» dela uste du, baina legegintzaldiari egonkortasun «makal bat» emango diotelakoan dago. «Mugimenduen arabera, gauzak asko alda daitezke».
1 ©EZEZAGUNA / EZEZAGUNA

BUELTAN ETORRI ZITZAION

Gotzon Hermosilla - Iñaki Petxarroman

Duela 50 urte, frankismoak epaitegi militar baten aurrera eraman zituen hamasei euskal ekintzaile, eta heriotza zigorra eskatu zuen haietako seirentzat. Epai zentzagarria eman nahi zuen erregimenak, baina kontrakoa lortu zuen: herritarren protestek eta nazioarteko elkartasunak ataka estuan jarri zuten diktadura.

«Batez ere, inpunitatea izaten zen gogorrena»

Gotzon Hermosilla

Roberto Perez Jauregi gazte eibartarra hilik suertatu zen Burgosko Prozesuaren kontrako protestetan. Haren lagun eta burkide izandako Begoña Vesgak dioenez, urte askoan «ahaztutako biktima» izan da.

Askotariko bideen abiapuntua

Iñaki Petxarroman

Burgosko Prozesua igaro ostean, auzipetuek hainbat ikuspegi eta lekutatik bizi izan dituzte Euskal Herriaren egoera politikoaren nondik norakoak. Askotan, kide izandakoak ideologikoki erpin ezberdinetara urrundu ziren. Hona hemen haien ibilbideak, laburtuta.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna