Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Belaunaldi berria, informazio eske

Publizitatea

Politika

Belaunaldi berria, informazio eske

Bakearen eta bizikidetzaren inguruan galdetu diete unibertsitateko ikasleei. Horiek indarkeriaren gaitzespena eta informazio gehiagoren beharra azpimarratzen dituzte. Izan ere, gazteen ia erdiek ez dituzte, esate baterako, Blancoren heriotza eta Lasa eta Zabalaren kasua ezagutzen.
Unibertsitateko ikasle bat, azterketa bat egiten.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-09-14 / Iosu Alberdi

Unibertsitateko gazteek 1960tik 2010era Euskal Herrian izaniko giza eskubideen urraketen inguruan duten jakintza maila eta iritzia aztertu dituzte, «lehen hurbilketa bat» eginez. Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe institutua arduratu da ikerketaz, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak eskatuta.

Guztira EHUko, Mondragon eta Deustuko unibertsitateetako mila ikasle inguruk hartu dute parte, guztiak hezkuntzako eta gizarte zientzietako graduetako lehen mailako ikasleak. Beraz, galdetegia bete zuten gehienek 18 urte zituzten momentu hartan, 13 urte 2011n ETAk behin betiko ekintza armatuak utzi zituenean. Ikertzaileentzat, beharrezkoa da gazteek pentsatzen dutena jakitea, «ikasle horientzako ekintza zehatzak prestatzeko».

Galdetegian parte hartu dutenek «bakea eta bizikidetza» ez dute giza eskubideei lotuta gehien kezkatzen dituzten errealitateen artean kokatzen. Hamar aukerako zerrendatik zortzigarrena da, ikasleen %7k hautatua. Genero indarkeria (%72) eta munduko pobrezia (%65) dira urraketa kezkagarrienak eurentzat. Halere, ikertzaileek ondorioztatu dutenez «interes pertsonal handia» dute gaiaren inguruan. «Euskadin bizi izan den terrorismoari eta indarkeriaren erabilerari» lotutako gaien inguruan, hamar ikasletik seik adierazi dute interes handia edo oso handia dutela —%87,6ra igotzen da nolabaiteko interesa dutenak gehituta—.

Interes horren emaitza da gazteek «bakearen eta bizikidetzarekin lotutako jardueretan» duten parte hartze maila. «Urte zailenetako zuzeneko protagonista izan ez arren, egungo eta etorkizuneko gizartean zeresana dute», diote ikertzaileek. Inkestatuen erdiek parte hartu dute «bakeari eta bizikidetzari» lotutako jardueraren batean. Eta ia %60 prest dago etorkizunean jarduera horietan parte hartzeko. Ikasleen ustez, historiari buruzko on line prestakuntza da gazte gehien erakarriko lukeen jarduera (%85). Atzetik daude manifestazioak (%49), Interneten sinadurak biltzea (%45) eta gazteekin gogoeta saioak egitea (%39). Gazteek giza eskubideekiko «erabateko konpromisoa» dutela erakusten dute datu horiek, ikerketaren arduradunen arabera: «Ez dira axolagabe azaltzen».

Halere, belaunaldi «eten» bat badela ondorioztatu dute ikerketan. Gazteen erdiek baino gehiagok (%53) diote euren gurasoek beraiek baino interes handiagoa dutela gai horretan.

Azken bost hamarkadetan gertatutakoaren inguruan gazteek ez dute informazio asko: batetik bosterako eskalan, ikasleen bostetik lauk erdialdean (2-3) kokatzen dute euren jakituria maila. Informazio hori hiru iturritatik jasotzen dute nagusiki: hedabideak, familia eta sareak. Familiaren kasuan, eragina «handia edo oso handia» da hamar gaztetik seirentzat. Ikastetxearen garrantziaz galdetzean, ordea, erantzunak era guztietakoak dira. Erdiek diote eragina «txikia edo oso txikia» dela, «handia edo oso handia» dela dioten %44ren aldean. Nolanahi ere, gazteak orokorrean ez daude asebeteta jasotako informazioarekin: hamarretik sei ez dago gustura edo batere gustura. Oso gustura daudenak %2 besterik ez dira.

Nor zen Blanco?

Jakituria maila neurtzeko azken hamarkadetako hainbat gertaeraren inguruan galdetu zaie, inkestatuen gehiengoa jaio aurretik jazoak. Galdetegiaren zati horretan, gazteen «zalantza edo ezjakintasun» maila nabarmendu da. Izan ere, ikasleen erdiek ez dute informazio nahiko 1987ko Hipercorreko atentatua zer izan zen identifikatzeko. Galdetuen %44 da galdera zuzen erantzuteko gai. Lasa eta Zabalaren kasua zertxobait ezagunagoa da gazteentzat, eta %54k erantzun dute zuzen: «GALek bahitu, torturatu eta hil zituen bi pertsonaren kasua».

GAL zer izan zen ere galdetu zaie ikasleei, eta %55ek jakin dute zuzen erantzuten: «ETAren eta ezker abertzalearen kontra atentatuak egiten zituen talde parapoliziala». Hamarretik lauk, ordea, ez dakite zer izan zen. Horiez gain, «Francoren kontra borroka egin zuen talde bat» edo «ETAren barruko adar bat» aukeren alde egin dute %7k.

Aurten hogei urte bete dira Ermuko PPren zinegotzi Miguel Angel Blancoren heriotzatik, eta hedabideetan sona izan du urteurrenak. Galdetegia bete duten ikasleen artean, ordea, %53k bakarrik ezagutzen dute kasua. Hamarretik lauk «ez dakite» zer gertatu zitzaion, eta %7k «ETAk bahitu eta hil» izana ukatu dute.

Indarkeriaren gaitzespena

Ikasleek terrorismoaren eta indarkeriaren inguruan duten diskurtsoan sakontzean, arazo politiko eta sozialen kontra indarkeria erabiltzearen aurka daudela ondorioztatu dute ikertzaileek: «Konpromiso maila handia erakusten dute giza duintasunarekin, eta indarkeriaren gaitzespena nabaria da».

Hamarretik bederatzirentzat, «inongo proiektu politiko ez da pertsona baten bizitzeko eskubidea baino garrantzitsuago». Bestalde, galdetuen %2k baino ez dute alderantziz pentsatzen. Antzekoak dira emaitzak pertsonen duintasunaren aurka egiten duten indarkeria ekintzak baztertzearen inguruan, %86 guztiz edo nahiko ados baitaude.

Ikerketaren arabera, hamar ikasletik zortzi ETAren indarkeriaren guztiz edo nahiko kontra daude. Hamarretik bat dago «ez oso kontra», eta galdetuen %2 dago alde. Egungo egoeraren inguruan, erantzunak banatuago daude. Ikasleen %49k uste dute gaur egun «Euskadin bake egoeran» bizi dela, eta %47 baieztapen horrekin ez oso ados edo desados daude. Horrekin lotuta, ikasleen erdiak ez dira aske sentitzen «Euskadin bizi izan den terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen aurrean» pentsatzen duena esateko.

Egun eztabaidagai den «terrorismoaren aurkako borrokan» estatuak izan beharreko jarreraz galdetu zaie ikasleei. Eta kasu horietan estatuak «pertsonen oinarrizko eskubideak» urratzearen aurkakoak dira lau ikasletik hiru. Poliziek erabilitako torturaren inguruan, gehiengo garbi batek (%70) uste du «oso maiz» erabili dutela. Torturarik egon izana ukatzen dutenak, berriz, %1 dira.

Ikasle gehienek uste dute garrantzitsua dela «biktimei erreparazioa eta aitortza emateko politikak» bideratzea. Hamar ikasletik seik aitortzari garrantzi handia ematen diote, eta gehienek (%84) uste dute administrazioek horretan lan egin beharko luketela, memoria politikak sustatuz. Gai bera unibertsitate eremura eramanda, hamar ikasletik bederatzik uste dute bertan «euskal gizartean bizi izan den terrorismoari eta Giza Eskubideen urraketei» buruzko jarduerak eskaini beharko liratekeela. Inkestatuen %44k ikasleen hautazko prestakuntzaren barruan ikusten dute; %23k, nahitaezko, eta %22k, prestakuntzaz kanpoko ekintza gisa.

Etorkizun ezkorra

Ikasle parte hartzaileak «ezkorrak» dira etorkizunari dagokionez. Hamarretik lauk «probabilitate nahiko» ikusten dute etorkizunean, arrazoi politikoak direla medio, euskal gizartean giza eskubideak urratzeko, eta %17k «probabilitate oso handia» ikusten dute. Ikasleen herenak dira, bestalde, «probabilitate txikia» edo «ia ezinezko» ikusten dutenak.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak