Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Afganiarrak, eremu naturalean

Publizitatea

Kultura

Afganiarrak, eremu naturalean

Hamarkada pasatxoko geldialdiaren ostean, The Afghan Whigs taldea berriz elkartu zen 2012an. Giro iluneko rock doinuak R&B eta soul ukituekin konbinatu dituzte 'In Spades' disko berrian.
Ezkerretik eskuinera: Greg Dulli, John Curley, Dave Rosser, Jon Skibic, Rick G. Nelson eta Patrick Keeler; The Afghan Whigseko kideak.
Argazkia: BERRIA

2017-06-18 / Julen Aperribai

Estilo jakinen atzean musika taldeak sailkatzea gogoko duten kritikari, musikazale eta abarrentzat, zaila behar du izan The Afghan Whigs taldeari buruz aritzea. Estiloen hibridazioa geroz eta eremu gehiagotara zabaltzen ari den eta estilo zehatzei buruz hitz egiteak zeukan zentzu apurra galdu duela dirudien garaiotan, eroso nabari da AEBetako taldea, musika beltzaren eta ukitu iluneko rock doinuen arteko eremu lausoan. Hor kokatu daiteke In Spades taldearen lan berria ere, nahiz eta are nabariagoak diren bertan R&B eta soul eraginak. Hamarkada pasatxoko geldialdiaren ostean, berriz elkartu zen taldea 2012an, eta horren ostean kaleratu duen bigarren lan luzea da, Do to the Beast-en (2014) ondoren.

1988an, Big Top Halloween lanarekin debuta egin eta gero, Sub Pop diskoetxe ezagunaren parte bihurtu ziren. Seattleko (AEB) zigilua grungearen bueltan zebiltzan Nirvana, Mudhoney eta Soundgarden bezalako taldeen bozgorailu zen garai hartan. Hori zela eta, mugimendu horretan kokatu zuten askok The Afghan Whigs ere. Taldeak ere horretarako arrazoiak eman zituen Up in It (1990) lanarekin, erritmo biziak eta Greg Dulli abeslariaren ahots gordina baitziren nagusi.

Bi urte eskaseko tartean, eta 200 kontzertu baino gehiago eman eta gero, taldearen norabidea gutxik espero bezala aldatu zen, Congregation (1992) diskoan. Erritmoak apur bat mantsotu, eta balada itxurako abestiei ere lekua egin zien taldeak. Baita soul, funk eta R&B ukituei ere. Aurreko lanean bertan jada nabari zitezkeen berezitasunak agerikoagoak egin ziren. Hasierako kokatu ezinaren ondoren, beso zabalik hartu zuten aldaketa milaka jarraitzailek. Diskoetxearen beraren barruan ere eragin zituen ezinegonak soinu bakar eta garbi bati taldeak zion desleialtasunak. Aurreko lanean jada bazen halakorik, Dulli abeslariak Ruta 66 aldizkariak eginiko elkarrizketa batean berriki adierazi duenez: «Sub Pop, orduan, punk rock zigilutzat hartzen zen, eta ez ziguten utzi Up in It-en zenbait abesti sartzen. My Curse abestiaren lehenengo bertsio bat grabatu genuen, esaterako, baina ez zuten diskora eraman nahi izan, mantsoegia zelakoan». Congregation-en ondoren, muga horiek, pixkanaka, ezabatuz joan zirela esan zuen, elkarrizketa berberean.

Bigarren lan horren atzetik, beste hiru etorri ziren —Gentlemen (1993), Black Love (1996) eta 1965 (1998)—, 2001ean taldea desegin aurretik. Geografikoki, taldekideak elkarrengandik urrun bizi zirela eta norberak bere familiarekin zituen konpromisoak; horiexek desegiteari jarritako arrazoiak. Errefuxatu egin zuten hiru kideen artean inolako arazo pertsonalik zela zioen hipotesia.

Bigarren etapa berritua

Bateratzeko hainbat imintzioren ondoren, berriz elkartu ziren, 2012an. Rick McCollum gitarrista gabe elkartu ziren, arazo pertsonalak argudiatuta. Itzulera arrakastatsua izan zuten, Do to the Beast-ekin, eta indartsu nabari zen taldea, taldekideen, eta, gehienbat, Dulli beraren gehiegikeriak iraganeko kontua balira bezala. Hala mintzo da kantaria bera ere, etapa berri honetan: «Gaztea zarenean, sekulako energia duzu, indarra eman dakizukeena, eta, aldi berean, suntsitzera eraman zaitzakeena. Momentua iritsi zen erabakitzekoa ea goiz hil nahi nuen edo musikatik modu profesional batean bizi nahi nuen. Nuen energia helburu positiboetara bideratzen ikasi behar izan nuen».

Musika ulertzeko moduan aldaketak izan diren bezala, izan dira inspirazio iturrietan ere. Taldearen diskoetako askok istorio bat izan dute atzean, eta hari jakin batek lotu izan ditu abestiak, kontzeptu nagusi baten inguruan. Azken honetan, berriz, memoriaren eta bizitzaren galtzeaz ari da taldea. Dulli berak izandako ametsetan oinarritutakoak dira abestietako asko, eta benetako bizipenetan oinarritutakoak ere badira; Oriole, kasurako. Bigarren etapa honetan, taldea bera agian ez hainbeste, baina bertako buru nagusi Dulli behintzat berrituta datorrela dirudi.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak