Argiak itsututa

Inoizko prezio garestienetakoa hartu du aste honetan argindarrak, eta garestitze hori negu gorriaren hotzean iritsi da. Konpainia elektrikoak berriro susmopean daude, eta, haiekin batera, prezioa ezartzeko sistema bera.
BERRIA / BESTEAK

Xabier Martin -

2017ko urtarrilak 20
Murphyren legea bete dela esango du baten batek: asterik hotzenean argindarraren preziorik garestiena. Energia konpainiekin lotutako kontuetan, ordea, zortea hutsaren hurrengoa ohi da. Argindarraren salneurria suziri baten moduan doa gora azken hilabetean, eta atzo tarifa garestienera iritsi zen 2013ko abendutik. 20:00etan, 95 eurotik gora pagatu zen megawatt-ordua; eguneko batezbestekoa 86 ingurukoa izan zen; orain hiru hilabete pagatu zenaren bikoitza da hori, Omie merkatuaren kudeatzailearen arabera. Antzekoa izan da urtarrileko lehen hamabostaldiaren batezbestekoa: 85 euro inguru hileko. Espainiako Facua kontsumitzaile elkarteak dioenez, historiako prezio garestienen artean bigarrena da hori, soilik 2013ko urtarriletik martxora kobratu zutelako gehiago konpainiek: kasik 89 euro.

Argindarraren igoera handia aspaldiko eguraldi hotzenarekin batera iritsi da Euskal Herrira. Kontsumoak asko egin du gora asteon, tenperatura zero graduren inguruan ibili denez, baita kostaldean ere. Bada, handizkako merkatuan, azken hilean argindarrak %50 gora egin duela, argi geratu da Iberdrolak, Endesak eta Gas Naturalek aparteko diru sarrerak izango dituztela, eta kontsumitzaileak kopetilun daude.

Handizkako merkatuaren prezioak bezeroei igortzen zaien argindarraren fakturaren herena baino zertxobait gehiago finkatzen du. Beste bi heren sarearen mantentze lanak eta zergak dira, baina faktura —sistema bera— ulertzea adituen kontua da: hain da konplexua. Horiek horrela, kontsumitzaileek ohiz kanpoko fakturak jasoko dituzte aurki: ilbeltzaren lehenean megawatt-ordua 64 euro pagatzen zen, eta asteon 92 euroraino igo da. Aurreko hiruhilekoetan batezbestekoa 40 eurokoa izan da. Argiaren faktura itsutzeko modukoa izan daiteke.

Eguraldiaren eragina

Espainiako Energia ministroak Alvaro Nadalek esan du bezero bakoitzak 100 euro gehiago pagatuko dituela aurten argindarraren fakturan, baina kopuru hori kontsumo eta kontratazio jakin batzuekin egindako aurreikuspen orokor bat baino ez da. Ministroak, konpainia elektrikoen bozeramaile lanetan sartuta-edo, garestitzeak zein oinarri duen azaldu du: zenbat eta hotz handiagoa egin, orduan eta argindar gehiago kontsumitzen da, eta eskaerari erantzuteko argindarra bitarteko garestiagoekin ekoitzi behar da. Frantziako egoerak ere handizkako merkatuan egondako garestitzea hein batean azaltzen duela dio, hango parke nuklearraren zati bat geldirik dagoelako. Parisek argindar gehiago erosi behar izan du, eta horrek goraka bultzatu omen ditu prezioak. Azterketa osatzeko, petrolioaren garestitzea ekarri du gogora Nadal ministroak, baita «eguraldiaren arazoak» ere. «Euri gutxi egin du, eta haizerik ere apenas egon den».

Eta, hala ere, ministroak aitortu du «norbait saia daitekeela prezio igoera artifizialak eragiten». Esan gabe esaten duenaren haritik tira jarraitu, eta neurriak «berehala» hartuko direla erantsi du. Neurri bakarra ezagutzen da oraingoz: gas konpainia handiak derrigortuko dituzte eskaintza zehatzak egitera, gasak argindarraren mix-ean pisu handiagoa har dezan egunotan, eta, horrela, azken prezioaren igoera bridatu dadin.

CNMCren azterketa

Eguraldiak argindarraren ekoizpenean lagundu edo ez, CNMC arautzaileak jakinarazi du prezioaren garestitze azkarra aztertzen ari dela. Orain baino lehen, hainbat ikerketak agerian utzi dituzte Espainiako konpainia elektrikoen oligopolioa. Azalpen teknikoen atzean beste zerbait ote dagoen jakin nahi du Jose Maria Marin CNMCren presidenteak. «Kezkatzen gaituen zerbait dago. Izugarri garestitu da prezioa handizkako merkatuan, eta zergatia aztertzen ari gara, eta zorrotz ari gara egiten, gainera». Azterketa horrek, ordea, ez du eragin ikerketa ofizialik, oraingoz.

Izan ere, ate birakarien estatuan ez da zaila susmo txarra hartzea 2008tik argindarren prezioa %50etik gora igotzen lagundu duten konpainien jardunari. Europako Batasunean urte horietan egon den batez besteko igoeraren bikoitza egon da Espainian, neurri handi batean zergen pisua modu nabarmenean handitu delako. Soilik Alemanian, Danimarkan eta Irlandan ordaintzen da argindarra Hego Euskal Herrian baino gehiago.

Urteotan, Iberdrola eta Endesa behin baino gehiagotan zigortu dituzte prezioak manipulatzeagatik. Milioi euro askotako isunak apaldu egin dituzte gero epaitegiek, ordea. 2014tik 70 milioi euroren balioko isunak kendu dizkie justiziak energiaren erraldoiei. Katu elektrikoari joarea jarriko diona ez da iritsi oraindik Moncloara. Horretarako, lehenik eta behin kostu elektrikoen auditoretza bat egin beharko litzateke, eta PPk 2014an onartu zuen erreforman uko egin zion neurri horri, kostuen egiak ilunpetan utzita. PSOE orain hasi da auditoretza hori eskatzen.

Bruselak ere Espainiaren sistema susmopean dauka. Industria Ministerioak argindarraren fakturaren prezioa ezartzea legez kanpo dagoela esan zion batzordeak Madrili aurreko urtean. Bidesari elektrikoak CNMC lehia arautzaileak ezarri behar ditu, baina gobernuak aurretik hartutako erabakiei izaera ofiziala eman baino ez du egiten hark. Garraioa, banaketa, berriztagarriei eta ikatzari laguntzak... bidesariak Industria Ministerioak erabakitzen ditu, eta kontsumitzaileak etxean jasotzen duen azken fakturaren %45 osatzen dute. Erabaki politiko petoak dira, batzuei mesede eta besteei kalte egiten dietenak. Beste %22 zergak dira; eta %35 handizkako merkatuan finkatzen den argindarraren prezioa da, azken hilabetean gora eta gora ari dena.

Moncloan jarduneko gobernu bat zegoela eta, Europako Batzordea zain egon da Espainiari egindako ohartarazpenean aurrera egiteko. Madrilek helegiteak ere aurkeztu ditu, baina Europatik albisteak irits daitezke aurten auzi horren inguruan.

Prestasuna eskatzen

Bien bitartean, neguaren hotz handia dela eta, Alvaro Nadal ministroak kezkaturik dagoela esan du; beldur da bezero berankorrei ez ote dien kenduko argindarra, araudiak jasotzen dituen berme guztiak aplikatu gabe. Konpainiei «prestasun maila izugarria» edukitzeko esan die, administrazio guztiekin bete dezaten.

2016ko azaroan, Reusen (Katalunia) hildako emakume adinduaren kasua gertu dago oraindik. Argia kendu ziotelarik, kandelak pizten hasi zen emakumea, eta sute batean hil zen. Espainiako bi alderdi nagusiek, PPk eta PSOEk, akordio bat egin berri dute argindarraren legea aldatzeko. Bi hilabete barru erdietsiko dute, ibilbide parlamentarioa egin ondoren, baina eman dute goiburu nagusia: «Muturreko egoeran dauden familiei» ezingo zaie argia kendu. Baina «muturreko egoeran» dauden familiei argia ez kentzeko neurriak zehazteko daude oraindik.

Gaur egun, konpainia batek ezin dio argindarra eten erabiltzaile bati aurretik dagokion udalari oharra ematen ez badio. Konpainiek lege hori hautsi zuten Reuseko emakume hilaren kasuan, esaterako, baina maiz gertatu da konpainiek abisua eman dutela esatea eta udalek, berriz, ez dutela jaso. Erantzukizunak saihestea ez dela hain zaila, alegia.

Aurrerantzean argindarra kendu aurretik baldintza gehiago bete beharko dituzte konpainiek, itxura batean, baina Nadalek «prestasuna» eduki behar dutela gogoraraztea ez du sobera ikusi. Iberdrola eta Endesa sektore elektrikoan errentagarritasun handiena duten Europako konpainien artean daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna