Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Amaren etxea, zutik irauteko borrokan

Publizitatea

Mundua

Amaren etxea, zutik irauteko borrokan

«Askatasun pertsonala eta herri askatasuna batera» doazelako,okupazioaren aurka gizonekin batera borrokatzen dira emakume palestinarrak. Etxean, berriz, euren eskubideen alde egiten dute. Palestinako andreen egoeraz mintzatu dira Qawasme, Nuseibeh eta Shomar ekintzaileak BERRIArekin.
Hebrongo emakume palestinar bat, etxea bota berri diotela, oihuka.
Hebrongo emakume palestinar bat, etxea bota berri diotela, oihuka. ABED AL HASHLAMOUN / EFE
Zapalkuntza bikoitzari egin behar diote aurre Palestinako emakumeek. Batetik, sistema patriarkalaren ondorioz, emakumeen zapalkuntzaren aurka borrokatu behar dute, «munduko txoko guztietan bezala», dio Hiba Nuseibeh gazte palestinarrak. Gizonen aurrean euren eskubideak aldarrikatu behar dituzte, baina, bestetik, haiekin borrokatzen dira Israelen okupazioaren aurka. «Berezia» da andre palestinarren jarduna, eta hori ezagutaraztera etorri dira Euskal Herrira, baita hemengo mugimendu feministarekin harremanen sarea egitera ere. BERRIArekin biltzeko tartea ere izan dute.

Egunero bizi dute euren larruan okupazioa; «okupazioak mekanismo bereziak sortu ditu emakumeen aurka jotzeko». Horregatik, nazio zapalkuntza amaitzea da haien lehentasuna: «Horixe da gure egunerokoa, eta munduak jakin eta ulertu behar du lehentasunak ditugula», azpimarratu du Maysun Qawasmek.

Qawasme 1948an jaio zen, Gazan, Nakbaren urte berean, «hondamendiari» hasiera eman zitzaion garaian. Ordutik, 1987ko eta 2005eko Intifadak ezagutu ditu, eta politikagintzaren lehen lerroan egon da beti; orain, WAFA Palestinako Albisteen eta Informazioaren Erakundeko ordezkaria da. Bost seme-alabaren ama da, eta Palestinan emakumeek etxea zaintzeko duten ardura goraipatzen du. «Badakit agian hemen [mendebaldean] hori ulertezina dela ikuspegi feminista batetik, baina, Palestinan, andreek eusten diote etxeari zutik». Andreen indarra nabarmendu du: «Emakumeak saiatzen dira familia salbu mantentzen, familia etxean mantentzen bukaerara arte, haiek erabaki arte; militarren aurrean, etxe palestinarrek zutik diraute». Zisjordaniako eta Gazako emakume guztiek daramate zama gainean: seme-alaben atxiloketak, etxe eraisteak, lurren desjabetzeak....

Etxea zutik mantentzearena, baina, ez da metafora: palestinarrek egunero egin behar diote aurre okupazioari. Qawasme Hebronen bizi da, bitan banatuta dagoen munduko hiri bakarrenetarikoan; check point-ak hiriko edozein izkinatan topa daitezke han. «Ezin dugu eguneroko arruntik egin». Emakumeentzat zailagoa da horri aurre egitea, gorputzean bertan sumatzen baitute egoera jasangaitza: «Pentsa, haurdun dauden emakume palestinarrek ere check point-etako X izpidun makinetatik pasatu behar dute; hori arriskutsua da osasunerako».

Jazarpena ere, bikoitza

Jerusalemen bizi dira 26 urteko Nuseibeh eta Ohaila Shomar. «Internazionalizatutako eremu» izanagatik, bi andreek salatu dute Jerusalemen ere jazarpen handia dutela. Ortodoxoak bizi dira batik bat Jerusalemen: «Haien sinesmena da palestinarrok ez dugula bertan bizi behar; palestinarrik gabeko lurralde bat nahi dute». Nuseibehk dio hiritik ezabatu nahi dutela palestinarren identitatea apurka: «Oso gogorra da zure identitatea ezabatu nahi duten hiri batean bizitzea; finean, zure izatea bera debekatu nahi dute». Are gogorragoa da emakume gisa egoerari aurre egitea. Gizon ortodoxoen paretik igarotzean, begiak kentzen dituzte andre palestinarrengandik: «Begiratzen dizute, baina ez zaituzte ikusi nahi. Palestinarra naizelako. niri begiratzea saihesten dute kolonoek, eta emakumea naizelako, ez naute ikusi ere egin nahi».

Ez ikusiarena egiten dute kolonoek, baina israeldar militarrek iraindu egiten dituzte emakume palestinarrak, nahitara. Badakite andrazkoei nola min egin, nola erabili daukaten boterea modu bortitzagoan. «Sarritan gertatu izan zait», dio Nuseibehk, amorruz, «militar edo polizia israeldar batek inoiz esan izan dit 'Aizu, polita, emadazu zure nortasun agiria'. Orduan, euren eskuetan dagoen botere osoa erabiltzen dute niri 'polita' esateko».

Palestinako emakume preso politikoen egoera ere ekarri du mahai gainera Qawasmek. Egun, 7.000 preso politiko palestinar daude, horietatik 400 dira haurrak, eta 64, berriz, andrazkoak. Horien erdiek baino gehiagok, gainera, 25 urtetik gorako zigorrak dituzte betetzeko. Gutxi izanagatik, bizi baldintza jasangaitzetan dituzte andrazkoak preso; ez dute medikuen laguntzarik haurdunaldietarako, eta gizonen egoera berean edukitzen dituzte atxilo. Adibidez, hilekoarekin daudenean ez dizkiete higiene pertsonalerako beharrezko baliabideak ematen. «Kartzelan daude herri honen askatasunaren alde borrokatzeagatik, baina, espetxean, emakume izanagatik, modu berezian sufriarazten diete», gehitu du Nuseibehk. Besteak beste, emakumeen mugimenduak preso horien eskubideen alde egiten du lan.

Pribatua publiko bihurtuz

Asko dira emakumeen eskubideen alde Palestinan antolatuta dauden elkarteak; izan ere, Israelen okupazioaren aurka publikoki borrokatu arren, sarri pribatuan jasaten dute emakume palestinarrek indarkeria, etxean.

Biolentzia jasaten duten emakumeei aholku ematen dihardu Ohaila Shomarrek, SAWA Andreen Eskubideen Aldeko Elkartean. Orain arte «etxe barruko» arazo izandakoa publiko bilakatzea du helburu. Badaki zaila dela, Palestinan familia kontuak oso «modu intimoan» gordetzen direlako. Hala ere, elkartean zenbait bide jorratu dituzte gaiaz hitz egiteko. Esate baterako, Gazan eta Zisjordanian telefono zenbaki bat jarri dute martxan, haurren eta emakumeen aurkako edozein indarkeria kasu salatzeko; urte guztian, egunero dago martxan, hamasei orduz. Gainera, behar izanez gero, arreta psikologikoa ematen dute, eta mediku bat ere badute biktimak artatzeko. Biktima hutsak ez direlako, emakumeen ahalduntzea ere lantzen dute jabetze eskolen bitartez: «Autodefentsarako, gorputzaren ezagutzarako eta euren eskubideen berri emateko ikastaroak antolatzen ditugu».

Nuseibehk lan egiten duen WCLAC Laguntza Juridikorako Emakumeen Elkartean, emakume palestinarren testigantzak jasotzen dituzte, eta Israelen okupazioaren erruz etxerik edo lurrik gabe geratu diren horiei laguntza juridikoa ere eskaintzen diete. Qawasmek batik bat komunikabideetan eta politikagintzan aldarrikatu izan ditu emakumeen eskubideak. Azken udal hauteskundeetan, esaterako, emakumez bakarrik osatutako zerrenda bat aurkeztu zuen Hebronen.

Gaur egun ia komunitate guztiek dituzte andreen eskubideak defendatzeko elkarteak, bai Gazan eta bai Zisjordanian, baina, talde guztiak batzen dituen «ama» handi bat daukate: Palestinako Emakumeen Batzordea (PEB). 1965ean sortu zen, Palestinaren Askapenerako Erakunde PAEren barnean dago, eta ia elkarte guztiek egiten dute bat erakunde horretan. Qawasmek argi azaldu du PEBen funtzioa: «Lekuan lekuko elkarteetan parte hartu arren, guztiak biltzen dituen aterki handi bat da PEB». Shomarrek azaldu du egungo Palestinako parekidetasunaren legea oso zaharra dela, eta erakunde horren bitartez pixkanaka egoera aldatzen saiatzen ari direla. Emakume politikariek ere hartzen dute parte erakundean, eta Qawasmak uste du horrek eztabaida aberasten duela. Nahi baino mantsoago, baina ari dira legeen bidez emakumeen eskubideen aldeko aldarria egiten: «Gaur-gaurkoz, politikari emakumeentzako kuota %20 da, baina %30ra igo nahi dugu laster. Egoera ez da erraza, eta kosta egiten zaigu aldaketak egitea, baina tematuta gaude horretan». Emakumeek hitza hartu eta politikako lehen lerrora urratsa egitea ezinbestekoa da hirurentzat. Etxea mantentzeko egiten duten lana ezinbestekoa bada ere, politikan, arlo publikoan emakumeen ahotsak indarra hartu behar duela konbentzituta daude.

Estatugintza, gakoa

Askatasun pertsonala eta herri askatasuna elkarrekin doazela diote hiru emakumeek. Ezin uler daiteke Palestina libre bat emakume askerik gabe; eta, alderantziz, ez dira andre askeak izango herri zapaldu batean. «Emakume palestinarrek aspaldi ikasi zuten hori», oroitarazi du Qawasmak. Kontatu du 1929an palestinarrek protesta egin zutela Jerusalemen Erresuma Batuko okupazioaren aurka. Orduan, emakume bat hil zuten tiroz poliziek. Ordutik, emakumeek lurraldea askatzeko lanean dihardute. Lehen helburua, beraz, okupazioari aurre egin eta Palestina estatu gisa eraikitzea da. Munduko gainontzeko mugimendu feministari so eginda, Nuseibehk uste du lorpen handienetariko bat andreen eskubideen aldeko legeak egin izana dela. Palestinan, baina, ezin da halakorik egin oraindik: «Ez dugu beharrezko egitura juridikorik. Legeak ez dira berdin ezartzen Zisjordanian eta Gazan, eta konstituzio arrunt bat ere ez daukagu». Indarkeria matxistarik gabeko Palestina batean bizi nahi dute emakumeek, baina uste dute, estaturik ezean, hori lortzea zaila dela. Alegia, nazio zapalkuntzaren aurka borrokatzen diren heinean, patriarkatuaren aurka borrokatzen dira andreak Palestinan.

Argi dauka Qawasmek: «Emakumeen askapenerako gakoa estatua da». Bat egin du Nuseibehk; uste du emakumeen eskubideen alde egiten ari direnean «estatua eraikitzeaz» mintzatzen ari direla. Azpimarratu da nazio askapena ezinbestekoa dela«benetako berdintasun legea» osatu ahal izateko. Erronka handiagoa ere bota du: «Emakumeok elkarrekin estatugintza egin behar dugu».

Izan ere, munduko beste herrialdeetan bezala, bada zer aldatua. Emakumeak Palestinako biztanleen erdiak izan arren (%49,2 dira), bizi baldintza okerragoak dituzte gizonek baino. 15 urtetik gorako %56,2 emakumeak ezkonduta daude, eta langabezian daude ia %40. Lan munduratzeari dagokionez, erdiek baino gehiagok egiten dute lan sektore publikoan, eta %20k berriz, nekazaritza arloan. Shomarrek emakumeen lan baldintzak hobetzeko eskatu du, eta Qawasmak ere uste du beharrezkoa dela emakumeen jabetze ekonomiko eta politikoa, norberak bere kabuz erabakiak hartu eta bizitza nahi duen eran kudeatu ahal izateko.

Hala ere, emakumeen borrokari esker, egoera pixkanaka iraultzen ari da hiru andreen ustetan. PAN Palestinako Aginte Nazionalak ere jaso du apustua; nazioko jaiegun izendatu berri du gaurko eguna: Emakumearen Nazioarteko Eguna. Emakumeen eskubideen aldeko aldarria egiteaz gain, parekidetasuna ere aldarrikatu du Rami Hamdala lehen ministroak. Gainera, Palestinaren askapenerako borrokan egindako lana ere aitortu nahi izan diete gaurko egunez.

Izan ere, Palestinako lurraldea bera da amaren etxea, eta hori babestu eta defendatzeko etengabeko borrokan diraute tokiko andreek. Etxeak zutik iraun dezan, azken eskakizuna egin dute Qawasme, Nuseibeh eta Shomarrek: «Gure arteko ezin ikusiak ere gainditu behar ditugu», Al-Fatah eta Hamasen talkari egin diote erreferentzia. Konbentzituta daude emakumeek gerturatze horretan indarrak jarri behar dituztela. Uste dute emakume palestinarrek korapiloa aska dezaketela: «Andre palestinarron aliantza ezinbestekoa da gure etxea defendatu ahal izateko».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak