Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Brian Currin: «Presoak irtenbide gisa ikusi behar ditugu, eta ez arazo gisa»

Publizitatea

Politika

Euskal presoak. IV. Foro Sozialaren ondorioak

Brian Currin: «Presoak irtenbide gisa ikusi behar ditugu, eta ez arazo gisa»

Nazioarteko Harremanetarako Taldeko kideak begi onez hartu du Foro Sozialaren proposamena, eta gizartearen garrantzia nabarmendu du
Brian Currin bitartekaria eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea, atzoko bere hitzaldian.
Brian Currin bitartekaria eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea, atzoko bere hitzaldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

2017-05-19 / Joxerra Senar

«Mentalitatea aldatu beharra dago». Brian Currin Nazioarteko Harremanetarako Taldeko kidearen arabera, presoek bake prozesuaren parte garrantzitsua dira: «Irtenbide gisa ikusi behar ditugu, eta ez arazo gisa». Iruñeko Tres Reyes hoteleko agerraldian parte hartu zuen atzo eta gogorarazi zuen presoek rol garrantzitsua jokatu zutela hala Ipar Irlandako nola Hego Afrikako prozesuetan. Espainian, berriz, egoera diferentea dela azpimarratu du, besteak beste, Madrilgo gobernuak ez duelako «hartu beharko lukeen ardurarik hartzen».

Herritar ugari elkartu zen atzo Currin-eta entzuteko. Gonbidatuen artean, politikako aurpegi ezagunak zeuden: Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea; Joseba Asiron Iruñeko alkatea; Geroa Baiko Unai Hualde; EH Bilduko Bakartxo Ruiz, Asun Fernandez de Garaialde eta Miren Aranoa; Ahal Dugu-ko Laura Perez; Ezkerrako Jose Miguel Nuin; Sortuko Miren Zabaleta eta Amaia Izko...

Currinen irudiko, «erabat ezinbestekoa» da presoek, «gatazkaren parte izan diren heinean», konponbide prozesuan parte hartzea oso garrantzitsutzat jo du, eta iraupen luzeko presoek «prozesu demokratikoen printzipioen alde egitea». Bere ustez, espetxean izan diren bitartean halakorik ezagutu ez dutenez, ezinbestekotzat du hezkuntza lan hori egitea kalera irten aurretik. Izan ere, Currinen arabera, aldez aurretik presoen gizarteratzeko lanik egiten ez bada, ondorioak txarrak izan daitezke presoentzat zein gizartearentzat: «Behin kalean direnean, ez bazaie laguntzen, ez badago eurentzat aukerarik, ez badute bake ingurune batean herritar aktibo izaterik, atsekabetu egiten dira».

Zentzu horretan, Currinek begi onez hartu du Foro Sozialak gaiaren inguruan adostasuna lortzeko egindako proposamena. Bere ustez, hiru urrats egin beharko dira, aurrera egiteko. Lehenik, presoen egoerari buruzko adostasuna lortu beharko da. Currinen arabera, ezin du izan «ez %50ekoa ezta erabatekoa ere, %80 ingurukoa baizik». Uste du euskal gizartean badirela gutxieneko adostasun batzuk. Bere irudiko, behin alderdien, sindikatuen eta gizarte eragileen arteko adostasuna lortuta, erakundeetara eraman behar da hori eta ofizial egin, presio lanari ekiteko. Hortik, Madrilera jo beharko litzateke. «Gustuko izan edo ez, Madril konbentzitu beharra dago, han erabakitzen baitira presoen inguruko neurri gehienak». Currinen irudiko, arrakastaren giltza dute gizarteak eta elkarrekin lan egiteko gaitasunak.

Aurretik Joseba Asiron Iruñeko alkateak hitz egin zuen, eta nabarmendu bake prozesuak arrakasta izateko «herritarren inplikazioa» behar dela. «Zailtasunen gainetik, aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu. Elkarrekin bagoaz nekez egingo dugu atzera. Bakeak merezi du».

Galtungen gogoeta

Johan Galtung soziologo eta matematikari norvegiarrak 65 urtez gatazka ugaritan bitartekaritza lanak egin ditu, eta bakeari buruzko lan akademiko zabala du. Bake positiboari buruzko hainbat gogoeta egin zituen. Bere ustez, bakea zuzentasunean eta bestea ulertzeko ahalmenean oinarritzen da. Galtungek nabarmendu du Espainiak Suitzarengandik baduela zer ikasi. Han, herrialdeko nortasun desberdinak gobernuan partaide dira eta elkar ulertzeko hezkuntza sistema antolatu dute.

Bere irudiko, Espainiak bere baitan diren bospasei nazioak gobernuan sartu beharko lituzke eta Kongresuan euren hizkuntzak onartu. «Trikimailu batzuk ikasi behar dira. Erraza da. Gaztelarrek ulertu behar dute jada ez dagoela Espainia handi eta librerik. Francorentzat eta Rajoyrentzat hori da normaltasuna, baina hori ez da mende honetako ikuspegia». Gogora ekarri du munduan 193 estatu direla eta bakoitzak 10 nazio dituela batez beste. Horietatik 20k bakarrik du nazio bakarra. Bere ustez, euskal gatazkaren jatorrian zerikusi handia du Espainiak historian Frantziako ikuspegi jakobinoa imitatu nahi izateak.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak