Albistea entzun

Irismenari eutsiko dio Jaurlaritzak, «zer hobetu» dagoela aitortu arren

Baztarrikak hedabideen kontsumitzaileak jo ditu diru laguntzen banaketaren eragile nagusitzat.

Hezkuntza sailburuak «konfrontazio dinamika» abiaraztea leporatu dio BERRIA Taldeari
Cristina Uriarte eta Patxi Baztarrika, atzo, Eusko Legebiltzarreko agerraldian.
Cristina Uriarte eta Patxi Baztarrika, atzo, Eusko Legebiltzarreko agerraldian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2014ko azaroak 4 - Gasteiz

Eusko Jaurlaritzak eutsi egingo die euskarazko hedabideentzako diru laguntzetan egindako irizpide aldaketei. Euskara biziberritzeko EAEko politikak garai berrira egokitzeko, euskararen erabilera «erdigunean» jarri behar dela, «ondorio guztiekin»; Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hala uste du. Euskarazko hedabideen erabilera neurtzeko irismena hartu du ardatz Jaurlaritzak, baita iragarri ere aurten ezarritako irizpide horri eutsiko diola. Irizpide aldaketarekin, Jaurlaritzak %14 urritu du BERRIAri emandako laguntza; iaz baino 210.000 euro gutxiago jasoko ditu euskarazko kazeta nazionalak.

Irismena kontsumoari eta irakurleei zuzenean lotzen zaien irizpide gisa aurkeztu du Baztarrikak Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera egindako agerraldian. Alde batetik, hedabide bakoitzaren zabalkundea hartzen du kontuan; bestetik, aintzat hartzen ditu hedabide bakoitzaren banaketa eremuan dauden kontsumitzaile potentzialak; euskaldun hartzaileak, alegia. «Hedabide bati, bere eremuan zenbat eta kontsumitzaile potentzial gehiagorengana iritsi, orduan eta lehentasun handiagoa aitortu eta emango zaio». Ordea, Baztarrikak gaineratu du irismenaren irizpidea ezartzeko orduan «zer hobetua» dagoela, eta iragarri du aurrera begirako deialdietarako «finduko» dutela.

Irismena lehenesteko irizpideekin batera, 2014ko diru laguntzetan hedabideen taldekatzea ere aldatu du Jaurlaritzak. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak talde berean bateratu ditu tokiko kazetak eta nazionalak: «Egunerokotasunari lotutako informazioa lantzen duen prentsa idatzia egoki ikusten dugu multzo berean». Erabaki hori ere kazeta nazionalen kalterako izan dela esan du BERRIA Taldeak.

Baztarrikak kontsumitzaileen hautua goratu du, eta euskarazko hedabideei emandako laguntzak horren mesederako baliatu direla gaineratu. Hau da, kontsumitzaileek aukeratzen dituzten hedabideak saritzearen alde agertu da sailburuordea. «Euskal hiztunek komunikazioaren munduan gogoko dituzten produktuak lehenetsi behar ditugu guk».

Kontrastatutako aldaketa

Baztarrikak nabarmendu du irizpide berriak «hainbat eragilerekin» kontrastatu eta eztabaidatu zituela. «Beste gauza bat da deialdiaren aurretik ezinezkoa dela jakitea zenbateko laguntza egokituko zaion hedabide bakoitzari». Ildo horretan, sailburuordeak gaineratu du prest dagoela sektoreko eragileekin euskarazko hedabideen egoera, erronkak eta diru laguntzen irizpideak aztertzeko eta horiei buruz eztabaidatzeko: «Hori egin dugu, egiten ari gara, eta egingo dugu». Ados jartzeko jarrera agertu arren, ez du uste akordioa «ezinbestekoa» denik diru laguntzen irizpideak zehazteko.

Eusko Legebiltzarreko agerraldia baliatu du Baztarrikak BERRIA-ri emandako laguntzaren murrizketa azaltzeko. Euskarazko kazetak 2014an aurrekontua murriztu duela argudiatu du beste behin; sailburuordeak jakinarazi du horren ondorioz, 2013ko balorazio irizpideen arabera, 111.000 euro gutxiago jasoko lituzkeela. Hortaz, argudiatu du irizpide berriaren ondorioz 2014ko diru laguntzetan izan den murrizketa 97.000 eurokoa dela, 210.000 eurokoa izan beharrean.

BERRIA Taldeko langile batzordeak ohar bidez eskatua dio Jaurlaritzari ez dezala balia aurrekontu jaitsieraren murrizketa diru laguntzen urritzea argudiatzeko. Langile batzordeak gogorarazi dio langileek hartu dutela aurrekontua estutzearen zama beren gain, baita horrek langile eta senideen bizi-baldintzetan «kostu handia» izan duela ere.

Baztarrikak gaineratu du «BERRIAren aldekoak diren neurri zuzentzaileak» abiarazi dituztela, irismenaren irizpideak izan zezakeen eragina saihesteko: besteak beste, izaera nazionala gehiago baloratzea, ordainpekoak saritzea...

«Konfrontazioa»

Cristina Uriarte sailburuak gogor jo du BERRIAk hasitako ekinbideen aurka, sinadura bilketa kasurako; esan du egitasmo hori hedabidea laguntzeko ez ezik «bere babesle nagusia den Eusko Jaurlaritzaren aurka egiteko» erabili dutela. «Diru laguntzen urritzea eta balorazio irizpideekin bat ez etortzea nahikoa izan da konfrontazioaren dinamika abiarazteko».

Horrez gain, EH Bilduk egin dizkion kritiken aurka egin du Hezkuntza sailburuak; «guztiz onartezinak» direla nabarmendu du. Uriartek gogorarazi du azken bi asteetan iritzi ugari entzun dituela diru laguntzen harira: batzuk jarrera eraikitzailean egin dituztela, baina beste batzuk «baieztapen erasokorrak» izan direla, «estilo zaharreko inertziaren indarrez, agian».

Uriartek berretsi du euskarazko hedabideei emandako laguntzekin «pozik eta harro» dagoela. Euskara instrumentalizatzeko asmoak alde batera utzi eta elkarlanean jarduteko eskaria egin du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Adineko egoitza bat ©Gorka Rubio/ Foku

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zahar etxeetako neurri batzuk arindu dituzte

Edurne Begiristain

Positibo ematen duten egoiliarren bakartze aldia zazpi egunera murriztu dute, eta txertatutako kontaktu estuak eguneko zentroetara joan ahalko dira.

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Julen Aperribai

Korrikaren ibilbidearen berri eman dute: Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda, Donostiara iritsiko da lasterketa. Ikusi egunez eguneko ibilbidea eta ordutegia albiste barruan.

Iruñeko kartzela ©Idoia Zabaleta/ Foku

Iruñeko espetxean berrogei preso kutsatu dira, eta ziegan bakartu dituzte

Berria

Bisitak bertan behera utzi dituzte agerraldia izan den moduluan.

Sara Pinaren hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zuten Tuteran. ©Iñigo Uriz/ Foku

Urtarrilaren 25ean estraditatuko dute Sara Pinaren gizona

Unai Etxenausia

Gizonak hurrengo egunean deklaratu beharko du epailearen aurrean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.