Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika «Publikoa eta egiaztatua» izanen da apirilaren 8an ETAren armagabetzea

Publizitatea

Politika

ETAren armagabetzea. Iragarpena

«Publikoa eta egiaztatua» izanen da apirilaren 8an ETAren armagabetzea

Frantziak erantzun baikorrik eman ez duenez, desarmatzea alde bakarrekoa izanen dela iragarri du Berhokoirigoinek. Barne ministroak ondoren eskatu du agintariei jakinarazteko armak non dauden
Mixel Berhokoirigoin gizarte ekintzailea eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, atzo, Miarritzen, ETAren armagabetzeari buruzko jardunaldietan.
Argazkia: ISABELLE MIQUELESTORENA
Apirilaren 8ko arratsean ETA guztiz erakunde armagabetua izanen da. Hala iragarri zuen Jean Noel Etxeberri Txetx ekintzaileak Le Monde-n, ostiraleko edizioan. Eta atzo goizean Miarritzen (Lapurdi), desarmatzeari buruzko jardunaldietan, Mixel Berhokoirigoinek beste argibide batzuk eman zituen: armagabetzea «gardena eta publikoa» izanen da, nazioarteko eragileek «egiaztatua», eta, horiek ez ezik, gizarte zibilak, instituzioek eta hautetsiek parte hartuko dute. Azaldu zuen nahi dutela Frantziako Estatuak ere parte hartzea, «baina, oraingoz, ez da erantzunik».

Frantziako Gobernua atzo gauean mintzatu zen lehen aldiz Etxeberrik data eman zuenetik. «Legearekin bat datorren armagabetze bat egoteko konponbide bakarra armategi horiek non dauden agintariei jakinaraztea da», zioen Bruno Le Roux Barne ministroak, ohar baten bitartez. Haren esanetan, «aginte judizialari dagokio» arma biltegiak eskuratzeko eskumena. ETAren arma horiek kasu batzuk argitzeko balio dezaketela ere adierazi zuen.

Hedabide anitzetan ETAk bere zuloen koordenatuak emanen dituela zabaldu bada ere, Etxeberrik ez du baieztatu. «Momentuko, egunaren modus operandi-a ez dago zehaztua. Prentsan agertu den informazioa ez da ez egiazkoa, ez serioa», adierazi du Mediabask-en. Berhokoirigoinek ere ez zuen xehetasunik eman.

Interes berezia hartu zuen herenegun eta atzo armagabetzeari begira Miarritzen antolatutako foroak. Atzoko bigarren saioan, joan den abenduan Luhuson (Lapurdi) izaniko operazioak sortutako egoera aztertzeko elkartu ziren Anaiz Funosas Bake Bidea-ko presidentea, Berhokoirigoin Luhusoko ekintzailea eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria. Atzera bueltarik gabeko aldebakarreko prozesu baten moduan aurkeztu zuten.

Apirilaren 8ko armagabetzeak izanen dituen printzipio orokorrak iragarri zituen Berhokoirigoinek. Luhusoko operazioaren ondoren, bakearen artisauek bi aukera landu zituzten: Frantziako Gobernuaren parte hartze aktiboa izanen duen armagabetzea edo alde bakarrekoa. Saiakera ezberdinen ondotik Paristik erantzun baikorrik jaso ez dutenez, apirilaren 8ko data iragarri eta alde bakarrekoa izatea erabaki dutela zehaztu zuen. «Kontaktuak egon dira, bide ezberdinetatik. Euskal Herritik eta toki zabalagoetatik egin zaio eskaera, printzipioak helarazteko eta errateko: egin dezakezue, egin behar duzue». Frantzian iragatekoak diren presidentetzako eta legebiltzarreko bozek utziko duten egoerak sortzen duen ezjakintasunaren aurrean, armagabetzea lehenago itxi behar dela jakinarazi diote gobernuari. «Haiekin ala haiek gabe, eta badakite. Ez da xantaia, gardentasuna da. Apirilaren 8ra arte gurekin harremanetan eman eta prozesuan parte hartzeko aukera dute. Diskrezioz nahi badute, berek nahi duten forman; baina, negoziatu beharko diren baldintza eta berme batzuekin, segurtasun eta egiaztatze kontuengatik».

Prozesua publikoa eta gardena izanen dela azaldu zuen Berhokoirigoinek, eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen partaidetza ere iragarri zuen. «Baldintza teknikoak badaude. Armagabetzea zinez gauzatzen dela segurtatu behar da, armak ez direla beste baten eskuetara iritsiko. Horretarako, egiaztatzaileak behar dira». Halaber, parte hartze zabala izanen dela ere jakinarazi zuen, instituzioen, hautetsien eta herritarren partaidetzarekin, xehetasunik eman ez zuen arren. «Bakoitzak rol bat badu, besteak betetzen ahal ez duena, bere izaera, nortasun edo dimentsioagatik. Osagarriak izan behar gara».

Frantziako Gobernuari deia

Armagabetze prozesuaren eguna publiko egitearekin hordago bat bota diote gobernuari. «Galdera egiten diogu: zergatik ukatzen du parte hartzea? Zinez behar du ETA ez armagabetzea? Horren beharra du tentsio estrategiarekin eta erantzun formatatuekin segitzeko?», galdetu zuen Berhokoirigoinek Miarritzeko saioan. «Zinez hala bada, zinez ez badu nahi armagabetzerik, erran nahi du guk behar dugula armagabetzea, eta egin behar dela». Ildo beretik jo zuen Mihel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak. «Gizarte zibilak ez ditu estatua edo justizia ordezkatu nahi. Oraindik ados jar gaitezke estatuarekin; ez dugu baldintzarik jartzen». Eta gobernuari zuzenduta: «Apirilaren 8ra arte duzue zuen lekua atxikitzeko; bestela, ikusle soilak izanen zarete».

ETAren armagabetzea lurralde oso baten alde bakarreko prozesu gisa aurkeztu zuen Funosasek. «Gatazkaren orrialdea itzuli eta elkarbizitzaren oinarriak jartzea ahalbidetu behar du». Apirilekoa funtsezko erronka bat izanen dela azpimarratu zuen Bake Bidea-ko presidenteak, armagabetzea «behar bezala» eramatea oinarrizko baldintza bat delako, «euskal presoen eta iheslarien etxeratzea eta biktimen aitortza eta erreparazioa landu ahal izateko. Ondoko etapara pasatzeko etapa kolektiboa izanen da».

Bere erantzukizuna betetzeko «prest» agertu zen Etxegarai. Mezu hori berretsi zuen atzo goizean. «Arrisku kolektibo bat hartu behar dugu. Luhusoko operazioa jinen zela ikusten genuen; forma eta lekua ezagutu gabe. Bagenekien Euskal Herriko gizarte zibilak lekukoa hartzen jakinen zuela. Apirilaren 8an hor egonen gara; ez zarete bakarrik izanen».

Etorkizunari begirako mezu baikor batekin bukatu zuen Berhokoirigoinek. «Lortuko dugu, eta segur naiz, bihar, maite dugun eta nahi dugun Euskal Herria eraikiko dugula elkarrekin. Izanen dira gatazkak, izanen da konfrontazioa, baina konfrontazio hori demokratikoa izanen da. Hori da elkarbizitza».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak