Albistea entzun

Maroko. Protestak Rifen

Rifeko amazigak ezin isilarazi

Marokok debekua ezarri arren eta hiria setiatu arren, milaka lagun atera dira kalera Al-Hoceiman. Negarra eragiteko gasa bota dute; martxa bakar bat egin beharrean, txikiagoak egin dituzte
Al-Hoceiman maiatzean egin zen protestaren irudi bat. Abd el-Krim ageri da pankartan, galdetzen ea gobernu baten aurrean dauden edo talde kriminal baten aurrean.
Al-Hoceiman maiatzean egin zen protestaren irudi bat. Abd el-Krim ageri da pankartan, galdetzen ea gobernu baten aurrean dauden edo talde kriminal baten aurrean. OMAR RADI

Kristina Berasain Tristan -

2017ko uztailak 21

Al-Hoceima erabat gotortuta esnatu zen atzo. Rifeko bihotzean dagoen hiriko plazan auto blindatuak erruz, kaleetan poliziak nonahi, sarrera-irteeretan militarrak, errepideetan kontrolak, zeruan helikopteroak, aireportua ere itxita, eta komunikazioak tarteka etenda. Herri baten ahotsa isilaraztea zen asmoa, baina amazig herriak badauka zeresana. Marokoko Gobernuak ezarritako debekuaren gainetik, setio egoeran, milaka eta milaka lagun atera ziren kaleetara; batzuk, itsasotik ontziz eta mendietatik oinez sartu ahal izan ziren hiriburura; beste asko bidean geratu ziren, iritsi ezinik.

Rifeko hiri nagusietan ere itzela izan zen polizia indarraren presentzia; Imzurenen eta Beni Buayachen bereziki. «Autobusak geldiarazi dituzte, eta bidaiariak galdetegi bat bete behar izan dute, nora eta zertara zihoazen zehaztuz». Izenik eman nahi ez duen ekintzaile baten hitzak dira. BERRIAri telefonoz jakinarazi dionez, hasiera batean milioi bat lagun elkartzea zen asmoa, baina, martxa bakarra egin beharrean, martxa ezberdinak egin ahal izan zituzten, txikiagoak: «Dendak itxita egon dira, eta 17:30 aldera ekin diogu protestari, heriotza edo askatasuna oihukatuz. Segurtasun indarrek berehala sakabanatu gaituzte; negarra eragiteko gasa bota dute, tartean haurrak eta emakumeak izan arren. Iluntzean, martxa gehiago egin ditugu, hainbat lekutatik abiatuta, eta kolpeak eta atxiloketak izan dira». Rif osotik ziren hiriburuan elkartzekoak, baita diasporatik ere; izan ere, garai honetan, asko dira jaioterrira oporretara itzultzen diren herritarrak.

Egun sinbolikoa

Hirak al-Xaabi Herri Mugimenduak egun sinboliko baten atarian protesta historiko bat egin nahi zuen. Yemauria Rifia Rifeko Errepublikari bidea eman zion borroka ospatzen dute garai honetan amazigek: Annualgo borrokaren garaipena. Mohammed Abd el-Krim el-Khattabi buruzagiak zuzendutako gerrillak kolonizatzaileak garaitu zituen, 1921. urteko uztailaren 22arekin. Egun sinbolikoa da oso amazigentzat, eta horregatik aukeratu dute data hau protesta egiteko, erresistentziaren eguna delako amazig herriaren borrokan. Anualen Espainia garaitu zuen gerrillak, 13.000 soldadu erailez. Alfonso XIII.a erregearen erantzuna, baina, itzela izan zen: errepublikak iraun zuen lau urteetan arma kimikoekin bonbardatu zuen Rifa.

Zibilen kontra arma kimikoak erabiltzen lehen potentzietako bat izan zen Espainia. Hainbat informazio iturriren arabera, guztira, 127 bonbardaketa egin zituzten, eta eguneko 1.680 bonba jaurti zituzten 1921. eta 1927. urteen bitartean. Fosgenoa, difosgenoa, kloropicirna eta ziape gasez osatuta zeuden arma kimikoak, eta modu sistematikoan bota zituzten herrixketan, azoketan, ibaietan eta iturrietan. Youssef Ymouled kazetariak bildutako testigantzak dira horren lekuko. Mohammed Salah Faragik kazetariari kontatu zionez, ziape gasa azalean itsasi egiten zen: «Kolore horixka eta beltza zeukan, sufrearen antzekoa, batzuk itsu geratu ziren, eta beste batzuk, iturriko ura edan eta berehala hil ziren». Laarbi Mohamed Txuabiek Al-Hoceimako haitza 1925ean bonbardatu zutela esan zion: «Pozoitu egin gintuzten, eta ordutik lurra antzu dago».

Rifeko Memoria Elkartearen arabera, eremuan dauden minbizi kasuak bonbardaketa kimikoen ondorio dira. Said Aitxir kideak zehaztu du, hala ere, gerora ere egin zirela bonbardaketa gehiago: «Marokok ere, 1956. eta 1959. urteen bitartean, arma kimikoak bota zituen Rifen; napalma, besteak beste».

Minbizia dutenentzako ospitale onkologiko bat egitea da, hain zuzen, ekintzaileek urrian abiatutako protestetan egiten duten aldarrikapenetako bat. Mouxine Fikri gaztearen heriotzak piztu zituen protestak, urriaren 28an, arraina saltzen ari zela, portuko zaindariek merkantzia kendu eta kamioi batera bota baitzuten. Saltzailea kamioi barrura sartu zenean, zaborra txikitzeko mekanismoa aktibatu zuten, eta zapalduta hil zen gaztea.

Nasser Zafzagi Hirak mugimenduko buruzagiak protestara deitu zituen herritarrak egun horretan bertan, giza eskubideen urraketa salatzeko, baina baita urteetan baztertua izan den herriarentzat oinarrizko eskubideak eskatzeko; ospitaleak, unibertsitateak, lantegiak.

Atxilotuak gose greban

Zafzafi, baina, maiatzaren 29an atxilotu zuten, eta haren aurretik eta ondoren, ustez mugimenduarekin lotutako beste 300 bat lagun —torturak ere salatu ditu Zafzafik—.

Casablancako kartzelan atxilotuta dauden 54 ekintzaileetatik 48k, atzoko protesta egunari elkartasuna adierazteko, gose greba egiteari ekin zioten astelehenean. Rabia al-Ablaq ekintzailea, berriz, duela 22 egun ekin zion grebari eta ospitaleratu behar izan dute. Atxilotuta dagoen emakume bakarra, berriz, asteburutik dago ezer jan gabe; Silya Ziani kantaria da eta grebari «askatu edo hil arte» eutsiko diola jakinarazi du. Ziani ekainaren 5ean atxilotu zuten, eta, haren aitaren esanetan, akituta dago. Rachid Belaali atxilotuen abokatuak ere bat egin zuen atzoko protestarekin; Al-Hoceimako kaleetan izan zen, atxilotuak askatzeko eskatuz, eta amazig herriaren ahotsen artean, beste ahots bat.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Gaiak

Albiste gehiago

Hiru bonba gutun atzeman dira egun bakarrean Espainian

Uxue Rey Gorraiz

Hiru tokitan jaso dituzte bonbak: Ukrainaren Madrilgo enbaxadan, Zaragozako arma lantegi batean eta Torrejon de Ardoz herriko aire basean. Ikerketa abiatu dute hiruren artean loturarik ote den argitzeko.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, gaurko agerraldian, Espainiako Kongresuan ©J.C. Hidalgo / EFE

Grande-Marlaskak berriz esan du Espainian ez zela inor hil Melillako hesia igarotzeko ahaleginean

Ander Perez Zala

Espainiako Barne ministroak Guardia Zibila defendatu du, argudiatuta segurtasun indarren erantzuna «proportzionala» izan zela. Ikerketa batzuen arabera, gutxienez lagun bat hil zen Espainian sartzean.

Okin bat. ©EFE

'Baguette'-a ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu du Unescok

Julen Otaegi Leonet

Okinen lana eta 'baguette'-aren kultura soziala aitortu nahi izan ditu erakundeak.

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

Mikel O. Iribar - Igor Susaeta

Aliantzaren helburuetako bat da Putinek «irabazten ez duela bermatzea». G7ko herrialdeek adostu dute Ukrainako gerra krimenen ikerketak koordinatzeko sare bat egitea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.