Albistea entzun

Itsasoa sendagai bihurtu zuen erietxea

XX. mende hasieran, tuberkulosia hedatuta zegoen Bilbon eta Ezkerraldean. Horri aurre egiteko, erietxe bat eraiki zuten Gorlizko badian, eta ospitale izaera dauka oraindik ere. Jose Manuel Goikoetxea historialariaren arabera, aurten bete du mende bat.
ALBERTO ERRAZTI

Lander Muñagorri Garmendia -

2014ko azaroak 7

Bizkaian ez dago beste herririk Gorlizek bezainbeste eguzki jasotzen duenik. Are gehiago, Kantabriatik hasi (Espainia) eta Lapurdiko kosta hasierara bitartean, ez dago beste herririk Gorlizek bezainbat eguzki ordu dituenik. Horren jakitun ziren Enrique Areilza eta Luis Larrinaga medikuak ere. Eta horregatik aukeratu zuten kostako herri hori tuberkulosiaren aurkako erietxe bat zabaltzeko. Erabaki hori hartu zutenetik 105 urte bete dira aurten, eta 95 erietxea inauguratu eta zabaldu zutenetik. Bi momentu horien erdian kokatu du 1914. urtea Jose Manuel Goikoetxea historialariak, eta erietxearen mendeurrena aurten dela nabarmendu. Horregatik, hemendik gutxira kaleratuko du El Sanatorio y Gorliz. 100 años liburua (Erietxea eta Gorliz. 100 urte). «Herria bera ezagun bihurtu du erietxeak, eta, gaur egun, jende gehiena hark erakartzen du, hondartzarekin batera».

Baina zergatik aukeratu zuten Gorliz tuberkulosiaren aurkako erietxea jartzeko? Handik kilometro gutxira, Bilbon eta Ezkerraldean, gaixotasuna oso hedatuta zegoen. Langileek lan baldintza kaskarrak zituzten, eta haien bizitokiak ere ez zeuden askoz hobeto. Hirigintza planik ezak eta higiene eskasiak tuberkulosia azkar hedatzea eragin zuen. Eta XX. mende hasieran izurrite ugari izan ziren. Horren lekuko da 1919. urtean Bilbon zegoen egoera: 80.000 biztanle zituen hiriak, eta horietatik 6.000 inguruk zuten eritasuna. Bizkaian eguzki gehien zuen herria hiriburuko erietxe bihurtu zen horrela.

Garai hartan, Europan tuberkulosiaren aurkako hainbat erietxe zabaldu ziren kostako herrietan. Garai hartako medikuntzak zehazten zuen eguzkiaren argia eta itsasoak duen iodoa tuberkulosiari aurre egiteko bi elementu garrantzitsu zirela, eta ildo horri eutsi zioten Areilzak eta Larrinagak ere. Bizkaiko kostako hainbat herri bisitatu zituzten baldintza horien bila, eta Lekeitio bera leku egokia izan zitekeela esan zuten, baina arazo nagusi bat zeukan: Bilbotik urrunegi zegoela. Hau da, tuberkulosi kasu gehien zuen ingurunetik urrunegi. Beraz, ordura arte ukitu gabe zegoen Gorlizko badia hautatu zuten bi medikuek.

«1911. urtean hasi ziren erietxea izango zen eraikineko lanekin, eta zortzi urte behar izan zuten lehen gaixoak sartu ziren arte». Zortzi urte, eta hamaika enbarazu. Beharginek lanuzteak egin zituzten lan baldintza kaskarren eraginez, eta, ondoren, denborale batek eraikinaren zati bat eraitsi zuen. Horren guztiaren eraginez, Bizkaian tuberkulosiaren aurka altxatu zen lehen erietxeko lanak aurreikusitakoa baino gehiago luzatu ziren. Erietxea 1919an zabaldu zuten, eta lehen 52 haurrak artatzen hasi zen. Bi urte geroago, 210 ziren.

Sendagaia eguzkia eta iodoa ziren. Horregatik, haurrak kanpoaldean egoten ziren ahal bezainbeste denbora: goizez eraikinaren atzealdean, eta arratsaldean hondartzan. «Han, lekaimeekin hainbat ariketa egiten zituzten». Gainera, erietxean zeuden bitartean, haurrek ohi ez bezalako elikadura izaten zuten; beraz, hango egonaldia «arnasaldi bat» bezalakoa izaten zela dio. Baina gogorra ere bazen. Oro har, 10 urtetik beherako haurrak joaten ziren Gorlizera, eta zenbait hilabete irauten zuen egonaldiak. «Adin horrekin zure gurasoengandik aparte egotea gogorra izaten da, eta kasu honetan ere horrela izaten zen». Haiekin egoteko eguna igandea izaten zen, «baina, hara iristeko, bidaia luzea egin behar izaten zuten familiartekoek». Beraz, haurrek hainbat aste pasa zitzaketen gurasoak ikusi gabe.

Hemezortzi urtez etenik gabe jardun zuten lanean lekaimeek Gorlizko hondartzaren parean dagoen eraikinean. Baina 1936ko gerrak goitik behera aldatu zuen erietxeko eguneroko bizimodua. 1937an, tropa frankistak Gorlizera iritsi baino lehen, Eusko Jaurlaritzak erietxea husteko erabakia hartu zuen. Hustu zen ospitale bakarra izan zen. Bertan zeuden haurrak Frantzian tuberkulosiaren aurka zegoen beste erietxe batera eraman zituzten. «Frankistek eraikina hustu izana euren propagandarako erabili zuten, eta Jaurlaritzak erietxea bonbardatu zuela salatu zuten». Halakorik ez zen gertatu, ordea. Gudaren ostean, erietxea berriz jarri zuten martxan, baina, urteen poderioz, Bilboko eta inguruko herri industrializatuetako baldintza higienikoak hobetuz joan ziren, tuberkulosia desagertzeraino.

1980ko hamarkada erdialdean sortu berria zen Osakidetzak Gorlizko erietxea hartu zuen, baina ez zegoen iraganean izan zuen jardueraren beharrik. Gaur egun, errehabilitazio fisiko eta neurologikoan espezializatuta dago zentroa. «Han daudenentzat ere, erietxea dagoen gunea oso aproposa da, lasaitzeko aukera ematen baitie».

Ahulen alde lan egina

Josu Montalban idazle eta historialariak ere Gorlizko erietxearen garrantzia azpimarratu du: «Tuberkulosia desagerrarazteko sekulako beharra egin zuen». Baina, erietxeari baino gehiago, Areilza medikuari begiratzen dio hark. El doctor Areilza: médico de los mineros liburua (Areilza doktorea: meatzarien medikua) argitaratu zuen orain sei urte, eta Areilzak tuberkulosia bezalako eritasunak artatzeko izan zuen ikuspegia nabarmendu du. Eta gogora ekarri du «ahulenen alde» behar egin zuela.

Areilzak, 20 urte eskas zituela, Trianoko meatzarien ospitaleko zuzendaritza hartu zuen. «Han bizi izan zen hogei urtez, eta han ikusi zuen meatzarien bizi-baldintzak nolakoak ziren». Montalbanen arabera, han jabetu zen medikua prebentzioak zeukan garrantziaz, eta meategietako jabeei behin eta berriz egin zizkien beharginen baldintzak hobetzeko eskaerak. «Baldintzak hobetzea lortu zuen, eta horregatik esan daiteke ahulenen alde lan egin zuela urte luzez».

Ondoren, langile auzoetan hedatuta zegoen tuberkulosiaren arazoari heldu zion, eta Gorlizera jo. «Bilbon kale bat duelako da ezaguna gaur egun, baina ez da batere justua».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kaskezurra agerian, esperimentuetako batean. ©BERRIA

Zentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipen Onenaren lehiaketan

Edu Lartzanguren

Neural Correlate Society neurologo eta artista taldeak aurtengo lilurapen onenak zeintzuk diren ebatzi du, eta Harry Potterren

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Hilarri bakoitza mundu bat da orain»

Iker Tubia

Etxeko lanari segida ematea erabaki zuenetik, hargin eta ehorzketa lanetan aritzen da Soule. Droneak bestelako ikuspegia ematen dio, baita lanak ere: «Heriotzaz gehiago solastatu behar dela uste dut».
Txokolatezko txalupa bat itsasoratu du gaur Albaolak

Txokolatezko txalupa bat itsasoratu du gaur Albaolak

Berria

Gozo Artisauen Elkarteak egindako eraikuntzak flotatzea lortu dute.

Ogirik gabe jateak gosea ez asetzea eragiten die batzuei, antropologia sozialak dioenez. ©BERRIA

Gosearen memoria kolektiboa

Naroa Torralba Rodriguez

Espainiako gerraren ondorengo gose garaiak ditu ikergai Gloria Romanek. Elkarrizketa saio batzuk egin zituen gerraostean haur izan zirenekin, eta artikulu bat idatzi du ogiak eta gozoek haien memoria indibidualean duten garrantziari buruz. Laburpena egin du Twitterren, eta erantzun ugari jaso du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...