Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Etorkizuna bermatzeko erronka

Publizitatea

Bizigiro

Etorkizuna bermatzeko erronka

Ugaitz Gaztelu arkitektoak tresna bat sortu du baserrietako ondarea eta iraunkortasuna bermatzeko. Eraikinari ematen zaion erabileraren arabera zer egokitzapen egin aholkatzen du, baina baserrian zer lan egin, hor dago auzia.
Gaztelu arkitektoak eredugarritzat jotzen du Mungiako (Bizkaia) Landetxo Goikoa baserriaren egokitzapena.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Nortasun marka baten moduan definitu du baserria Alazne Intxauspek. Baserritarra eta Bizkaiko EHNEko kide da bera, eta bertako paisaia definitzeko garaian ezinbesteko elementu gisa ikusten du baserria. «Euskal Herria irudikatzen dugunean, belardiak, baserria eta ganaduaren irudiak askotan agertzen dira gure buruan», esan du. Egia da: euskal gizarteak mende luzeetan lotura estua izan du baserriarekin, eta, oraindik lotura horri eusten dion arren, harreman hori aldatzen ari da. Mendietara begiratuz gero, baserriak han daude oraindik, baina iraganeko jarduerari eusten diotenak gutxi dira.

«Baserriak historia luzea du», hasi da azaltzen Ugaitz Gaztelu View arkitektura eta ikerketa estudioko kidea. «500 urteko historian, aldaketa ugari izan ditu eraikinak, eta aurrerantzean ere gehiago izango ditu; guk bide horretan guztian ekarpen bat egingo diogu baserriari, eta, horregatik, errespetu handiz egin behar da esku hartzea». Etorkizuneko baserria diseinatzeko ikerketa bat egin du arkitektoak, eta eraberritze hori modu orekatuan egiteko tresna batzuk proposatu ditu. Doktore tesi bat egin du baserria nola eraberritu esango lukeen tresna bat sortzeko, eta, orain, baliabide hori profesionalen esku utzi nahi du.

Orain arteko ibilbidean, baserriak beharren arabera egokituz joan dira, eta Gazteluk badaki erabileraren arabera aldatuko direla aurrerantzean ere. «Baserriaren historian puntu bat besterik ez gara izango». Baina une honetan baserria dagoen egoera ez da iraganean izan zuena: «Lehengo distirarik gabe ikusten dut baserria; batzuetan erabili gabe, besteetan eraikinaren zati bat erorita. Ahul ikusten ditut, baina aurrera begira aukerak ikusten dizkiot». Egia da orain arteko historian baserria bere inguruarekin eta lehen sektorearekin egon dela harremanetan, eta hori galtzen ari dela. Baina egokitzeko gaitasun handia daukan eraikin bat dela dio Gazteluk. Horregatik, egungo egoeratik abiatuta zein bide egin behar litzatekeen gomendatu du bere ikerketarekin.

«Nik sortu dudan tresnak ez du esaten zer egin behar den kasu bakoitzean». Alderantziz, baserriaren egoera zein den ikusita, eta haren ondarea zein den ikertu ondoren, eraikinak behar duen eraberritze hori nola egin daitekeen zehazten du tresna horrek. «Arrasto batzuk ematen ditut, eta baserriaren iraunkortasuna hiru oinarritan zehazten dut: baserriaren jarduera sozioekonomikoa zein izango den zehaztea, horrek ingurugiroan duen eragina, eta egiten den aldaketa orok ondarean duen esku hartzea». Beste hitz batzuetan esanda, baserriari eman nahi zaion erabilera ekonomikoaren arabera eraikinaren zein zati beharko diren zehaztu beharko da lehenbizi, eta horrek ondoren zein esku hartze eskatzen duen ikertu ostera. Eta hor energia kontsumoaren jaitsiera txertatu beharko litzateke, 2030erako kontsumo hori %27 jaisteko eskatzen baitu Europak.

Horregatik, izango duen erabileraren arabera, eraikinaren atal guztietan ez da isolatze bera beharko, adibidez, eta tresna horrek hori eskainiko du, beharraren araberako egokitzapenak egitea. Puntu horietako bakoitza grafiko batean jarriko da, eta eraikinaren ondareari eta ingurugiroari egiten dion ekarpena neurtuko da hor. «Ingurugiroari errespetua izatea eta ondarearekin sentsibleak diren esku hartzeak egitea litzateke tresna honen helburua».

Erabileraren erronka

Askok hitz egiten dute baserriaren krisiari buruz, baina krisia nekazaritzarena dela adierazi du Juan Cruz Alberdi EHUko geografia irakasleak. «Baserria eraikin gisa ulertuta, ez dago krisian; eraikin ederra da, eta etxebizitza ugari atera daitezke bertatik». Gizartea gero eta hiritarragoa dela azaldu du, eta, testuinguru horretan, baserria «naturarekin harremanetan jartzeko baliabide gisa ikusten da». Alegia, ez dela ingurua lantzeari buruz hitz egiten, naturarekin harremanetan jartzearen inguruan. Eta horrek baserriak mendeetan zehar izan duen funtzioa aldatzea ekarri du. Izan ere, gero eta gutxiago dira nekazaritzarako edo abeltzaintzarako erabiltzen diren baserriak. Baina, era berean, baserriari berari etorkizuna ikusten dio. Eraberritze bat izango du, baina, ziurrenik, lehen sektoretik urrun.

Nekazaritzarekin lotura izateaz gain, bestelako funtzioak bete baititzake baserriak. Hain zuzen, aukera horiek aztertu ditu Gazteluk bere ikerketan, baserriaren ohiko funtzioarekin batera. «Aukera ezberdinetan ingurugiroan zein eragin izango lukeen aztertu dut», dio. «Ez dut ezer proposatzen; honekin ez diot denek irtenbide berak hartu behar dituztenik». Alderantziz, jarduera sozioekonomiko bakoitzarekin baserriak iraunkorra izaten jarraitzeko zein neurri hartu beharko ziren proposatzen du. Baina, finean, baserriarentzako bestelako irtenbide batzuk aurreikusten ditu arkitektoak: turismoari lotutako eraikin gisa, nekazaritza turismo, landetxe edo jatetxe moduan; museo bihurtzea ere aurreikusten du, baina, horretarako, estrategia publikoen barruan txertatu beharko litzateke kasu bakoitza; etxebizitza soil moduan; edo nekazaritza eskola gisa ere funtzionatu dezake baserriak.

«Hautatzen den edozein jarduerak paisaian eragina izango du, jatetxe bat egingo balitz automobilak aparkatzeko guneak egokitu beharko liratekeelako», dio. Haren ustez, garrantzitsuena eraikina erabiltzea da, egungo baldintzetara egokituta.

Belardiak sasi bihurtzen

Baina baserria historian betetako funtzioa betetzeari uzten hasi denean, inguruko belardi eta basoen egoera okertzen hasi da. Alberdik egoera larria dela uste du: «Belardiei eusteko, abeltzaintzaren presentzia ezinbestekoa da, eta, hori galtzen hasten denean, belardiaren lekuan sasia agertzen hasten da». Mendiak eta inguruak gero eta zikinagoak daudela adierazi du, eta «baserritarren ondare nagusia galtzen» ari dela uste du. Hau da, inguruaren mantentze lan nagusia egin duten eragileak baserritarrak izan direla gogorarazi du EHUko irakasleak, «eta jarduera hori galtzen hasi denean, begi bistan geratu da zein zen haien lana». Baserria ez baita eraikinaren ondarea bakarrik: inguruan egiten duen lana ere bada baserriaren ondarea, haren ustez.

Eta hor belaunaldi aldaketak eragin handia izan duela uste du Alberdik. «Gipuzkoako eta Bizkaiko gizarteak gero eta hiritarragoak dira, eta horrek zuzenean eragin du mendien osasunean». Duela zenbait urte, lantegian edo industrian lan egin ondoren, baserriko lanak egiten zituzten baserritarrek, eta era horretan ingurua zainduta zegoela azaldu du. «Baina gaur 70 urte inguru dituen belaunaldi horren seme-alabek ez dute halako lanik hartzen; asteburuetan jai eduki nahi dute». Ez ditu horiek egoeraren erantzule egin nahi; egun lehen sektoreak duen egoeraren ondorio dela dio. «Baserrian jarduera alternatiboak egin daitezke; dela sagardoa egiten, edo txakolina egiten, baina, gaur egun, bulegoetan lan egitea lehenesten da, errentagarriagoa delako, eta gurasoek ere ez dutelako halako bizimodua nahi euren seme-alabentzat». Egoerari buelta emateko, «lurra lantzen dutenak saritzea» proposatzen du.

Ikuspegi negatibo horren aurrean, Intxauspek uste du egoera aldatzen hasi dela. «Datu ofizialetan, lehen sektoreko jarduera beherantz egiten ari da une oro, baina eskaintzen ditugun nekazaritza eskoletara datozen gazte eta heldu asko euren bidea irekitzen ari dira, eta baserrira itzultzen ari dira». Oraindik asko falta da egoera onbideratzeko, baina urratsak sumatzen ari direla esan du, «eta horiek ez dira datu ofizialetan agertzen, hasieran ez dutelako izena ematen». Baserrira itzultzen ari diren horietako askok ortu bat jartzen dute, eta herri zein auzoetan areagotzen ari diren nekazaritza saski edo produktu ekologikoak ekoizten ari dira. «Azken finean, ortu bat jartzeak ez du halako ahaleginik eskatzen».

Baserrira itzultzeak ondarea mantentzen lagun dezake, Intxausperen ustez. Hau da, bizitzeko modu bat. Baina garbi utzi du baserritarrak bizi egin behar duela, eta horregatik kooperatiben eredua zabaltzen ari dela. Alberdiren ustez, horrek ez ditu geldituko paisaian ematen ari diren atzerapausoak, abeltzaintza jaisten ari den heinean belardiak ez baitira behar bezala zaintzen. Baina baserrirako itzulera horrek agian ekarriko du haren buelta denborarekin.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak