Pastor
DARWIN ETA GU

Auschwitz

2017ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Irene Nemirovskyk bazekien bizitzaren bide malkartsuen berri Suite française sortu zuenean. «Zeinen tristea den mundua, hain ederra eta hain absurdoa», adierazi zuen nobelan. Jatorri juduko ukrainarrak frantsesez idatzi zuen. Auschwitzen hil zen, 39 urte zituela. Primo Levi ere izan zen Auschwitzen, baina bizirik irten zen infernutik. «Agian, han gertatu zena ezin duzu ulertu; are gehiago, ez duzu ulertu behar, zeren Holokaustoa ulertzea ia justifikatzea baita», azaldu zuen. Ankerkeria basatienen historiak Auschwitz du mugarri. Auschwitz: herri bat oso-osorik Lurretik ezabatzeko genozidioa. Emakume zein gizon, zahar, gazte edo ume: den-denak hiltzen zituzten esklabo lanetan, gas kameretan, esperimentu medikuetan. Gero, xaboia egiten zuten. Zer esan horri guztiari buruz?

Asteazkenean 80 urte beteko dira Gernikako bonbardaketatik. Gernika. Gerra krimena, gure askatasunaren hiri sinbolikoaren kontrako txikizioa, sarraskia populazio zibilaren aurka. Hala ere, Auschwitz ezin da beste edonongo krimenekin parekatu. Auschwitz beste galaxia batean dago giza krudelkeriaren unibertsoan. Zer esango diogu euskaldunok Holokaustotik bizirik irtendako 95 urteko zaharrari, Auschwitzi buruz mintzatzen zaigunean? Naziek Gernika suntsitu zutela? Hark erantzungo digu naziek sei milioi judu hil zituztela. Soilik Auschwitzen ia 1,5 milioi izan zirela hildakoak, milioi bat juduak. 1940an 1,6 milioi lagun ingurukoa zen Euskal Herri osoko biztanleria. 2015eko euskal herritarren erdiak pasatxo. Atera kontuak: oraingo biztanleen erdiak sarraski eremu batean, besoan zenbakia jarria, haien gorpuzkiekin xaboia egiteko. Horixe egin zuten juduekin.

Francok Gernika txikitzeko agindu zuen. Bonbardaketa indiskriminatua izan zen, sarraski izugarria, gerra krimena. Diktadore faxistak askatasunak, euskal kultura, hizkuntza ezabatu nahi zituen. Separatistak eta gorriak desagerrarazi. Hitlerrek, aldiz, judu guzti-guztien arrastoa ezabatu nahi zuen Lurretik, gerra hasi aurreko garaietatik: ezkertiarrak edo eskuindarrak, sinestunak edo ateoak, aberatsak edo pobreak. Salbuespenik gabe. Soilik juduak izateagatik. Auschwitz desberdina da. Horregatik, ez dakomeni beste triskantza batzuekin alderatzea. Kasu honetan beste hitza esatea genozidioaren natura desitxuratzea izan liteke. Beharrezkoa da Gernikako gerra krimena gogoratzea. Alta, Auschwitz dugu hori egiteko lekurik aproposena? Naziek Gernika, Londres, Coventry edo beste edonon egindako sarraskiak Auschwitzen aipatzeak, fede onenarekin bada ere, ez al dakar, nahi gabe izan arren, «gizateriaren historiako kapitulurik ilunena» —David Cameronek 2014an bertan esandako hitzak dira— urardotzeko arriskua?

Auschwitzeraino joan behar da giza duintasuna edozein ideologia eta helburu politikoren gainetik dagoela esateko? Urkullu condena la violencia en Auschwitz, titulatu du euskal egunkari batek. Zer gertatzen da ETA gaitzesteko Euskal Herrian erabilitako mezu bera Auschwitzen, gizakiak inoiz inon egin duen sarraski izugarrienaren lekuan, hedatzen duzunean? ETA nazien pare jartzen dute batzuek, lehendakariaren bisitaren albisteko foro batean: en Euskadi no hay mucho de dignidad humana! ETA y sus mariachis no creen en eso.

Ez, mesedez. Ez. Auschwitz ezin da beste edozerekin alderatu. Auschwitzeko izugarrikeriaren funtsa ahultzea da hori. Auschwitz gizateriaren historiako atalik ilun eta latzena da. Nabukodonosor II.arengandik Donald I.arenganaino.

Ederra bezain absurdoa da mundua. Tristea. Historiaren mamuak trumilka agertzen zaizkigu, iraganaz horditurik. Nonahi, noiznahi. Munich ondoko lagun batek kontatu zidan nola gaztetan, 80ko urteetan, Israelgo mutil-lagun bat izan zuen. Amodioa egin eta gero elkarrekin dutxatzen ziren.Bainugelan, azal biluziak elkar laztantzen ari ziren bitartean, hau esaten zion, behin edo behin, mutil israeldarrak neska alemaniarrari: «Hauxe egiten zenuten gurekin». Eta xaboia erakusten zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.