KRITIKA. Musika

Digeriezina

Arkaitz Mendoza.
2017ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Jun Markl.Egitaraua: Frank Martinen Haize instrumentu eta tinbalerako Kontzertua, Toshio Hosokawaren Klage eta Johannes. Brahmsen 4. Sinfonia. Lekua: Donostia, Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Maiatzak 8.

Johannes Brahmsen Laugarren Sinfonia interpretatzean, ia hamar segundoko lasaitasuna behar da hasierako allegro non troppo-ren hegaldi zoragarriari aurre egiteko. Tamalez, Jun Markl podiumera igo, kontzertinoa agurtu, eta segituan, orkestra korrika eta presaka astindu zuen, Brahmsen musikak behar duen digeritze patxadatsua guztiz moztuz. Lehen biolinek irekitzen duten paradisuko ate distiratsua gurasoen errieta bat izaten amaitu zuen zuzendariaren eskuetan. Brahms izorratu egin zen; eskerrak non troppo idazten dela partituran! Abiadura jarraiezinak akats garrantzitsuak ekarri zituen haize eta hari instrumentuen arteko erritmo jokoen bateratzean. Soinua zuzenegia, lehorra, lakarra; biribiltasuna eta dotorezia antzeman gabe. Andante moderato atalean erosoago aritu zen orkestra, lasaitasunean jakia hobeto digeritzen dela frogatuz, baina berriz ere txalaparta suziri eroan murgildu ziren. Sinfoniaren azken bi ataletan, klarinetea jokoz kanpo garrasika, tronboiak talde lanetik at, eta biolontxeloak biolinei laguntza eskaini gabe. Gaurkoan, lehen aldiz interpretatutako obrak garaile atera ziren.

Bai Frank Martinen obra dibertigarrian bai Toshio Hosokawa japoniarraren musika lazgarrian, orkestra ikasiagoa sumatu nuen. Orkestrako haize instrumentuko bakarlariek lan txukuna egin zuten, aldez aurretik eginiko ikasketa prozesu serioa onuragarria izan dela erakutsiz. Duela sei urte Japonian sufritu zuten tsunamian ama batek itsasertzean bere haurraren gorputza aurkitzen duela musikatu nahi izan du Hosokawak. Mihoko Fujimura mezzosopranoaren interpretazioaren laguntzarekin, perkusio taldearen burrunba, ahotsaren deklamazioak eta ezusteko soinu efektu egokiak izan ziren, batzuetan, berriak diren ekintzek freskotasuna ekartzen dutela begi bistan utziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.