Albistea entzun

Sanferminak Iruñean

Ikurrinaren itzalpeko txupinazoa

Sanfermin besten hasiera historikoa izan da, suziria ia hogei minutuko atzerapenarekin lehertu baitzen plazan

Ikurrin handi bat eskegi zuten udaletxearen aurrean; kendu arte ez botatzea ebatzi zuten
11:50ean eskegi zuten ikurrina handia udaletxe aurrean.
11:50ean eskegi zuten ikurrina handia udaletxe aurrean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Edurne Elizondo -

2013ko uztailak 7 - Iruñea

Eguzkiak gogor jotzen zuen. Asteburuak jendetza eraman zuen Udaletxe plazara. Milaka pertsonak egin zuten bat, sanferminen hasiera iragarriko zuen txupinazoaren zain. 10:00etarako lepo beteta zeuden herriko etxe inguruko bazter guztiak. Jendea algaraka, bestan murgiltzeko prest. 12:00ak jo zituzten. Baina suziririk ez zuen eztanda egin Iruñeko zeruan. Atzo eguerdian, txupinazoak huts egin zuen.

Iruñeko Udaleko agintariek hartu zuten txupinazoa atzeratzeko erabakia. Arrazoia: herriko etxearen aurrean zintzilikatu zuten ikurrin handia. Plazan bertze ikurrin txiki anitz sartu ziren 11:30ak aldera. Ikurrin handi bat Mercaderes karrikatik sartzen saiatu ziren hainbat herritar, halaber, baina udaltzainek eta foruzainek ez zieten utzi. Tentsio uneak izan ziren, eta poliziek haien borrak erabili zituzten ikurrinak plazan sartzen saiatu zirenen aurka. Plazan ziren herritarren artean ere bultzadak izan ziren.

Mercaderesko bideak huts egin zuen. Baina ikurrinarentzat bazen bertze alternatibarik. 11:50ean, herriko etxearen bi alboetara diren etxeetako teilatuetan hainbat pertsona agertu, eta kainabera batekin jaurtikitako kablea lagun, ikurrin handi bat eskegi zuten. Udaletxearen aurrean gelditu zen, zintzilik.

Plazan txupinazoaren zain jarraitzen zuten iruindarrek eta egunotan hirira etorri diren bisitariek. Udaletxe barruan, berriz, tentsioa eragin zuen ikurrinak. Iruñeko alkate Enrique Maiak Bilduko zinegotziei egotzi zien gertatzen ari zenaren ardura. «Ziur naiz Bildu dagoela honen atzean».

Bilduko bozeramaile Eva Arangurenek erantzun zion Maiari. Ikurrina zintzilikatuko zutela ez zekitela azaldu, baina haren alde egin zuen. «Ikur horren presentzia aldarrikatzen jarraituko dugu», erantsi zuen. Bildu izan zen, hain zuzen ere, ikurrina zintzilikatzea salatu ez zuen talde bakarra. NaBaiko bozeramaile Uxue Barkosek erran zuen «tristea» dela norbaitek ikurrina jartzea «besten hasiera oztopatzeko».

Ezohiko bilera egin zuten Iruñeko Udaleko taldeek, baina ez zuten mozioa adostea lortu ikurrina jarri izana gaitzesteko. Goardiako epaileak, berriz, auzia martxan jarri zuen, ustez ordena publikoaren aurkako delituagatik.

Azkenean, 12:18an

Udaletxeko plazan hamaika tokitako banderak ikusten dira urtero, herritarrak txupinazoak eztanda egiteko zain direnean. Ikurrina da sarrera debekatua duen bakarra. Atzo ere, zintzilikatzeko erabilitako kablea moztu, eta kendu egin zuten, azkenean, herriko etxe aurrean eskegi zutena.

12:18 ziren ordurako. Eduardo Vall PSNko zinegotziak su eman zion txupinazoari. Iruindarrak ez ezik, kanpoko bisitariak ere kontuan izan zituen bere agurrean. «Erakundeei zor zaien errespetutik», erantsi zion bere diskurtsoari. Eta hitzok erranda, ohiko «Gora San Fermin» oihukatu, eta ia hogei minutuko atzerapenarekin, sanferminak hasi ziren, azkenean. Gorabeheratsua izan zen hasiera, hala ere, txupinazoaren ondoko suzirietako bat plazara erori baitzen, zeruan eztanda egin ordez. Lau lagun zauritu ziren, ondorioz. Ez daude larri. Aurrera jarraitzen du bestak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.