Albistea entzun

Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Ez da esperotakoa, gehiago da

Angel Aldarondo -

2017ko irailak 26

'Handia'

Zuzendariak: Aitor Arregi eta Jon Garaño. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 114 minutu.

Zinema asko dago Handia filmaren sortzaileen buruan, eta Handia-ren gorputzean pelikula asko daude. Beharbada, gehiegi. Baliteke filmak bide gehiegi ibiltzea, istorio larregi izatea, zabuka ibiltzea. Genero, tonu, prosa gehiegi. Beharbada bai, auskalo. Baina zer espero dezakegu, ba, zalantzaren inguruan orbitatzen ari den film batez?

Handia anbizio handikoa da. Batez ere, zuzendariek kontakizunaren logikatik harago joan nahi izan dutelako. Arrisku handikoa ere bada, ia ausarkeriaz jokatzeraino, ez dutelako Altzoko erraldoiaren istorio lausoaz espero zitekeena irudikatu; ez dutelako ohiko aurreikuspenak asebete nahi izan. Filmak ustekabean harrapatzen zaitu, harrigarria da, ez delako inork espero zuena. Ez, askoz gehiago da.

Zuzenagoak izan zitezkeen, errazagoak, eta Elephant Man filmaren drama birsortu, edo Spielberg eta Bayonaren azken erraldoi negar-eragileen pare jarri, edota Big Fish fabula preziosistaren mailan jo. Baina Handia-k Tim Burtonetik zerbait izatekotan, Edward Scissorhandsen amets-irudia izango litzateke: ingurune arrunt eta gordin batean bere arrarotasunaz jabetzen ez den ezohiko pertsonaia apartaren istorio bitxia.

Soilki macGuffin gisa egokitu daitekeelako Handia, norberaren izaera onartzen ikasi, ingurunera moldatu eta hari aurre egiteko zailtasunaz aritzeko. Horregatik, erdibitutako anaiaren historia intimista kontatzen digu, ohiz kanpokoarekin osatzen den pertsonaia arrunta.

Filmari eusten dion aldamioa sendoa da, baina bere bizkarrezur bihurgunetsuak zalantza sortuko du ikuslearengan, dudak izango ditugu erraldoiaren pausoak nora doazen jakiteko. Horrek eragina izan dezake filmaren bigarren erdian, arritmikoagoa eta luzeagoa dela nabarituz. Erraldoiaren kondaira handitzera doala espero dugunean, jibarizatzen tematzen direlako. Gehitzen dutena bezain garrantzitsua delako kentzen dutena. Epika, zarata eta abentura minimizatu dute, James Grayk Z filmean egin zuen bezala, esaterako. Berriz ere, emozioa eutsi dute, jada Moriartiren zigilua.

Horren ordez, muturreko ispilu joko batez gozatuko dugu. Egia eta gezurra, mitoa eta kondairaren artekoa. Sentikortasunez betetako konposizioak ikusiko ditugu; lehen aldiz erraldoi bat ezagutzen duenekoa, erregina aurkezten diotenekoa, sexu emantzipazioarena, edo, bukaeran, poesia bisualari ematen dion besarkada. Hori guztia, irudi gogorarazleekin, umore antropologikoarekin, interpretazio onekin, egundoko trukajeekin, zuzendaritza artistiko landuarekin eta ondo irudiztatutako garaiko giro errealista batekin jantzita.

Baliteke kameraren atzean ahots gehiegi egotea, baina ahots korala da. Handia-k kontrako sentimenduak eragingo ditu ikusleengan, baina zuzendariek ondo dakite. Protagonistak berak ohartarazten die filmaren une batean, ikusmin handiegia dagoenean publikoarentzat dena izan daitekeela txikia. Nik esan dezakedan egia bakarra hauxe da: ikustean harrituta edo galduta geratzen direnei pazientzia izan dezatela esango nieke. Ikusiko dute etxerako bidean Handia-ren oroitzapena etengabe haziko dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Epaileak, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa epaitzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bertsogintzaren matematika

Miren Mujika Telleria

Hainbat faktorek egiten dute posible bertsolari txapelketa bat, eta faktore horien artean dago, noski, epailetza. Hogeita bat epaile arituko dira hasi berri den txapelketan bertso bakoitzari puntuazioa ematen. Zein da, baina, puntu horiek gora edo behera egiteko neurgailua?
Gozategi taldearen kontzertua, Donostiako Aste Nagusian. ©Gorka Rubio

30 urte, baina beti gazte

Maria Ortega Zubiate - Gipuzkoako Hitza

Gozategi taldea 30. urteurreneko biran ari da aurten, eta plazetako harrera «ikaragarria» izaten ari dela dio Asier Gozategi soinu jotzaileak. Bihar Urnietan joko dute, eta urriaren 15ean, Zarautzen.

 ©IRUNE IZQUIERDO

Erretzaile damutuen konpainia

Berria

Aingeru Epaltzak hirurogei urteen talaiara iristen ari den kazetari bat jarri du 'Erretzaile damutuen konpainia' eleberri berriaren ardatzean: Edu Saragueta. Komedia garratz eta erotikoa, gizarte nahasi baten erretratua eta, batez ere, nobela beltz petoa osatu du.
Korri, Xalto eta Brinko animazio taldearen egitasmo bat bultzatuko dute. ©Hitza

Piztu METAk hamabost proiektu hautatu ditu

Berria

Egitasmoak sustatzeko finantzaketa kolektiboa hasiko dute. Gipuzkoako aldundiak 70.000 euro jarriko ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...