Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Hobi komun batean ehortzitako 82 gudari omendu dituzte Gernikan

Publizitatea

Gizartea

Hobi komun batean ehortzitako 82 gudari omendu dituzte Gernikan

Gehienak gipuzkoarrak eta EAJkoak ziren, baina badira CNT, ELA eta EAE-ANVkoak ere. Olanok esan du «zor historikoa» kitatu dutela
Ekitaldian, biktimen izenak jasotzen dituen monolito bat eta plaka bat inauguratu zituzten.
Argazkia: ARGAZKI PRESS

2017-06-18 / Samara Velte

Zortzi hamarkadatan «ahaztuta» egondako 82 gudariri aitortza publikoa egin zieten atzo Gernika-Lumoko (Bizkaia) hilerrian. Han daude lurperatuta 1936ko gerran borrokan hildako dozenaka lagun, hobi komun batean, eta, atzo arte, haien nortasunaren berri ematen duen identifikazio ikurrik gabe. 82 horietatik 72 gipuzkoarrak zirenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin zien, eta harekin «zor historikoa» kitatu zuela adierazi zuen Markel Olano ahaldun nagusiak. Memoria lanerako, Erkibe eta Gernikazarra elkarteen laguntza izan dute.

EAJren Loiola, Amaiur, Intxarkundia eta Saseta batailoiko kideak dira omendutako «gehienak»: Araban, Asturiasen (Espainia) eta Bizkaiko mendietan hil ziren, 1936ko azarotik aurrera. Ordurako, frankisten kontrolpean zegoen Gipuzkoa, eta EAJk Gernikan zeukan kuartel nagusia. Omendutako biktimak Gipuzkoako 28 udalerritakoak dira; horietako zenbaitetako alkateek ere parte hartu zuten ekitaldian, hala nola 50 gudari ingururen senideek. Gipuzkoako diputazioko eta Batzar Nagusietako ordezkariez gain, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia ere egon zen, baita EAJko goi kargudun ezagun batzuk ere. Hobi komun horretan CNTko, EAE-ANVko eta ELAko gudari batzuk ere badira, eta beste 270 soldadu errepublikano ere lurperatuta daude Gernikako hilerrian.

Bilbon eta Iruñean, protesta

Egunotan, hain zuzen ere, 80 urte beteko dira frankistek Bilbo hartu zutenetik. Frankismoko Krimenen Aurkako Kereilak deituta, manifestazioa egin zuten atzo, egun haietako gehiegikeriak salatzeko. Bestalde, Igari-Bidankozeko gainean (Nafarroa), gogoan izan zituzten frankismoko esklaboak: gogora ekarri zuten handik igarotzen den errepidea gerrako 2.400 presok egin zutela, derrigortuta.

Publizitatea

Sortu kontua
Samara Velte Samara Velte

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak