Albistea entzun

Hezkuntza. Euskal Curriculuma

LEGEAREN ITZALA FALTA

Euskal Curriculuma idazteko bidean buru-belarri ari ziren orain hamar urte eragileak. Bihar beteko dira hamar urte adituen txostena aurkeztu zutela. Bide zaila izan du curriculumak, legearen babesik eza dela eta. LOMCErekin gehiago estutuko zaio bidea, baina adostasunerako aukera ere zabaldu da.

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko ekainak 22

Topagunea izan zen, maiz elkarrengandik horren urrun aritzen direnak elkarrekin jarduteko tokia. «Aukera hori jarri izana, hainbat eragile elkarrekin jarri izana lanean, hori da lorpen handienetako bat. Ordezkariak bakarrik ez, hainbat saretako eskolak ere sartu ziren». Gozotasun hori du gogoan Lore Erriondok, Euskal Curriculumaren garabideaz galdetzean. Gazia ere badu, ordea. Gerora bide trabatua izan du, legearen gerizperik gabekoa. «Ia-ia. Horrelaxe geratu ginen. Ia-ia».

Hamar urte atzera eginda, Euskal Curriculuma taxutzeko lanean bete-betean ari ziren hezkuntzako eragileak. Bihar beteko dira hamar urte adituen txostena aurkeztu zutela; 63 adituren ekarpenak bildu zituzten. Urrats handia izan zen, baina ez bakarra. «Aurreko urteetan eginiko lana ere aintzat hartu behar da», ohartarazi du Erriondok. Mugarriak badira. 1996an bat, EHIK Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak curriculumaren «euskal dimentsioari» buruzko gogoeta abiatu zuenean. 2003an bestea: itun bat egin zuten EHIK-k, Sortzen Ikasbatuaz-ek eta Udalbiltzak; Euskal Curriculuma sortzeko prozesua abiarazi zuten akordioaren bidez.

Elkartuz joan ziren eragileak, curriculuma egiteko trenera igoz. «Basamortuan, bakar-bakarrik ari ginen sentsazioa genuen hasieran, baina etorri ziren beste eragile batzuk ere». Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak gertu-gertutik ezagutu zuen prozesu hura. Behetik gora egindako ibilbidea izan zela, hori nabarmendu du behin eta berriro: «Herritik sortutako proiektua zen. Goraipatzekoa da diseinu hori, herrialde gehienetan goitik beherakoa izaten baita, estatuak egindakoa». Proiektua sendotzeko bidean «sekulako garrantzia» izan zuen bihar hamar urte beteko dituen pausoak, alorrean alorreko adituek eginiko ekarpenak.

Elkarlanarekin gogorapen ona dute Tellituk eta Erriondok, baina aitortu dute gorabeherak izan zirela bidean. Erriondo: «Negoziazioak zeuden; hainbat gauza bidean utzi behar izan ziren». Zailtasunak hartu ditu ahotan Ikastolen Elkarteko buruak: «Aniztasuna kudeatzea ez da erraza. Oso eragile desberdinak zeuden tartean, eta kudeatu egin behar zen».

Beste paradigma bat

Batekoak eta bestekoak zeuden. Batetik, adituak, alorrez alor. Bestetik, eragileak, hainbat saretakoak. Azken dokumentua sinatu zuten, adibidez, ikastolek, Kristau Eskolak eta guraso talde batzuek. Jaurlaritza ere tartean zen.

Berria zen elkarlana, baina egiten ari zirena bera ere berria zen. «Hasieratik genuen buruan paradigma aldatu behar genuela, Europako mugimendu aurrerakoiekin bat egin behar genuela», azaldu du Tellituk. Orain askotan esaten da ikasleek oinarrizko konpetentziak lortu behar dituztela; ikasgai zehatz batzuetako jakintzatik harago, bizitzeko behar diren gaitasunak lortu behar dituztela. Horretarako pausoak ematen hasi ziren curriculumean. Erriondo: «Berritzailea izan zen, bai. Punta-puntan zegoen oinarrizko konpetentzien gaia garai hartan. Baina ez zen lehen aldia: Euskal Herrian, beti ibili gara aurreratuta hezkuntzan».

Negoziazio eta gorabehera horien ondoren, 2008ko ekainaren 21ean —atzo sei urte— plazaratu zuten curriculuma bera, honako izenburuarekin: Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma, oinarrizkoa eta komuna. Eskola batzuetan «testa pasatuta» zegoen, Tellituk azaldu duenez. Berme guztiak bazeuzkala, alegia.

Lege babesa emateko unea zen. Abiapuntua ez zen ezkorra. «Ilusionagarria zen egoera, lortu zelako eragileek eta erakundeek bat egitea proiektuarekin», nabarmendu du Erriondok. Euskal Curriculumaren prozesua begi onez hartu zuen Eusko Jaurlaritzak hasierako faseetan —Anjeles Iztueta zen sailburu—, eta curriculumaren beraren txostenean parte hartzaile modura ageri da Jaurlaritza.

Gauzak okertzen hasi ziren. Zabala zen adostasuna, baina ez erabatekoa. Ez zuten parte hartu sare publikoko eragileek —BIHE, EHIGE, Sarean—, eta Euskal Herrirako Curriculuma proposatu zuten.

Tellituk uste du pixkana «lausotuz» joan zela Hezkuntza Sailaren babesa —hauteskundeak ere izan ziren tartean, eta, Iztuetaren ordez, Tontxu Camposek hartu zuen Hezkuntza Sailaren ardura—. Sare publikoko eragileek proposamena Euskal Curriculumaren «ekarpen» gisa aurkeztu zuten, baina Ikastolen Elkarteko lehendakariak dio azkenean «bi curriculum» zeudela mahai gainean.

Jaurlaritza, bien erdian

Dekretu berriak egin zituen Hezkuntza Sailak. «Max-mix bat egin zuen bien artean, denok pozik uzteko. Bide onean zeuden dekretuak, baina behar guztiak ez zituzten ase». Desadostasunak areagotzen hasi ziren. «Konponduezinak zeuden batzuen eta besteen artean». Ez aurrera ez atzera geratu zen prozesua, Tellituk aitortu duenez. «Benetako eztabaida behar zen, baina aukera galdua izan zen. Indarra hor galdu genuen».

Ekarpenak egiten aritu ziren adituen artean ere badago sentsazio ezkorra. Erriondo: «Ia-ia geratzeak ekarri zuen alferrikako lanaren irudipena, erretzea... Esaten genuen: 'Hainbeste energiak balio izan ote du?'. Uste genuen oraingoan baietz, baina, azkenean, ez. Indar asko galdu zen». Azken urratsean geratu ziren. «Ez zen aukera izan azken puntua jartzeko, dekretuetara eramateko. Itxaropena zapuztu egin zen hor».

Bidea trabatzea eragin zuen horrek, eta eragileen arteko harremanak ahulduz joan ziren, nahiz eta adostu zutenak paperean jarraitzen zuen. «Nahiz eta oraindik elementu asko oso baliagarriak izan, gerora ez da lortu eragileek bat egitea ilusio harekin, proiektu harekin, eta bere egitea», ohartarazi du Erriondok. Bereziki nabarmendu du «bere egite» hori, gainera. «Zeren paperean bat egin daiteke, baina bere egiten ez baldin bada, ikastetxeetaraino heltzen ez bada, propiotzat hartzen ez bada, ez da».

Hauteskundeak etorri ziren berriro, 2009an. Eusko Jaurlaritza PSE-EEk hartu zuen, PPren eskutik. Berriro aldatu zuen curriculuma Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak, eta aldendu egin zuen Euskal Curriculumaren ildotik. «Aldaketa politikoak izan ziren, ez pedagogikoak», azaldu du Tellituk. Euskal Herria kontzeptua ezabatu egin zuen, besteak beste. Behin egoera horretan, lehengoa berreskuratzea zaila zen, Erriondoren hitzetan: «Zapuztu eta gero, ezin zara lehen utzitako puntutik hasi, baizik eta atzeragotik».

Bere bidea hastea erabaki zuen Ikastolen Elkarteak, Elkar argitaletxearekin batera. Eki proiektua sortu zuten, Euskal Curriculuma oinarri hartuta. Asteon amaituko du lehen ikasturtea eredu berri horrek, DBHko lehen mailan. Zabalduz joango dira orain. Zailtasun batzuk izan dituzte horretan. Diru laguntzak desagertu izana aipatu du adibide gisara Tellituk.

Ikastetxeetara proiektua iritsi zen, hala ere. «Egia da landu zutela. Eta egia da paperean dagoena ez dela egin batzuetan, baina beste gauza batzuk, bai, egin dira». Erriondok dio abiapuntu gisa hartu behar dela curriculuma.

Egoera berrian

Curriculum ofizialen jiran, baina ofizialtasunik gabe, horrela egin du bidea Euskal Curriculumak. Garaiak aldatzera doaz, baina. Espainiako hezkuntza erreformarekin, LOMCErekin, topo egingo du irailean. Bateraezinak direla ohartarazi du unibertsitateko irakasleak: «LOMCE aplikatzea Euskal Curriculumaren oinarriaren aurka egitea da. LOMCE aplikatzen baldin badugu, ez dugu Euskal Curriculumaren aukerarik». Horren aurrean, Erriondok ohartarazi du orain arte egindako bidea bera ezbaian jar dezakeela Madrilgo gobernuaren erreforma eskoletara iristeak: «Orain arte egindako urratsetan atzera egitea ekarriko luke». Euskal Curriculumaren ildoa arriskuan dagoela.

Beste proiektu bat mahai gainean azaldu da, ordea. Heziberri 2020 proiektua aurkeztu du Jaurlaritzak. Plan horren «oinarrian» Euskal Curriculuma dagoela dio Tellituk, eta «aukera on bat» izan daitekeela lehen jorratutako bidean aurrera egiteko. Elkarlanerako foro bat ere sortu du. «Sare guztietako jendea dago, eta izan daiteke bigarren aukera bat». Sare publikoko eragileak ere ari dira parte hartzen egitasmoan.

Mugak estutuko ditu erreformak, baina ireki den egoerak ekar ditzake aukera berriak. Inplikazioa beharko dela, bat datoz biak. Eskolei begiratu die Erriondok: «Gure eginkizun hezitzailearekin inplikatu behar dugu». Gizarteari so ere badago: «Gizartea ez dago orain hamar urte bezala». Argazkiari eusten diote oraingoz: eragileak eta Jaurlaritza mahai baten bueltan jesarrita daude. Tellitu: «Ea ez den alferrik galtzen».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Gorka Rubio

Miren Dobaran: «Euskararentzat esparru gehiago irabazi behar ditugu; hori da gure obsesioa»

Julen Aperribai

Eusko Jaurlaritzak kirola, aisialdia eta eremu sozioekonomikoa ditu lehentasun nagusi. Hamarkada honetako hizkuntza politikaren oinarriak Euskara Sustatzeko Ekintza Planean zehaztu nahi ditu.

Amaitu da Euskaraldia

Ariketa sozialarekin jarraitzera deitu dute

Edurne Begiristain

Aurtengo Euskaraldian 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek eman dute izena. Ariketa soziala gizartean «txertatua» dagoela nabarmendu dute
Euskalgintzaren Kontseiluaren manifestazioa Iruñean, merezimenduen dekretuaren kontra. ©Iñigo Uriz, Foku

Hizkuntza eskakizunetan katramilatuta

Julen Aperribai

Izan legedia aldatzeko prozedurengatik, hizkuntza eskubideen kontrako epaiengatik nahiz diskurtso politikoengatik, sarritan euskara hizkuntza eskakizunei lotuta egon da eztabaida publikoan azken ikasturtean. Bada motiborik datorrenean ere hala segiko duela pentsatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.