Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

19. Korrika

Ikasle eta langile, bidean

Araban sartu-irtena eginda, Bizkaira iritsi da Korrika.

Bidean elurra topatu arren, gogoz egin dute aurrera lasterkariek.

Ikasle eta langile ugari irten dira

Hodei Iruretagoiena, Berriemaile berezia -

2015eko martxoak 24 - Durango

Ia Gipuzkoa osoa zeharkatuta, iritsi da Bizkaira 19. Korrika. Baiona eta Donostia atzean utzi ostean, elurpean esnatu ziren goizean goiz Oñati eta Legazpi aldeko euskahaldunak. Araban sartu-irtena eginda, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ziren atzo: Debagoienean, Durangaldean, Debabarrenean... Nabari zen astelehena zela: ikasle eta langile ugarik bat egin zuten euskararen aldeko lasterketarekin.

Kalean hotz egin arren, gogoz itxaron zuten lekukoa San Martin eskolako ikasle eta gurasoek Aramaioko sarreran (Araba), eskolaren aurrean. Nahiz eta elurra mara-mara ari, nahiz eta autoak eta belardiak zurituta egon. «Oso polita da Korrika», adierazi zuen Eneritz Garrok. Besteak beste, euskararen herria marrazten duelako, ikasgelako arbeletatik kanpo ere. «Haurrentzat naturala da Euskal Herriaren osotasuna eta euskaraz bizitzea. Gure etxean euskaraz bizi gara».

Korrikan ere egiten dute ekarpena Debagoiena eskualdeko euskaltzaleek: aurten leku askotan gertatu bezala, bukatuta zeuden elastikoak goizerako. Aramaioarrena ere ez da ahalegin makala: herriko eragileen artean bete zituzten kilometro guztiak, ez baitago enpresa handirik bertan, inguruko herrietan bezala. Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, eskola umez josita zeuden errepide bazterrak. Txikienek ilusioz eta irribarrez agurtzen zituzten AEKren furgonetak, baita lantegietatik irtendako langileek ere.

Euripean Elgetarako malda igo ondoren, Bizkaira heldu zen 19. Korrika. Elorriora bidean, Bizkaiko sarreran egin zion ongi etorria Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Herriko sarreran, udaleko langileek hartu zuten kilometroa. Josune Arangurenek ezin izan zuen lankideekin korrika egin, baina bulegotik udaletxe azpira aterata jarraitu zuen Korrika. Beste erakunde batzuetan ez bezala Elorrion euskaraz aritzen direla nabarmendu zuen: «Material gehiena euskaraz sortzen dugu; kultur agenda euskaraz banatzen dugu...».

Durango bihurtzen da euskal kulturaren ipar urtero, liburu eta disko azokarekin. Lan hori omendu nahi izan du aurten Korrikak, eta bereziak izan ziren Landakoko momentuak. Hantxe hartu zuten lekukoa, esaterako, Gerediaga elkarteko ordezkariek. Hori «ohore bat» zela aitortu zuen Nerea Mujika presidenteak. Duela mende erdi elkartea sortu zutenak izan zituen gogoan Anton Mari Aldekoa-Otalorak: «Tipi-tapa, tipi-tapa, beti aritu dira euskararen alde. Sortu zenetik, aurrera jarraitzeko ekina eman diogu, eta horretaz harro gaude. Beste katebegi bat gara gu».

Landako aurrean hartu zuten Korrika kultur alorreko beste hainbatek ere: Ruper Ordorikak, esaterako. Harekin aritu zen lasterka Ray Fernandez musikari kubatarra ere, lehenengo aldiz, Euskal Herrian biran ari dela baliatuta. Matiena auzotik atera, eta Berriz, Zaldibar, Mallabia pasatuta iritsi zen Eibarrera (Gipuzkoa). Ia egun osoa euripean eman arren, ez zuten hutsik egin euskahaldunek; besteak beste, Eibar futbol taldeko kideek eraman zuten lekukoa.

Leondik Eibarrera

Untzaga plazatik aurrera ahal zuten arte aritu ziren korrika Angelita Gallastegi eta Estela Alvarez, «emozio handiz». Eibarren jaioa bata, eta Leondik (Espainia) etorria bestea, urte luzez aritu dira euskararen aldeko lanean. Aitaren egoskorkeriari esker eutsi diote euskarari Gallastegiren etxean: «Hori da zerbait barruan duzuna, eta sentitzen duzu transmititu behar duzula». 25 urterekin Leondik etorri eta Eibarrera ezkonduta, etxean euskaldundu zen Alvarez.

Urte luzez aritu dira euskarari hauspoa ematen. Honela dio Alvarezek: «Nik ahalegin handia egin dut seme-alabak ikastolara eramateko». Duela berrogei bat urte, seme-alabak izan zituztenean, biak aritu ziren herriko ikastolaren alde. Alvarez: «Dirua geuk jarrita, bueltan jasotzeko segurtasunik gabe. 40.000 mila pezeta asko ziren orduan, eta hor esan nuen, amorruz: 'Kosta ahala kosta, ikasiko dut euskaraz'». Euskahaldun dira orain: «Euskaraz bizi gara, gogoz. Sentitzen dugulako, geurea delako».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Alemaniako Grevenbroich hiriko parke eolikoa, eta, atzean, ikatzezko zentrala, duela gutxiko irudi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

PLANETAREN MUGEKIN TALKAN

Iñaki Petxarroman

50 urte dira Hazkundearen Mugak txostena kaleratu zutela. Ekonomia ulertzeko beste modu bat ezarri zuen, eta zientzian oinarritutako sistema batekin erakutsi zuen hazkunde etengabeak etorkizunean eragin zitzakeen arazoak. Gaur egun, begi bistan daude arazo horietako batzuk, hala nola klima krisia eta bioaniztasunaren galera.
 ©BERRIA

«Gure aztarna ekologikoak egungoaren hamarren bat izan behar du»

Iñaki Petxarroman

Kontsumoa eta ekoizpena apaltzea eta espiraleko ekonomia martxan jartzea beste biderik ez du ikusten Antonio Valerok.
Jainkosaz aldatzeko prest al gaude?
Indarkeria matxistaren kontrako protesta bat Gasteizen, artxiboko irudi batean. ©Jaizki Fontaneda, FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.