Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia «Oso zaila da onartzea laborariak erein aurretik inork haren uzta erostea»

Publizitatea

Ekonomia

Ignacio Gil. Nafarroako Landa Garapeneko zuzendaria

«Oso zaila da onartzea laborariak erein aurretik inork haren uzta erostea»

Udaberriko ur eskasia dela eta, Gilek onartu du presio handia izan dutela lehortearen aurkako neurriak ezartzeko. Haatik, gobernuak egoera ez du lehortetzat jo, eta asmatu dutela azpimarratu du.
Argazkia: IÑIGO URIZ /ARGAZKI PRESS

2017-08-12 / Joxerra Senar

Gari, garagar eta gainerako zerealen ekoizpenak «garrantzi berezia» du Nafarroako nekazaritzan. Iruñerritik Erriberaraino 190.000 hektarea hartzen ditu zerealaren landa eremuak; hau da, lurralde osoaren azaleraren %19. Ignacio Gil Landa Garapeneko zuzendari nagusiak (Fustiñana, Nafarroa, 1966) inportantzia ekonomikoaz gain, ingurumen arlokoa ere azpimarratu du.

Nolakoa izan da kanpaina?

Aurreikuspen txarrak genituen, batez bestekoa baino euri gutxiago egin duelako, eta horri bestelako klima ezbeharrak gehituz gero, uste genuen aurreko urteetakoa baino apalagoa izango zela uzta. %30 eta 40% arteko jaitsiera batez hitz egin zen, eta, azkenean, aurreko urtearekiko %7-%8ko jaitsiera izan da. Lasai geunden, nahiz eta lehorteari aurre egiteko laguntzak deitzeko presioa izan dugun. Guk ikusten genuen hemengo egoera ez zela beste toki batzuetakoa bezalakoa. Asmatu dugulakoan nago.

UPNk presio egin zuen lehortearen mahaira deitzeko. Oso euri gutxi egin zuen udaberrian. Zergatik ez duzue lehortetzat jo?

Ikusten genuelako laboreen egoera nahiko onargarria zela. Irailean, erein aurretik, jada hitz egin zen lehorteaz, baina euriak etorri behar zirenean heldu ziren. Garai egokietan egin du euria. Ebroko urtegiaren egoerak bai kezkatu gaitu, Erribera aldeko ohiko ureztatze sistemak hornitzen dituelako. Hala ere, ez genuen arrazoirik ikusi lehortearen mahai deitzeko. Zereal sektorea izan zitekeen gehien kaltetua, baina eremuaren %90ek baino gehiagok asegurua du. Zerealaz gain, larreen egoera ona da. Belarraren lehen mozketa ona izan da, eta horrek esan digu ez geundela erratuta.

Udan gaude, eta urtegiak, batez beste, %51 daude beteta. Kezkatzeko egoera da?

Esa eta Itoitz arazorik gabe daude. Ebron, bai ezarri ditugu ura erabiltzeko murrizketak. Oso une erabakigarrian gaude. Udaberri eta uda arteko barazkiek ura behar dute, eta era berean udazken eta negurako barazkiak landatzeko ureztatu behar da. Abuztutik irailaren 15era arte ur eskari handia izango dugu, eta espero dugu kanpaina ondorio handirik gabe amaitzea. Sektoreak eragozpenak izango ditu, baina aurrera ateratzea espero dugu.

Alarmarik ez da piztu.

Ez, hala ere, pausoak eman ditugu Espainiako Nekazaritza Ministerioak aintzat har dezan. Ohartarazi genien udak kezkatzen gintuela. Berriki, lehortearen aurkako neurrien dekretu bat atera dute, eta, bai, eskatu diegu Ebroko ibarra aintzat hartzeko. Ez dugu erantzunik jaso.

Uzta ona izan bada ere, nekazaritza arloko aseguruak estrategikotzat jo ditu Isabel Elizalde kontseilariak. Zergatik?

Ezin hobea da klimak eragindako ezbeharrei aurre egiteko. Oso zaila litzateke edozein administraziok edozein zorigaitzek eragindako galerak ordaindu behar izatea. Neurri batean, sektoreak eusten dio elkartasun sistema horri, baina administrazioak ere laguntzen du. Guk, aurten, 2,4 milioi eurotik 3,5 milioi eurora handitu dugu aurrekontu saila.

Zergatik?

Enesa Espainiako Nekazaritzako Aseguru Erakundeak erabaki duelako laguntzak murriztea: guk egin dugu esfortzua hutsune hori betetzeko. Uste dugu estrategikoa dela aseguru adar guztiak sendotzea. Hori da laborari profesional batek duen bermerik onena egun txar batek ez dezan utz urte osoko uztarik gabe.

Azken urteotan ohiko egiten ari al dira urtaro arraro hauek?

Klima aldaketan sinesten hasi behar dugu. Nekatu gara entzuteaz halakorik ez dugula ikusi bizian. Asteon bertan, Zangozaldean erori den txingor puskak ikaragarriak izan dira. Egoera horiek maiztasunez errepikatzen ari dira, eta zahar askok behin eta berriz diote ez dutela inoiz ikusi halakorik. Erreminta beharrezkoa eta estrategikoa da asegurua, eta, ziurrenik, etorkizunean are garrantzitsuagoa.

Espainian uzta txarra izan dute, eta Europan ere ez da ona izan. Logikaz, prezioak garestitu beharko lirateke, baina nazioarteko merkatuetan beste faktoreak sartzen dira. Zer gogoeta egiten duzu?

Oso zaila da barneratzea laborari batek ezer erein eta lanean hasi aurretik inork haren uzta saltzea edo erostea. Laborari batek bere zerealagatik jasotzen duen salneurria baldintzatzen du, gainera. Inork ez daki zergatik mugitzen den merkatua, baina erosketa eskubide horien kotizazioak akaso eragin handia izan dezake. Elikagaiez mintzo gara, ez bestelako produktuez. Etorkizuneko merkatuak ez dira erremintarik egokiena prezioak ezartzeko.

Europako Batasunak nahikoa egiten du?

Ez. Nekazaritza Politika Bateratuaren gabezietako bat da. Erreformaz erreforma, merkatuaren alde jokatu du. Gero eta kontrol eta araudi gutxiago dago. Zerealaren adibidea argia da.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak