Albistea entzun

Inma Landa Olaizola. Irungo alarde parekideko jenerala

«Ez dago atzera egiterik: alardean bermatua dago emakumeen presentzia»

Aurten ere bi alarde izango dira Irungo festetan. Landak uste du azken urteetan giroa lasaitu dela, baina konponbidea oraindik urrun ikusten du. Arratsaldeko istiluen aurkako neurriak eskatu ditu.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Maite Asensio Lozano -

2014ko ekainak 28 - Irun

Festa, lasaitasuna, gozamena eta errespetua izan ditu ahotan Inma Landa Olaizolak (Donostia, 1959) azken egunotan. Lau urterako Irungo alarde parekideko jeneral (Gipuzkoa) izendatu dute: emakumeek eta gizonek egingo duten martxa gidatzeaz arduratuko da. Aurten konpainia bat batu zaie; beraz, 11 taldek desfilatuko dute astelehenean, 10:20tik aurrera.

Hamar urte daramatzazu alardean parte hartzen. Alderik antzeman al duzu?

Sekulako aldaketa egon da. Ez soilik hasierakoarekin alderatuta, hura oso dramatikoa izan baitzen, familietan hausturak eragiteraino. Hamar urtetik hona ere kaleko giroa aldatu da: errespetu handiagoa dago. Gu handitzen joan gara; egun, 1.300 pertsonatik gora ateratzen gara. Familia batzuetako kide batzuk alarde batean ateratzen dira, eta beste batzuk, bestean, eta elkarrekin egon ahal izatea lortu da. Aldiz, posizio politikoek ez dute bilakaerarik izan, hasierako puntuan daude: ez dute eztabaidatu nahi, ez dute harremanik nahi...

Gizartean ba al da eztabaidarik?

Bai, eta uste dut jendea ohartu dela honek ez duela atzera bueltarik: emakumeen presentzia bermatuta dago. Datorren urtean hogei urte beteko ditugu; tartean jaiotako neskek txikitatik izan dute aukera nahi bezala parte hartzeko: ikusle, kantinera, soldadu, zaldi gainean...

Beti esan izan da alardeen inguruko eztabaida kanpotik ulertzea oso zaila dela. Zuk zeuk ulertzen al dituzu emakumeen parte hartzea ukatzen dutenak?

Nik ezin dut jarrera hori ulertu. Egun emakumeen parte hartzea ukatzen duen diskurtsoa bukatuta dago. Hortaz, tradizioari heltzen diote, baina tradizioa zer da? Tradizioa aldatuz joan da, alardean ere bai: orain dela 40 urte egiten ziren zenbait gauza orain ez dira egiten. Hau beste aldaketa bat da, baina ez dute onartzen.

Giroa lasaitu izanak laguntzen al du jendea erakartzen?

Bai. Zenbait urtez beldurgarria izan da alardean parte hartzea, baita ikusle moduan espaloian txalotzen aritzea ere; denetik jaso behar zenuen. Egun, entseguak eta alardea egiten ditugun bitartean ez dago inolako gatazkarik. Arazorik handiena Kale Nagusian dugu, arratsaldean: 20-30 pertsonako talde bat jartzen da beti leku berean, izotzak eta edalontziak botatzen, denetik esaten, iaz jotzen ere hasi ziren... eta horrela bukatu behar dugu. Lotsagarria da, denentzat. Gazte batzuek beldurrez eta urduri egiten dute jaitsiera hori, eraso fisikorik ez denean ere gogorra delako entzuten duguna entzun behar izatea.

Eraso horiek normalizatuta al daude?

Ohitura bihurtu dira. Hor egoten dira zigorgabetasun osoz: ez da inoiz neurririk hartu hori saihesteko. Tristeena da alkateak ematen duen bertsioa: bi alardeak arazorik gabe egin direla, hor gertatutakoa aipatu gabe.

Konponbidea hurbil dago?

Penagarria da herri batean bi alderdi izatea. Biek bat egitea urrun dago, beste aldeak ez duelako esertzeko asmorik. Gure bidea da gure alardea ondo egitea eta kopuruz handitzen jarraitzea, jakinda gu garela alarde publikoa. Beste esparru batzuetatik ere bidea egin behar da. Udaletik, esaterako: herrian arazo bat dagoenean udalak egin behar du lan pedagogikoa. Alkateak [Jose Antonio Santano] publikoa kudeatu behar luke, baina gure alardeari ez dio harrera egiten, eta pribatuari bai.

Martxoan PSEko gazteek berdintasun saria eman zizueten. Mezua izan zen alkatearentzat?

Nik neuk hala hartu izan nuen, abisu gisa. Bere alderdiko jendeak gurekin desfilatuko du aurten, baina berak postura berean jarraitzen du.

Aseko zintuzkete bi alardeek desfilatzen jarraitzea inolako istilurik gabe?

Hori gutxienekoa da: errespetua egon behar da. Gaur egun festa bizitzeko bi modu daude herrian; sikiera ordutegiak eta ibilbideak adosteko modua egon beharko litzateke, baina guri Segurtasun Sailak ezartzen dizkigu. Edonola ere, azken helburua da herriak alarde bakarra edukitzea, herritar guztientzat irekia. Argi dugu honek ez duela atzera bueltarik: alarde mistoa ez da desagertuko; gu gara publikoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gabiriako eskola txikia, artxiboko irudi batean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ikastaldeak %24 gutxiago izango dira 2032rako, Jaurlaritzaren arabera

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2032rako aurreikuspenak egin ditu txosten batean. Kalkulatu dute irakasleen %35ek erretiroa hartuko dutela ordurako
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektuak euskara eta euskal kultura al ditu ardatz?

Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege proiektua eta euskara aztergai gaur Martin Ugalde Foroan, 19:00etan

Berria

Idurre Eskisabel, Asier Etxenike eta Iratxe Retolaza mintzatuko dira, 19:00etan, eta zuzenean ikusi ahalko da BERRIAren webgunean.

Maurizia proiektuko kideak, auzokide eta eragileekin, gaur ©Guillaume Fauveau

Maurizia : «Kanporatzen bagaituzte, okupazio dinamika bat abiatuko dugu»

Ekhi Erremundegi Beloki

Baionan eraikin bat okupatzen ari dira Maurizia proiektuko kideak, eta edonoiz kanporatuak izateko arriskuan dira. Eragile politiko eta sozial andanaren babesa jaso dute. Azken egunetan Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezarekin izandako elkarrizketen berri eman dute.

Migrazio politiken aurkako protesta bat Irun eta Hendaia artean, Santiago zubian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Polizien jaiegunak, atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera

Jone Bastida Alzuru

Agiri batek jasotzen du etorkin bat atxilotzeagatik hiru jaiegun lortzen zirela; bi atxilo hartuz, lau egun; eta hamar hartuta, bost. Baliogabetu egin dute Irungo komisariako agindua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...