Albistea entzun

Finantza sektorearen erreforma Europan. Erreskate eredu berria

NORK ORDAINDUKO DITU ERRESKATEAK?

Krisiaren okerrenean diru publikotik milaka milioi euro jarri ziren bankuak porrotetik salbatzeko. Antzekorik ez dela gertatuko bermatu nahi du EBk, inbertitzaileak eta aurreztaile handiak galeren erantzule egiteko sistema abian jarrita. Lehen saiakerek erakusten dute ez dela bide samurra izango.
Banku batasunaren bigarren urratsa da bankuek onbideratzeko eta likidatzeko sistema komuna. Erreskateetan diru publikorik ez erabiltzea bilatzen du erreformak.
Banku batasunaren bigarren urratsa da bankuek onbideratzeko eta likidatzeko sistema komuna. Erreskateetan diru publikorik ez erabiltzea bilatzen du erreformak. PETER HUDEC / EFE

Ivan Santamaria -

2016ko urtarrilak 10

Europako Batasunak 1,6 bilioi euro jarri zituen bankuen zerbitzura, finantza sektorearen hondamendia eragozteko. 3.200 euroko faktura batasuneko biztanle bakoitzeko. Gutxi izango dira krisi honetan herritarrak gehiago sumindu dituzten gertakariak. Garai oparoetan milaka milioiren irabaziak iragarri eta banatu ondoren, arazoak iritsi eta erakunde horiek diru publikoarekin erreskatatu behar izatea, kosta ahala kosta, ekonomia errealari laguntzea eta ongizate estatuari eustea bigarren mailan utzita.

Finantza krisiak utzitako ondorio nagusia da: bankuak ez dira besteak bezalako enpresak. Haien bitartekaritza ezinbesteko bihurtu da gaur egungo sistema kapitalistan. Kreditua da ekonomiaren gorputza elikatzen duen odola, makineriak funtzionatzea ahalbidetzen duen olioa. Tesi hori onartzeak ondorio makurrak ditu, ordea. Mozkina pribatua denean zergatik estali behar da galera zergapekoen poltsikotik? Azken finean, nork ordaindu behar du bankuen porrotak utzitako faktura garestia?

Galdera horiei bilatu nahi izan die erantzuna Europak finantza krisia gertatu zenetik. Berriro halakorik gerta ez dadin zer egin beharko litzatekeen, bi gako kontuan hartuta: batetik, bankuen arazoei herrialdez herrialde emandako erantzunak ez du balio erakunde handi gehienak transnazionalak direnean. Bestetik, banakako erantzun horrek finantza sistemaren eta sorterriko gobernuen arteko lotura estutu du, hainbat herrialde —Irlanda eta Espainia, bereziki— belauniko jartzeraino.

Erronka horren aurrean, banku batasuna izan da Europako erakundeen eta gobernuen apustua. Hau da, EBn finantza sistema bakar eta bateratu bat eratzea, euroguneko herrialdeen artean lotura hori are gehiago indartuta. Funtsean, bankuek herrialdez herrialdeko ardura izan beharrean Europa mailako kontrola dute orain. Integrazio ekonomikoan urratsik handiena da moneta bakarra martxan jarri zenetik.

Hasteko, betebeharrak ugaritu zaizkie erakundeei, krisiei aurrea hartzeko. Diru gehiago gordetzera derrigortuta daude orain banku guztiak, etor daitezkeen finantza beharrak asetzeko. Halaber, ikuskaritza bakarra eratu da: EBZ Europako Banku Zentralak hartu du finantza sektorea ikuskatzeko ardura, herrialde bakoitzean ikuskaritzaz arduratzen den erakundearekin elkarlanean. Kontrol handiagoa eta baldintza zorrotzagoak dira banku batasunaren aurretiazko oinarriak.

Haatik, finantza hondamendiaren aurretik ere kontrol neurriak eta kapital betebeharrak zeuden, eta ez ziren nahikoa izan. Sinesgarria izan dadin, finantza sektore bateratu batek arazoei aurre egiteko prozedura ezarri behar du. Horixe da banku batasunaren bigarren zutabea: finantza erakundeak berregituratzeko edo likidatzeko arau komunak jartzea. Urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean sistema berria euroguneko hemeretzi herrialdeetan.

Aldaketa oso esanguratsua da: banku batek porrot egiteko arriskua duenean zer egingo den Europako organo batek erabakiko du, Bruselarekin eta Europako Kontseiluarekin elkarlanean. Herrialdez herrialdeko interesak gailentzen ez direla bermatu nahi duen konponbidea da. Bankuaren likidazioa beharrezkoa ikusten bada, posible izango da 32 ordurako martxan jartzea. Baina, ezer baino gehiago, bankuen arazoak kudeatzeko filosofia eraldatzea da azken helmuga: porrotak zergapekoen diruarekin konpondu ordez, bankuetako kreditu emaile pribatuek eta bezeroek euren gain hartuko dute galera.

«Jada ez dira bankuen akatsak gehiengoaren bizkarretik ordainduko», azpimarratu du Jonathan Hill Finantza Gaietarako Europako komisarioak. Sistema osoa kutsatzeko beldurrak eraginda, krisia iritsi zenean bail-out sistema nagusitu zen. Hau da, finantza erakundeak kanpotik erreskatatzea, diru publikoa erabilita. Filosofia berriak bail-in sistema lehenetsiko du. Lehenik eta behin, bankuaren akziodunek, zordunek eta, egoeraren arabera, gordailu handiak dituzten bezeroek erreskatatu beharko dituzte bankuak, euren inbertsioak galduta galerak kitatzeko. Aurretik bezala, 100.000 euro arteko gordailuak bermatuta egongo dira, bezero eta banku bakoitzeko.

Horrekin nahikoa ez bada, Europa mailako funts batetik dirua eskuratzea posible izango da erakundea onbideratzeko edo likidatzeko, baina funts hori diruz bankuek eurek hornitu beharko dute. Gutxienez aktiboen %8ren pareko ahalegina hartu beharko dute inbertitzaileek euren gain, beste edozein diru iturri bilatzeko aukera ireki baino lehen.

Negoziazio luzeen ondotik, bankuak berregituratzeko eta likidatzeko eredu berriak EBko gobernuen oniritzia jaso zuen. Azken finean, adostasun nahiko zabala dago erreskate publikoak, finantza publikoentzat kaltegarriak izateaz gain, sozialki bidegabeak izan direla. Haatik, lehen saiakeren emaitzek iradokitzen dute teorian argia dirudien hori praktikan jartzea ez dela hain erraza izango.

Italian hildako pentsioduna

Italiako Gobernuak lau banku txiki likidatzeko dekretua onartu zuen azaroan. Horien artean zegoen Banca Etruria. Erakunde historikoa da —1882an sortu zen—, baina garrantzi sistemikorik gabekoa. Europako legediaren filosofia berriari helduta, bail-in sistema erabiltzea erabaki zuen Matteo Renziren gobernuak. Bankuaren menpeko zorra erosita, zituzten inbertitzaileek jarritako dirua galduko zuten, bankua berregituratu eta aurrera egin dezan. Baina nork galduko du benetan dirua?

Pentsiodun baten zorigaitzeko patuak egunkarien azaletaraino eraman du auzia. Luigino D'Angelok bere buruaz beste egin zuen joan den azaroaren 28an. 68 urte zituen, eta Enel energia taldeko langile ohia zen. Bere burua urkatu aurretik, egun batzuk geroago ordenagailuan aurkitu zen idazki batean azaldu zuen arrazoia: bizitza osoko aurrezkiak —110.000 euro— galdu zituen Banca Etruriaren erreskatean.

Dirua gordailu arrunt batean egon ordez, interes oparoagoa eskaintzen zion finantza produktu batean inbertituta zegoen, bankuaren gomendioz. Haren kasuak Arezzo hiriko eta inguruetako beste milaka herritarren atsekabea eta sumindura azaleratu du. 4.000 milioi euroko erreskateak 130.000 akziodun eta inbertitzaile eragin ditu. Lehentasunezko zordunek eta gordailu handiek ez dute berregituratzean parte hartu, baina aurreztaile txiki askok bai, eta, kasu askotan, milaka euro galdu dituzte.

Gertatutakoak gogora ekartzen ditu ezinbestean Euskal Herrian eta Espainian jazo diren antzeko kasuak, eta bankuen etikari nahiz bezeroen finantza kulturari buruzko zalantzak gaurkotu baino ez ditu egiten. Errealitate gordin bat ere islatzen du: inbertitzaileak ez dira soilik finantzetako marrazo handiak, eta posible da galerak herritar arrunten poltsikora iristea, batzuetan dirua non duten zehazki ez dakitenena ere bai.

Italiako Gobernuak bere erabakia defendatu du. Argudiatu du urtarrilera itxaron izan balu litekeena zela lau bankuak osorik likidatu behar izatea, milioi bat aurreztaile eta 6.000 langileren etorkizuna kolokan jarrita. Azalpenak azalpen, Renzi lehen ministroaren kudeaketak iritzi publikoa asaldatu du.

Portugalen, bezeroak kexu

Italian gertatu denak agerian utzi du erreskate eredu berriari buruz dagoen zalantzetako bat: zer erabiliko da eta zer ez galera kitatzeko? Azken finean, inbertitzaileen artean ere badira mota ezberdinak, eta ugaritu egin dira ondorioek guztiei maila berean eragingo ez dien susmoak. Italiatik aparte, Portugalen Novo Bancorekin gertatzen ari dena da buruhauste horren erakusgarri.

EBZk bankuen egoera aztertu zuen joan den azaroan, eta ohartarazi zuen Novo Bancori —porrot egindako BES Banco Espiritu Santoren oinordekoari— 1.400 milioi euroren kapitala falta zitzaiola. Dirua «aktiboak salduta» lortuko zela iragarri zuen orduan Portugalgo banku zentralak, baina azkenean inbertitzaileei galerak ezartzea lehenetsi du: Novo Bancok saldua zuen ia 2.000 milioi euroren zorpetzea lekualdatu du BESetik likidatzeko geratu den egiturara. Likidazioan, bonu horiek erosita zeuzkaten inbertitzaileek nekez berreskuratuko dute jarritako diru guztia.

Berehalako efektua izan du mugimenduak. Kapital maila nabarmen igo du Novo Bancok, EBZk kalkulatu zuen galerari buelta emanda, eta erakundea saltzeko prozesua erraztuko da. Trukean, milaka inbertitzaile haserre utzi ditu erabakiak. Kasu honetan, azpimarratu dute zordun guztiei ez zaiela tratu bera eskaini. 52 zor jaulkipen eginak zituen bankuak —12.000 milioi euro, guztira—, baina soilik bost lekualdatzea eta galeren erantzule egitea erabaki du Portugalek. Hedabide batzuen arabera, auzitara jotzeko asmoa dute kaltetutakoek, lehentasunezko zordunen artean legeak agintzen duen berdintasun printzipioa hautsi dela iritzita. Kasu honetan, inbertitzaile «kualifikatuei» saldutako bonuak dira, eta gutxieneko inbertsioa 100.000 eurokoa zen. Financial Times egunkariaren arabera, zor horren parte bat erosia dute Pimco, BlackRock eta gisako inbertsio funts handiek.

Arrisku handiagoa

Portugalgo Bankuak nabarmendu du erabakia «interes publikoan oinarritutako neurria» dela. Ondorioak izan ditzake, ordea. Finantza erakundeetan —batez ere, txikietan— dirua jartzea bi aldiz pentsatuko dute inbertitzaile batzuek, edo posible da bueltan interes gehiago exijitzea, arriskua handitu dela argudiatuta.

Italiako eta Portugalgo gertaerak errealitate deseroso baten erakusleak baino ez dira. Edozein enpresak porrot egitea —zer esanik ez, banku batek— zerbait traumatikoa da, eta ez da doakoa izaten. Norbaitek ordaindu beharko du mahai gainean geratuko den faktura. Eta ez zaio gustatuko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehena, parlamentuan ©Jesus Diges / Efe

Nafarroan, Madrilek ez du oztopatuko 3.627 enplegu publiko egonkortzea

Joxerra Senar

Espainiako Gobernuak ez dio foru legeari errekurtsorik jarriko Auzitegi Konstituzionalean, eta uztailean Nafarroako Parlamentuak onartutako legea «bere osotasunean» sartuko da indarrean

Txik Txak garrai sareko autobus bat, Baionan, artxiboko irudian. ©Guillaume Fauveau

Ipar Euskal Herriko garraio zerbitzuko langileak greban sartu dira

Garazi Aduriz - Oihana Teyseyre Koskarat

Txik Txak garraio sareko langileek grebari ekin diote goizean. Salatzen dute egunean hamalau orduko lan txandak dituztela langile eskasiaren ondorioz.

LIDLeko langileak, greban. ©ELA Sidikatua

Bertan behera utzi dituzte Lidl eta BM supermerkatuetako grebak

Iñaut Matauko Rada

Langraiz Okako (Araba) Lidlen bloke logistikoan hitzarmen berria adostu dute, eta soldaten %20ko igoera lortu. BMn gaur ziren greba hastekoak, baina asteburuan lortutako «aurrerapenen» ostean, deialdia utzi dute.

Mondragon korporazioaren, Laboral Kutxaren eta Ikerlanen egoitzak, Arrasaten. ©MONDRAGON

Ulma eta Orona, Arrasatetik urrutiratzen

Aitor Biain

Mondragonetik atera, eta korporazioarekin harreman eredu berri bat izateko proposamena egin dute Ulmak eta Oronak. Ereduen talkak eragin du bide propioa abiatu nahi izatea. Abenduaren 16an erabakiko dute bazkideek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...