Joakin Izagirre. Inauterizale kutuna

«Txupinazoa botatzerakoan gehiegi ez hunkitzea espero dut»

TOLOSALDEKO ATARIA

Saioa Alkaiza Guallar -

2015eko otsailak 12

Orga egilea, txarangazalea, danborradako parte hartzailea... Ahotsa dardarak hartuta egiten du solas inauterien inguruan Joakin Izagirrek (Tolosa, 1948), emozioz gainezka. Izan ere, aurten inauterizale kutun izendatu du Kabi-Alai elkarteak, inauterien alde urteetan egindako lanarengatik. Eta hark bihotzez maite du festa hori. Horregatik, gaur eguerdian hasiera emango dio, udaletxeko balkoitik suziria botata. Bizitzaren gorabeherak direla medio, aulki gurpildun batean dago, eta nahi baino gutxiago goza dezake jaia; hala ere, izendapenak xarma berezia eman die berriz ere inauteriei. Ziur da txupinazoa sekula ahantziko ez duen momentua izango dela.

Inauterizale kutun izendatu zaitu Kabi-Alai elkarteak. Nola jaso duzu berria?

Emozioz hartu dut. Azken urteetan bi iktus izan ditut. Lehenengoaren ondoren, ondo geratu nintzen, baina, bigarrenaren ostean, ezker eta eskuin hankako mugikortasuna galdu nuen. Orain, aulki gurpildun batean nago. Horregatik, poz handia hartu dut txupinazoarekin, inauteriak beti oso gustuko izan ditudalako, eta horrela berriz ere parte hartuko dudalako.

Tolosan jaio eta hazi zara. Txikitatik ezagutu dituzu inauteriak. Zein oroitzapen dauzkazu?

Umetan oroitzen naiz nola betetzen zen dena mozorroekin. Ni lehenengo aldiz 1966an-edo atera nintzen, kuadrillako lagunekin. Bartolo izeneko taberna egin genuen. Neskaz jantzi, eta sirtaki dantzatu genuen. Hurrengo urtean, 1997an, bota garbitzailez joan ginen... Mozorro pila bat izan ditut, baina oso zaila da denak esatea. Garai horretako oso oroitzapen onak dauzkat.

Asko aldatu al dira ohiturak?

Lehen, karrozetan eskulan gehiago zegoen. Gehienok lana genuen, eta diru asko eta esfortzu handia inbertitu ahal genuen. Gaur egunean, gazte jendeak ez dauka dirurik, eta ezin du hainbeste gastatu. Guk, batzuetan, hiru hilabete pasatzen genituen karrozak prestatzen, eta, besteetan, gehiago!

Garai horretan, musika toki guztietan zegoen, gaur egun bezala. Baina karrozen musika ezberdina zen. Orain soinu gehiegi ateratzen dute.

Inauterien alde egindako lanagatik botako duzu suziria. Zertan parte hartu izan duzu?

Karrozak egin ditut; ostegun gizeneko danborradan parte hartu izan dut beti, kantinera moduan edo majoretez; Kabi-Alaiko korporazioan zinegotzi rola egin dut... denetarik.

Zer dute Tolosako inauteriek horren bereziak izateko? Ba al da parekorik?

Bakarrak dira. Munduan ez dago hau bezalakorik. Adibidez, txarangen jaitsiera mundiala da; hau ez dago beste inon! Ez dute parekorik. Musika, jendea... ezin hobea da.

Pentsa, urte batean Kolonbiara joan behar izan nuen, eta horko inauteriak ikusi nituen. Desfilea oso polita zen, ikaragarria, baina bakarrik ikustekoa. Bertakoak ez dira mozorrotzen. Hortxe geunden, harmailetan, kristoren beroa pasatzen; nazkatuta ere ezin zenuen martxa egin... Ezin genuen parte hartu, ikusi baino ez. Hona etortzen dena, aldiz, segituan sartzen da inauterietako giroan. Hori bai, Kolonbian bertan janzki bat erosi nuen, hurrengo urtean hemengo inauterietan erabiltzeko, eta erabili nuen.

Ostegun gizena, ostiral mehea, zaldunita, piñata... Zein egun duzu gogokoen?

Gaurko eguna, ostegun gizena, zalantzarik gabe. Saltsa gehien egoten den eguna da. Lehen, goizetik hasita, Kabi-Alaien gosaldu eta txupinazora joaten nintzen; gero, danborradan parte hartzen nuen; bukatzen zenean, korrika abiatzen nintzen txarangaren atzetik, musika entzutera... Gu karrozarekin igandeetan eta astearteetan ateratzen ginen, baina osteguna inauterietako egun politena da.

Eta, orain, zer da gehien gozatzen duzuna?

Giroa ikustea gustatzen zait. Gaur udaletxera joango naiz, suziria piztera, eta une oso berezia izango da; hunkituta nago. Txupinazoa botatzerakoan gehiegi ez hunkitzea espero dut, baina zaila izango da!

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna