Albistea entzun

«Kontraesanetan» murgildutako uhartea

Kuban alde handia dago langileen soldataren eta eguneroko bizitzak dakartzan beharrei aurre egiteko behar denaren artean. Arautu gabeko merkatu beltz horrek betetzen du, hein handi batean, alde hori.
Kubatar bat iraultzako buruzagien erretratuak saltzen, Habanan.
Kubatar bat iraultzako buruzagien erretratuak saltzen, Habanan. ALEJANDRO ERNESTO / EFE

Iñaki Petxarroman, Berriemaile berezia -

2016ko abenduak 3 - Habana

Habanako Saint John's hotelaren ondoan dago zain Daniel Cienfuegos bere autoarekin, turistaren batek beregana jotzen ote duen. Miamar auzora eramateko eskatu dio kazetariak, eta berehala hasi zaio hizketan gidaria. Euskal Herria ezagutzen duela jakinarazi dio, Espainia aldean ibili zela eraikuntzan lanean. «Murcian, Andaluzian eta horietan ibili nintzen gehienbat, baina banituen Euskal Herriko erreferentziak ere, han egoera ekonomikoa askoz ere hobea dela zioten». Urte onak eta oparoak izan zirela zehaztu du, diru dezente irabazi zuela. Ondoren, baina, 2008ko krisi ekonomikoa iritsi zen, eta Cienfuegosek Kubara itzultzea erabaki zuen.

40 urte ditu, eta hiriburuan sortu zen. Ingeniaritza mekanikoa ikasi zuen Habanako Unibertsitatean, baina, formakuntza luzea egin arren, eta beste kubatar askok eta askok bezala, ez du nahi ikasitako horretan aritu lanean. «Nola ba? Soldata horrekin ez du ematen bizitzeko. Askoz ere diru gehiago irabazten dut taxiarekin, gutxienez hamar aldiz gehiago».

Hori da herrialdeko arazo nagusietako bat: jendeari unibertsitate ikasketak eta formakuntza handia eskaini ostean, ezin die itxaropen askorik eman lan mundurako. Batez beste, hileko soldata 20 euro inguru da Kuban. Horixe edo pixka bat gehiago irabazten dute medikuek, irakasleek, zientzialariek eta gainerako guztiek. Gobernuak bermatutako oinarrizko produktuen saskiarekin eta soldatarekin bakarrik ezinezkoa da gaur egungo Habanan bizitzea. Ideia bat egiteko: oinarrizko jantzi batek —zapata, galtza edo gona eta kamiseta bat— 20 bat euro balio du hiriburuan.

Bisitariari galdera segituan pizten zaio: nola moldatzen dira herritarrak bizitzeko? Bakoitzak badu bere modua. Batzuek atzerrian dauden senideen dibisak jasotzen dituzte, eta beste askok lana egiten duten tokian estatuari kentzen dizkiote produktuak. Habanako egoera ongi ezagutzen duen gizon batek azaldu dio egoera hori BERRIAri. «Imajinatu gasolindegi batean lan egiten duzula. Saltzen duzun erregaiaren %10 zuretzat gordetzen duzu. Badakizu hori merkatu beltzean salduz gero zenbat diru atera daitekeen? Gauza bera gertatzen da gainerako produktu guztiekin. Batzuek haragia izango dute eskura, beste batzuek barazkiak, eta beste batzuek bulegoko materialak...».

Langileek, eskura dituzten produktu horien dosi txikiak jaso, eta merkatu beltzera bideratzen dituzte. Sare oso bat sortzen da horrela, eta ekonomiaren zati indartsu bat betetzen du, logika kapitalista huts-hutsarekin, gainera. «Estatuak badaki hori hor dagoela, baina, unean uneko atxiloketa batzuk kenduta, berriki gasolina saltzen zuen sare bat desegin dute, egiten uzten dute, badakitelako jendeak behar duela merkatu hori bere eguneroko beharrei aurre egin ahal izateko».

Indiarrak lanean

Zeresana ematen ari da, esate baterako, Habana Erdian eta Varaderon Bouygues Batiment eraikuntza multinazional frantsesa egiten ari den hoteletan gertatzen ari dena. Izan ere, Indiako langileak egiten ari dira hotel horiek. Bouygues munduko eraikuntza enpresarik handienetako bat da, eta azkenaldian negozio lerro garrantzitsuak zabaltzen ari da Kuban. Jose Marti Habanako aireportuaren berrikuntza eta kudeaketa ere enpresa horri eskaini dio Kubako Gobernuak. Paradoxikoa da globalizazio neoliberalaren joera batzuk hain agerikoak izatea ekonomiaren oinarria sozialista duen estatu batean, baina azkenaldian halakoak gertatzen ari dira.

Zergatik ekarri dituzte langileak kanpotik? Galdetu dio kazetari honek hainbat kubatarri. Haietako batek eman duen erantzunak atentzioa eman dio. «Langile horiek diziplina itzela dute, lanordu asko sartzen dituzte, eta ez dute eraikuntza materialik lapurtzen: porlana, adreiluak eta beste... Kubako langileekin ez da halakorik gertatzen normalean».

Langile horiek baldintza kaxkarretan lanean ari badira ere, kubatarrek kobratuko luketena baina dezente gehiago jasoko dute, Kubako moneta nazionalaren eta dolarraren arteko alde itzela baita oraindik ere (dolar batek 25 peso kubatar balio ditu). Kanpotik heldutako langile horiei dolarretan ordaintzen diete, kubatarrek baino 10-20 aldiz gehiago. Egoera horrek ika-mika handia sortu du Habanan azken hilabeteotan.

Enpresako iturriek azaldu dute uhartean ez dagoela eskulan espezializatua obra horietarako, eta horregatik jo dutela Asiako langileen bila. Horrek obrak agindutako epean amaitzea bermatuko diela ziurtatu dute. Aipatu dute ere Asiako langileen produkzioa eta lanerako gaitasuna hiruzpalau aldiz handiagoa dela Kubako langileen batez bestekoa baino. Kubatarrek obra horietarako duten «motibazio falta» ere aipatu dute. Gobernuak ez du ezer esan oraingoz gai honi buruz.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Karakalpakstango 22 ekintzaileren kontrako epaiketaren hasiera, joan den astelehenean, Uzbekistango Bukhara hirian. ©BERRIA

Karakalpakstango protesten epaiketa hasi du Uzbekistanek

Gorka Berasategi Otamendi

Hogei urte arteko zigorrak eskatu dituzte 22 auzipetuen kontra. Manifestariek salatu zuten presidenteak eskualde autonomoaren subiranotasuna ezabatu nahi zuela konstituzio erreforma batekin

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»
Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFk jakinarazi du eten egin dituela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta Pentagonoaren babesa duen koalizioak ohartarazia zuen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.