Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Euskal Herriko bazter historikoak (III). Barakaldoko hiri ibilbidea

Barakaldoko karga gunea

<b>1- Begiratokia. </b>Existitu ziren karga lekuetako bat, zaharberritu ondoren, begiratoki bat egokitu dute goialdean.
1- Begiratokia. Existitu ziren karga lekuetako bat, zaharberritu ondoren, begiratoki bat egokitu dute goialdean. Joxean Gil-Garcia

Joxean Gil-Garcia -

2015eko uztailak 23

Barakaldo (Bizkaia) Bilbo Handiko eskualdean dago, Ibaizabal ibaiaren ezkerraldean. Aurreneko aldiz bertaratzean, eraikin handiek emango digute atentzioa; baita etxebizitzen metaketak ere. Makina bat bizilagunek topalekua aurkitu zuten hor aspaldi, industrializazioak berebiziko indarra hartu zuen garaian. Itsasadarraren altzoan goititzen da Barakaldo, paraje bitxi eta gorabeheratsuan. Etxe multzoa, ordea, ez zuten galtzagorriek gau batean eraiki, ezta Bargotako aztiak ere, Okako mendietara zalu eta bizkor abiatzen zela. Bazter horrek historia aberats bezain interesgarria metatzen du. Izan ere, Donemiliagako kartularioan, 1051koa da Barakaldo herriaren gaineko lehen aipamena.

Ekonomia aldaketa

Foruen amaierak inguruko mendietako mineral erauzketaren liberalizazioa ekarri zuen, eta, harekin batera, kapital pribatuen etorrera. Pribilegioa amaituta, beraz, atzerriko enpresek meatzaritza esparru onak eskuratu zituzten bizkor. Azken karlistaldia amaituta, hortaz, Bizkaiko meatzaritzaren urrezko garaiak izan ziren. Trianoko mendiak eta Errekatxo ingurukoak ezin emankorragoak gertatu ziren. Lehengai preziatua bagoietan garraiatzen zuten; gero, itsasadarreko kargalekuetatik itsasontzietan sartzeari ekiten zioten. Teknika berria eta lan irizpide kapitalista ezartzeak Europako siderurgiaren eskaerari aurre egiteko bidea eman zien enpresei. Lehengo biztanle gunerik garrantzitsuena Galindo ibaiaren bokalean egon zen hasieran; baina Barakaldok lekukoa hartu zuen berehala. Ekonomia areago sustatzeko, Bizkaiko Labe Garaiak izeneko enpresa handia sortu zuten hainbat enpresaburuk XIX. mende amaieran. Barakaldoko hazkunde demografikoa lar handitu zen orduan, eta berebiziko hauspoa hartu zuten bazterrok.

XX. mendeko lehenengo hamarkadetan, baina, meategiek gainbehera ezagutu zuten. Ateak ixten hasi ziren, burdina ez baitzen kalitatezkoa. Mendi magaletan irekitako zuloak husten hasi ziren, beraz, baita haien ondoan altxaturiko auzo jendetsuak ere. 1990eko hamarkadan, bere garaia iritsi zitzaion ordura arte erreferentzia izandako enpresari: Labe Garaiak izenekoari. Edonola ere, Barakaldok ez zuen industriagabetze horrekin amaitu bere garapena. Gaur egun, Barakaldoko ekonomia zerbitzuen sektorean oinarritzen da. Hala, turismoak eta saltokiek indar handia dute.

Bizkaiko industrializazioaren nondik norakoak ulertzeko ezinbestekoa da, hortaz, Barakaldo bisitatzea. Ondorengo erreferentziei jarraituta, besteak beste, eraikin historikoak, trenbideak eta burdina meak zamatzeko lekuak bisitatuko ditugu.

BECetik trenbidera

Barakaldoko Bilbao Exhibition Center (BEC) erakustazokaren aurrean hasiko gara ibilian. Metalezko sare erdi garden batez inguratutako sei pabiloik osatzen dute eraikin moderno eta deigarria, eta hamar urte bete zuen apirilean. Ate nagusiaren aurreko Azkue ingurabidea zeharkatu, eta Aragon kalean aurrera egingo dugu, hots, botikatik gertu dagoen bidetik. Arteagabeitia eskolaren paretik igarota, Leon kalera helduko gara, bizkor-bizkor. Eskuinera egin, eta zubiaren ondoko eskailerak igota, goratasuna hartuko dugu. Justizia jauregiaren aurrean dagoen Bide Onera plazatxoan garela, ezkerrera hartu, eta Askatasunaren etorbidetik segituko dugu. Botikara helduta, eskuinera jo, eta Juan de Garai kaleari men egingo diogu. 1985era arte izandako udal hiltegia ikusiko dugu han. Gaur egun, Hizkuntza Eskola Ofiziala dago.

Zaballa kaletik segituko dugu gero, hots, oinezkoentzat gertatuta dagoen lekutik. Jose Ramon Gomez Nazabal artistak egindako Postaria izeneko eskultura bitxia ikusteko parada izango dugu kale erdian. Biltzar Nagusiak gurutzatuta, San Joan kalean gora egingo dugu. Arana kalearekin bat egitean, ezkerrera jo, eta maldan behera abiatuko gara. Trueba parkearen ertzetik igaroko gara, palmondoak eta arbustu japoniarrak bistan ditugula. Parkearen behealdean, Dolores Ibarruri oinezkoen pasealekua ikusiko dugu. Bidegorri baten moldean prestatuta dago. Beste garai batean, ordea, Franco-Belga meatzaritza enpresak baliatutako trenbidea izan zen.

Kargatzeko leku berria

Bidegorria gurutzatu, eta Arana kaletik segituko dugu. Murrieta kalearekin topo egitean, alondegi zaharra bistan izango dugu aurrean. Autobus geralekuaren atzean duen eraikina da. Eskuinera hartu, eta hainbat metro egin ostean, Portu kaletik segitu eta Ramon y Cajal kalean ezkerrera egingo dugu. Larrea herri ikastetxea ikusiko dugu laster. Ezkerretik segi, eta egitura metalikoz apainduta dagoen pasealekura jaitsiko gara. Bizkaiko Labe Garaietako egoitza nagusiaren aurrean gaude: Carmen eraikina. Portuko Dartsena plazan haur eskola ikusiko dugu. Aurrerago, Desertu plaza zeharkatu, eta garai batean Bizkaiko Labe Garaietako azpiestazio elektrikoa izandakoa bistaratuko dugu berehala. Adreilu gorriz eraikita dago, eta erraz egingo zaigu topatzea. Sestao eta Santurtzira doan zubiaren ondoan, eskuinera egin, eta platanondoz osatutako ilarari jarraituko diogu. Gaur egun Kargatzeko Lekuen pasealekua izena hartu duen bideari jarraituta, 2002an zaharberritutako egitura bitxia ikusiko dugu: Franco-Belga enpresak 1886an inauguratu zuen kargalekua. Ibaiaren gaineko begiratoki ederra da gaur egun.

Aurrerago, Orconerako meatokiarekin lotura zuen kargatzeko leku zaharra ikusteko aukera izango dugu. Porlan bideari jarraituta, Lutxanako trenbidearen gainetik igaroko gara. Segidan, Luchanamining kaletik aurrera eginda, Serralta zumarditik segi, eta eskuinera hartuko dugu bidebanatzean. Tunela igarota, BECen amaituko dugu Barakaldon barrena egindako zirkuitua.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Erroiz olio enpresako kideak, Oinatz Bengoetxea pilotari ohia erdian dutela, atzo. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urre berdearen zukua dastagai

Unai Etxenausia

Lantziegoko Erroiz olio enpresak oliba olio birjina estra berria aurkeztu du. Aurten, Bengoetxea pilotari profesional ohia gonbidatu dute Sustraiak zuku izarra dastatzera.
Txantxangorri bati eta onddo bati sakelakoarekin egindako argazkiek Merlin eta Mushtool aplikazioetan egindako bidea. ©BERRIA

Natura poltsikoan

Enekoitz Telleria Sarriegi

Geroz eta gehiago dira natura behatzen eta ulertzen laguntzen duten sakelako aplikazioak. Behatu litezke mendiak, onddoak, hegaztiak, landareak, zeruak... eta bahetu litezke ondoren behaketak. Adituek diote erabilgarriak, errazak eta herritarrak zientziara hurbiltzeko lagungarriak direla, baina tentuz erabiltzekoak ere bai, ez dutelako beti bete-betean asmatzen.
Jose Ignacio Jauregi —eskuinetik hasita bigarrena—, lankideekin, Michelin izar berdea esku artean dutela. ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Ongi elikatutako txerriek zapore hobea dute»

Amaia Jimenez Larrea

Lekunberriko Maskarada jatetxeak Michelin izar berde bat lortu du orain gutxi. Jatetxearen jasangarritasuna saritu dute, 'euskal txerri' izeneko arraza nola tratatzen duten aintzat hartuta.
 ©TAMARA ARRANZ

Ez ote da beranduegi autoeskolarako?

Mikel Yarza Artola

Borja Cobeagak 'No me gusta conducir' telesaila estreinatu du, gidabaimena 40 urterekin atera nahi duen gizon baten inguruko komedia

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.