Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

UDAKO SERIEA. Bizikleta eta hiria (IV). Angelu-Baiona-Miarritze

Aisialdiko garraio izateari utzi eta eguneroko bilaka dadin

Baionan eremu partekatuak garatu dituzte. Gainera, autoentzako zentzu bakarra onartzen den leku batzuetan, bizikletaz bi zentzuetara ibil daiteke.
Baionan eremu partekatuak garatu dituzte. Gainera, autoentzako zentzu bakarra onartzen den leku batzuetan, bizikletaz bi zentzuetara ibil daiteke. N.A.L.

Nora Arbelbide Lete -

2015eko uztailak 18 - Baiona

Bizikletarekin nondik ibil daitekeen, eta nongo bideak saihestea hobe, horretaz luze daki Iban Grossierrek. Baionan bizi da, eta egunero bizikletaz doa Mugerren (Lapurdi) duen lantokira. Bizi elkarteko beste kide batzuekin bizikletaren lehen diagnosi gida bat osatu zuen 2010ean. Angelu, Baiona eta Miarritzen gaindi, txirrindularientzako gune lanjerosen zerrenda osatu zuten orduan. Iazko urtarrilean berritu zuten gida. Hobekuntza gutxi izan da eginik orduz geroztik, ohartzeko doia.

Errobi eta Aturri bazterretik

Gauzak egin, egin dira, halere. Uda sasoian partikularki preziatuak dira aldaketa horiek. Bata, Errobi erreka bazterrekoa da: Baionatik Uztaritzeraino doana; edo, alderantziz. 11 kilometroko bidea da, kasik beti ordokia. Espazio partekatua da, oinezkoen, bizikleten eta auzoan bizi direnen autoen artean —auzotik kanpo autoek debekatua dute—. Autoak, gainera, gehienez orenean 30 kilometroko abiaduran aitzinatzera behartuak dira. Iban Grossierretzat, espazio partekatu baten adibide ona da: «Hierarkia mota hori biziki interesgarria da. Garraio mota indartsuena ahulenari kasu egitera behartua da. Bizikletak kasu egin behar dio oinezkoari, eta autoak bizikletari eta oinezkoari».

Beste adibide bat, Aturri bazterretik itsasora doan bidea da. Baionatik hasi eta Angelun segitzen du. Angelun, gainera, hondartza batetik bestera bizikletez joateko aukera eman dezake. Bide horretan, gainera, itsasontzi base ohiaren ondoan, bizikletak urririk mailegatzeko puntu nagusi bat bada.

Izan ere, Baiona eta Angelu artean, 11 lekutan eskaintzen dituzte bizikletak maileguan. Turismo bulegoetan, besteak beste. 120tik gora dira eskuragarri. Egunean bertan hartu eta itzuli behar dira, leku berean. Nortasun agiri batekin mailegatu behar dira, eta 150 euroko bermea utzi beharra da.

Guztia bizikletarentzat pentsatua bezala agertzen bada ere, bidea berari dagokionez, Grossierrek badu zer kritikatu. Hark berak ukana du istripu bat hondartzetako bide horretan. Autoentzako bide pribatu zenbaitzuk gehiegitan zeharkatzen dute bizikletentzako espazioa, haren iduriko. Eskuinetik iristen dira gehienetan. Eta aldi oroz, txirrindulariaren norakoa eteten du. Hainbestetaraino, non eta, axolagabekeriaz edo, Grossierrek onarturik, azkenean bizikletan denak uzten baitio gelditzeari, autorik heldu den edo ez begiratzeari: «Balaztari eman behar diozu. Gero, gelditu. Eta, gero, berriz abiatu. Eta hori ez dakit zenbat aldiz. Ez dirudi hain zaila. Bizikleta erabiltzen ez duenak irri egin dezake kritika hori entzutean. Baina, luzean, bizikletan ibiltzeko gogoa desagerraraz dezakete horrelakoek». Edo bizikletazaleen kasuan, hura lekuko, azkenean, bizikletentzako teorian egokitu bidea baino, autoena hobetsiko dute. Autoen bide nagusira joatea erabakitzen dute, paradoxikoki, seguruago sentitzen baitira hor: «Gutxienez, hor ez duzu automatikoki gelditzerik».

Oro har, bi adibide horien haritik, aisialdietarako egokitzeak pentsatuak dituzte agintariek, nahiz eta ez beti arras hala izan. Baina behin bizikletarekin eguneroko bizia egiten hasi nahi izanez gero, segurtasun eskas sentimenduak laster gaina har dakioke bizikleta hartzeko gogoari, Grossierrek baieztatu duenez.

Hori saihesteko, egokitze andana bat egitea beharrezkoa ikusten du Grossierrek. Bizikleta erabiltzeko zaletasuna sustatzea, hain zuen, borondate politikoarekin lotzen du: «Txirrindulariak ikusten dituzun leku guztietan; horretara iritsi aitzin, egokitzapenak egin dira. Segurtasun baldintza egokietan ibiltzeko aukera ematen dute egokitzapen horiek, hasieratik bukaerara».

Hastetik bukaerara. Hori ere nabarmendu du Grossierrek. Etenik gabeko zirkuitu batzuk izatea bizikletentzako egokituak, ibilbide osoan. Desberdinak izan daitezkeenak. Lurrean bizikleta marrazturik, autoen bazterrean, pista erabat bananduetan, edo espazio partekatuak.

Arazoa da bizikletentzako bide andana bat-batean gelditzen direla. Horren adibide da San Leon bidegurutzea; Baionaren atariko bidegurutzea da, bidegurutze garrantzitsu bat. Eta, bizkitartean, ongi ilustratzen du bizikleta zergatik ez den hainbeste erabiltzen, Grossierren ustez. Bizikletentzako espazio bat badago alde batean, «Ez dena biziki zabala, baina, gutxienez, zerbait da». Hori alde batean. Eta bidegurutzearen bestaldean badago espazio bat autobus eta bizikletentzako pentsatua. Baina, aldiz, bidegurutzera iristen delarik bizikletez, hor, espazio berezitua bat-batean desagertzen da. «Hiru bide daude hor motordunentzat. Biziki korapilatsua bihur daiteke usaiarik ez duenarentzat, baita lanjerosa ere guztientzat». Usu, horrelakoak saihesteko, edo beste bide bat aurkituko du txirrindulariak, edo ez du bizikleta hartuko.

Motordunentzat hiru bide erreserbatuak dituen eremuak nolaz ez du lekurik bizikletarentzat? Galdera horrek beste galdera anitz pentsatzera behartzen duelako: «Zein da autoaren leku egokia hiri batean? Zer leku hartu behar diogu autoari, autoa ez den beste zerbaiti emateko? Eztabaida hori funtsezko eztabaida da. Mementoko, itxura guztien arabera, hautetsiak ez dira prest bizikletaren aldeko erabakiak hartzeko».

Alta, San Leonen bezala, badira aukerak, diru anitz xahutu gabe, bide bat erreserbatu ahal izateko bizikletentzat. Bide berririk eraiki gabe: «Ez luke kosturik diru aldetik; baina, politikoki, bai. Politikoki, hautetsi gutxi dira autoari espazioa hartzeko prest direnak, konpentsaziorik gabe. Zinezko herabetasun politiko bat bada».

Arte horretan, aukera zenbait, izan, badira, hiru hirietan gaindi, baita lanera joateko ere. Bereziki, Angelu eta Baionan. Baina, usu, autoari lekurik hartu gabe. Miarritzen, berriz, ez da kasik deus egin, baina egiteko asmorik bada. Asmo horiek aspaldikoak dira: «2010ean, orduko auzapezak ez gintuen ezta errezibitu nahi izan ere, ezta solastatzeko ere. Orain, berriz, zinezko plangintza bat du herriko etxeak. Milioi bat euro gainditzen du planak».

Mementoko paperean

Hiru hiriak bere baitan dituen Euskal-Kosta Aturri Hirigune Elkargoak abian jarria du bizikleta plan bat ere. Bizikletentzako bide nagusi batzuk zehazten ditu eskemak. Baina, hor ere, gauzatzeko denbora hartzen ari dira. «Mementoko, paperean da marraztua bereziki», azaldu du Grossierrek. «Arras onesta izanez gero, borondate politiko indartsu bat eskas da bizikletaren erabilpena garatzeko».

Hirien arteko hautuen artean koherentzia eskasean dago, Grossierren ustez. Eskas dena oroz gainetik, Grossierren ustez: «Horri guztiari koherentzia bat eman behar zaio. Ez da onargarria hainbeste publizitate izatea autoaren alde, eta hain guti bizikletaren alde. Ez da publizitaterik eginik jendeak joan-etorriak egiteko mementoan, autoaren erabilpena aldarazteko. Gaur egun, bizikleta biziki moda zaharrekoa da gazteen artean».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Herritar ugarik produktuz beteriko poltsak utzi dizkiete Elikagai Bankuko boluntarioei. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Elkartasunez bete dira orgak

Aitor Biain

Hego Euskal Herriko Elikagai Bankuek bilketa nagusia egin dute, urtero bezala. Ehunka tona elikagai eta oinarrizko produktu bildu dituzte dendetan eta supermerkatuetan.
 ©Gorka Rubio / FOKU

«Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Bokazioz irakaslea dela aitortu du Joxerra Garziak, baina lan asko egindakoa da bai bertsolaritzan eta bai komunikabideetan. Erretiroa hartuta ere, ikastaroak eman eta eman ari da oraindik.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Trantsizioa egitea, nola esan... zoriontasun eztanda bat da»

Iker Tubia

Gorputza estaltzen duten babesetan gordetzen da Gomez izotz hockeyan aritzeko. Ia bizi osoan gorde behar izan du emakume zela, baina orain ez du ezkutatzen. Partida hor dago oraindik.
Gazte Euskaltzaleen Sarekoek protesta egin zuten EITBren Bilboko egoitza aurrean, azaroaren 16an. ©KLAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.