Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

UDAKO SERIEA. Euskal Herriko bazter historikoak (I). Bertiz

Bertizko natur parkeko lasto bidea

Orgen karrankek tartea utzi diote hostoen harrabotsari. Besteak beste, pagoak, haritzak eta gaztainondoak ikusiko ditugu erreinu liluragarrian. BERRIAk bazter historikoei eskainitako artikulu sortaren lehena da hau.
Bertizko natur parkeak 2.000 hektarea inguru ditu.
Bertizko natur parkeak 2.000 hektarea inguru ditu. JOXEAN GIL-GARCIA

Joxean Gil-Garcia -

2015eko uztailak 21

Jakinekoa da basoek berebiziko protagonismoa hartzen dutela Nafarroako iparraldean. Guztiak ederrak direlarik ere, Bertiz izeneko zuhaiztia berezia da oso. Paradoxikoa izan arren, 2.000 hektarea inguru dituen paradisu hori pribatua izan da ia-ia betidanik. Gaur egun, bisitatuenetako bat da. Nola uler daiteke aldaketa hori? Bada, hainbat mende egin behar dugu atzera denboran haren historia ulertzeko. Izan ere, finkaren inguruko lehen aipamenak Erdi Arokoak dira, eta, ordudanik, basoa dotoretzen duten zuhaitz sendoek iragan aparta gorde dute. 1984an, pribatua izateari utzi zion, Nafarroako Gobernuak natur parke izendatzearekin batera. Harrezkero, milaka bisitari hartzen ditu basoak, natura oparoak erakarrita, dudarik gabe.

Paradisuaren zaindariak

Jaurerriaren lehen berriak izateko, historian hainbat mende egin behar dugu atzera derrigor. Adituek jakitera eman dutenez, XIV. mendekoak dira guregana heldutako Bertizen inguruko lehen aipamenak. Orduan, Nafarroako Erregeak Bertizko Pedro Migel jauna izendatu zuen paradisuaren zaindari. Iparraldeko eta Gipuzkoako mugak zaintzearen aitzakian, opari ikusgarria utzi zion bere gozamenerako. Edonola ere, finkaren nondik norakoek ez dute hortxe amaiera punturik; Jaurerriaren gertakizunek aurrera jarraitu zuten, eta belaunaldiz belaunaldi. Natur ondarea oinordekotzan pasatu zen ia-ia XIX. mendearen amaierara arte. Azkenik, Pedro Ziga eta Dorotea Fernandez senar-emazteek eremu osoa erosi zuten, finkaren ondarea bere esanetara jarriz. Jauregia zaharberritzeko agindua eman zuen Ziga jaunak, baita lorategia dotoreziaz janztekoa ere. Horretarako, hainbat hobekuntza eginarazi zituen, eta, besteak beste, iturriak, urmaelak, pergolak eta estalpe erromantikoak egokitu zituen.

Ziga munduan barrena ibilia baitzen, handik eta hemendik ekarritako zuhaitzak eta landareak metatzen hasi zen jauregiaren ondoan. Haren obra naturala ikusgai dago oraindik ere leku berean, aparkalekuaren ondoko aparteko lorategian. 1949an, Pedro Zigak testamentu bidez Foru Aldundiari utzi zion finka osoa, baina baldintza batekin: jaurerria bere hartan mantendu behar zuela.

Plazazelaira bidean

Bertiz natur parkeko sarrerara heltzean (Oronoz-Mugairi, Nafarroa) atentzioa emango digun lehen elementua zedro ikaragarri bat da. Aparkalekuaren ondoan dago, belardi zabalaren erdi-erdian. Ibilian hasi aurretik hari erreparatzea ezinbestekoa da: 31 metro luze ditu, eta haren perimetroa bost metro ingurukoa da.

Bertiz natur parkeko harrera egiteko etxolan hasiko gara ibili-ibilian. Aizkolegiko tontorrera doan bide zabala hartuko dugu. Parkearen muturrean ikusiko dugun informazio gunetik igarotzea komeni da: mapa-gida bat eskuratzeaz gain, ibilbideen inguruko xehetasunak emango dizkigute bertan. Proposatzen dugun ibilbideak Plazazelairaino lagunduko digu. Hara iritsiko gara 9,5 km osatu ostean. Gero, lasto bideari segika, Parkeko kaskora iritsiko gara; hots, Aizkolegi mendira. Pedro Zigak eraikiarazi zuen hartxintxarrezko errepidetik egingo dugu buelta.

Bertizkoan sartzeaz batera, basoa janzten duten espeziei erreparatzea saihetsezina da: lizarrez gainera, astigarrak, Amerikako haritzak eta platanondo erraldoiak ikusiko ditugu basabidearen ondoan, primeran lerratuta. Ibilian hasi eta minutu gutxira, karobi edo gisu-labea ikusteko parada izango dugu. Eskuinaldean da egitura bitxia, behar bezala atonduta funtzioa ondo ulertarazteko. Ezkerraldean, haatik, txondor bat ikusiko dugu. Bertantxe jarritako oharrak lagungarriak izango zaizkigu Nafarroako basoetan garatutako lanbide zaharra bikain interpretatzeko.

Aizkolegiko bideari eutsirik, basabidean aurrera jarraituko dugu; oraingoz, desnibel handirik gabe. Suspiroko errekaren gainetik igaro bezain pronto, bidebanatze bat ikusiko dugu. Plazazelai deritzan parajera bideratuko ditugu gure pausuak, bertaratzeko sei kilometro inguru direla. Beraz, eskuinera jo, eta, Aizkolegirako bideari muzin eginda, mendi bizikletaz egiteko aproposa den bidea hautatuko dugu. Goraka hartzen hasiko gara laster batean. Hasieran, astiro-astiro; kilometroak egin ahala, ordea, gogo biziz. Aldamenean daramagun Aiantsoro erreka jauzkaria lizarrek inguratuta ikusiko dugu. Uraren freskotasunetik aldendu ahala, baina, landaredia aldatzen dela nabarmenduko dugu. Lizarrek altuerari eta hezetasunari ongi eusten dieten espezieei utziko diete tartea. Besteak beste, pago sendoei. Hala ere, pagadia ez da ikusiko dugun lekuko bakarra. Altuera txikiko eta enbor lodiko gaztainondoak ere ikusiko ditugu magaletan barreiaturik.

Aparkalekutik zortzi kilometro eginak ditugula, lepo batera helduko gara: Plazazelai eta Aizkolegi parajeak banantzen dituen lekuan gaude. Momentuz, eskuinera egin, eta Bertizko eremua ixten duen hesira iritsiko gara berehala. Parkearen inguruko informazioa duen argibide taula bat ikusiko dugu han. Merezitako deskantsua egin ostean, aurreko bidebanatzera itzuliko gara, Aizkolegirako bidea hartzeko asmoz.

Lasto bidetik tontorrera

Mazelan gora egingo dugu lasto bidean aurrera egin ahala. Nonbait, Ziga senar-emazteek baimena eman zuten lastoz beteriko orgak beren finkatik igarotzeko. Bideak oso txarrak baitziren garai horretan, finka zeharkatzen zuen bideak baserritarrei Orabidea auzora joateko bermea ematen zien.

Plazazelaitik 1,5 km egin ditugula, pinudiarekin bat egingo dugu. Orduan, eskuinera jo, eta Aizkolegiko tontorrera igoko gara. Aurreko mendean Zigak berak altxarazi zuen jauregi moderno bat ikusiko dugu tontorrean. Naturaren edertasunak erakarrita, zentzumenen gozamenerako eraikitzeko agindua eman zuen. Denbora luzea igaro da ordutik, eta erortzeko arriskuan dago gaur egun. Hori dela eta, etxearen inguruan amaituko dugu igoera.

Aparkalekura jaisteko, harrizko bide zabala baliatuko dugu. Ez dago galbiderik. Izan ere, 11 kilometroko jaitsiera luzea dugu, eta bidea ongi balizatuta dago.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Herritar ugarik produktuz beteriko poltsak utzi dizkiete Elikagai Bankuko boluntarioei. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Elkartasunez bete dira orgak

Aitor Biain

Hego Euskal Herriko Elikagai Bankuek bilketa nagusia egin dute, urtero bezala. Ehunka tona elikagai eta oinarrizko produktu bildu dituzte dendetan eta supermerkatuetan.
 ©Gorka Rubio / FOKU

«Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Bokazioz irakaslea dela aitortu du Joxerra Garziak, baina lan asko egindakoa da bai bertsolaritzan eta bai komunikabideetan. Erretiroa hartuta ere, ikastaroak eman eta eman ari da oraindik.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Trantsizioa egitea, nola esan... zoriontasun eztanda bat da»

Iker Tubia

Gorputza estaltzen duten babesetan gordetzen da Gomez izotz hockeyan aritzeko. Ia bizi osoan gorde behar izan du emakume zela, baina orain ez du ezkutatzen. Partida hor dago oraindik.
Gazte Euskaltzaleen Sarekoek protesta egin zuten EITBren Bilboko egoitza aurrean, azaroaren 16an. ©KLAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.