Albistea entzun

Durangoko 50. Azoka. Gogoetaren plaza

«Bala berean doaz kultur aldaketa eta aldaketa soziala»

Erreleboaren irudia ez dute gehiegi maite Hedoi Etxartek, Danele Sarriugartek, Joseba B. Lenoirrek eta Miren Amurizak, baina onartu dituzte belaunaldien arteko tentsio eta konplizitateak.
Hedoi Etxarte, Miren Amuriza, Danele Sarriugarte, Joseba B. Lenoir eta Sustrai Colina.
Hedoi Etxarte, Miren Amuriza, Danele Sarriugarte, Joseba B. Lenoir eta Sustrai Colina. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2015eko abenduak 8 - Durango

Lehenago zein datorren galdetu, eta bat egin dute laurek: biak batera. Aldaketa soziala eta aldaketa kulturala eskutik doazela azaldu zuten atzo Durangoko Azokako Gogoetaren plazan egindako mahai inguruan Miren Amuriza bertsolariak, Danele Sarriugarte idazleak, Joseba B. Lenoir musikariak eta Hedoi Etxarte idazleak. Etxartek laburtu zuen esaldi batera laurek konpartitutakoa: «Bala berean doaz kultur aldaketa eta aldaketa soziala». Kulturgintzaren erreleboa eta transmisioa zuen gai saioak, eta guztiek onartu zituzten aurreko belaunaldiko sortzaileekin izandako konplizitate eta talka uneak. Azaldu zutenez, hor ere batera doaz, bizi dituzte nahasian jarraipena eta etena. Bala berean.

Amurizak oholtzatik kanpo jarri zuen, adibidez, bertsolaritzan izan diren aldaketen motorra. «Bertsolaritzan erreleboaren kasua oso demokratikoa da. Bertsolaritzan bereziki. Zergatik? Erreleboa ematen duena ez delako bertsotan dabilena, baizik eta publikoa bera. Bestela asko ez lirateke mugituko dauden lekutik. Publikoak eragiten du zirkuituan aldaketa hori». Eta nola eragiten diote elkarri kultur aldaketek eta gizarte aldaketek orduan? Adibide bat: ligatzeari buruzko bertsoak. Emakumezko bertsolariak diskurtso bat sortuz joan diren heinean, «ezeroso» igarri ditu Amurizak orain arte eroso egon diren batzuk. «Libreko saioetan ikusi ditut gizonezko askok nirekin erabili dituzten taktikak: ligatzen saiatzea, loreetara jotzea... Ni neu askotan sartu naiz jolas horretan, funtzionatzen duelako eta egiten banekielako. Orain zer gertatzen da? Guk diskurtsoa aldatu egin dugula, eta mozten baduzu bide hori, lehengo diskurtsoak ez duela balio, eta sortzen dira une ezerosoak. Guk jarraituko dugu diskurtsoa garatzen, hor ezeroso dagoenak ikusi beharko du zer aldatu beharko duen. Publikoa ere ohituagoa dago umore kode batzuetara, eta beste batzuekin ez da hain feedback erraza lortzen». Aldaketa igartzen du publikoan, eta laburbildu du: «Oso une interesgarria da».

Sarriugartek ere ildo beretik. «Erreleboa ez da izan literaturaren kasuan. Ramon Saizarbitoriak atera berri du liburu bat oraintxe bertan, esaterako. Jarraitzen du. Jarraitzen dute. Eta badute itzal bat oso luzea eta merezia. Halere, nire ustez, bai, egon da haustura bat nire kasuan. Batzuetan, jarraipen bat ere bai, baina baita haustura bat ere». Gidari lanetan aritu zen Sustrai Colinak galdera hor: «Haustura kontzientea?». Eta Sarriugartek arnasotsa lehenik, eta erantzuna ondoren. «Gizartearekiko haustura kontziente bat gehiago igual, eta gertatzen da horrek isla baduela literaturan. Ez nuen hautsi nahi ez dakit zeinen ereduarekin literaturan, baina bai eredu nagusiago batekin gizartean. Gizarteko aje batzuen kontra baneukan oro har kontrakotasun bat».

Etxartek, jostalari eta txantxetan lehenik: «Batzuetan, euskal literaturan ez dute seme-alabek aita hil nahi, baizik eta aitak hil nahi ditu seme-alabak». Eta barreen ondoren serioago: badela denetarik, eta badirela eskuzabaltasun handiz jokatzen duten idazleak ere. «Ez dakit gure literaturan belaunaldiena hain erraz ikus daitekeen, ze berez betetzen diren espazio berriak aurrez ez ziren existitzen. Nik ez dut uste Danelek [Sarriugartek] betetzen duen espazio hori inori kendu dionik. Uste dut berak asmatu duela hein batean». Ez zen Sarriugarteren kasuaz soilik ari, ordea, eta aforismo modura bota zuen gogoeta: «John Coltrane sortu arte, ez zegoen John Coltraneren entzulerik».

Lenoir ere aldaketaren ideiarekin ados, baina bi espazio bereizi zituen. Bere inguruko giroan igartzen duena bata, eta inguru horretatik kanpo sumatzen duena bestea. «Musika egiten nigandik hurbilen dagoen jendearengan bai igartzen dut aldaketa gogo bat, baina gero ez dut sumatzen gehiegi. Bertzela ez zen izango hainbertze talde udan ibiltzen diren bezala parrandetarako ska hori jotzen. Eta ez da bakarrik estiloa. Egiten ahal duzu estilo bat ala bertzea, eta ez duzu zertan esplizituki idatzi zure kantetan nahi duzula aldaketa. Egiten ahal duzu lan egiterako orduan forma batzuk txertatu ere. Aldaketa gogo hori ez ikustea zure lanaren emaitzan, baizik eta egiteko moduan. Hortik hasten ahal duzu aldaketarako bide bat eta hori ez dut sumatzen gehiegi musika munduan».

2065ean kokatu zituen gonbidatuak Colinak amaieran, eta azokaren mende betearen urteurrenean euskal kulturari espero dizkioten ezaugarriez galdetu zien. Aldaketari aipamena hor ere guztiek. Amurizak, esaterako: «Nik nahi nuke euskal kultura bat Euskal Herriko denek propiotzat sentitzen dutena». Eta berriz ere kultur aldaketa eta gizarte aldaketarena batuz Sarriugarte: «Nahi nuke kultura bat ez hain menpekoa, ez hain Espainiako kulturaren menpekoa eta imitatzailea dena. Gizarte aldaketa horrek nik uste eragingo liokeela kulturari ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Aitak oparitutako gitarrak jarri zuen Aurora Beltran musikaren bidean, duela 50 urte. Tahures Zurdos taldeak markatu du bide hori, nahiz eta musikariak bakarrik grabatu dituen bere azken diskoak. Tahures 2019an itzuli zen; Beltran ez da inoiz joan.

1 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Artea hezkuntzari so

Aitor Biain

'Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian 1957-1979' erakusketa jarri du Artiumek. Ekainaren 5era arte egongo da zabalik
<em>Zura eta ura</em> egitasmoaren sortzaile eta sustatzaileak, Aquariumeko atzoko aurkezpen agerraldian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Itsas portuen erradiografia bat

Alex Uriarte Atxikallende

Argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen 'Zura eta ura' egitasmoa aurkeztu dute Aquariumean
Langile bat Donostiako Trueba zinema aretoak desinfektatzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Kulturak 2021ean emandakoaren errepasoa dakar 'Jakin' berriak

Erredakzioa

Ismael Manterolak eta Ainhoa Urienek idatzi dituzte 247. zenbakiko artikulu nagusiak. Beste hainbat sinadura ere bildu dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.