Albistea entzun

Kaleak, gorotz bide

Zakur jabeek jasotzen ez dituzten gorozkien arazoari aurre egiteko, hainbat sistema probatzen ari dira Euskal Herriko udalak. Kontzientzia pizteko kanpainak dira nagusi, nahiz eta haien eraginkortasuna zalantzan egon. Hernanin bazterturiko DNA sistema erabiltzeko aukerarekin ari dira Bilbon.
Emakume bat, zakurra debekaturiko gune batean sartzen, Ermuan (Bizkaia). Udaleko langileek bandera gorriekin markatuak dituzte utzitako gorozkiak.
Emakume bat, zakurra debekaturiko gune batean sartzen, Ermuan (Bizkaia). Udaleko langileek bandera gorriekin markatuak dituzte utzitako gorozkiak. L. TEJIDO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2016ko maiatzak 6

Iazko udazkenean, norbaitek pentsatu zuen ezin zuela egoera gehiago jasan. Altsasuko (Nafarroa) kaleetako zakur gorotzez nazkatuta, arratoiak hiltzeko pozoiz bete zituen haragi bola batzuk. Ondoren, herriko hainbat zokotan ezkutatu zituen. Lau zakur hil ziren pozoia janda, eta beste hiruk kalte larriak pairatu zituzten. Horren muturreko erreakzioak ez dira ohikoak izaten, baina zakur jabeek jaso gabe utzitako gorotzena oso zabalduta dagoen arazo bat da. Euskal Herriko hainbat hiritan, bideak bilatzen ari dira egoerari aurre egiteko.

Pozoitzeak udala eta gizarte taldeak mugitzera behartu ditu Altsasun. «Zakurren inguruko araudia badugu, baina zaila da indarrean jartzea, ez dugulako baliabiderik», esan du Javier Ollo alkateak. Lantalde bat sortu dute, talde politikoetako ordezkariekin, zakurzaleekin, auzo elkarteekin eta albaitariekin, sentsibilizazio kanpaina bat egiteko. Kartelak, triptikoak, prentsa oharrak eta halakoak erabiliko dituzte mezua zabaltzeko. Udaren ondotik abiatuko dute. Halere, Ollok berak ere ez du emaitza handirik espero: «Duela urte batzuk ere egin zen halako kanpaina bat. Ez dakit zer eragin izan dezakeen».

Hernanin (Gipuzkoa) egitasmo ausarta abiatu zuten 2011. urtean arazoari aurre egiteko, baina ez zen ondo amaitu. Herriko zakur guztien odol laginak hartu eta DNA fitxategi bat osatzea proposatu zuten. Kalean aurkituriko gorozkiak genetikoki aztertzeko aukera emango luke horrek, hau da, bakoitza zein zakurrena den jakiteko, eta jabeari isuna jartzeko. Haatik, proposamena bertan behera utzi zuen udalak, oposizioak aurka gogor egin ziolako. Geroztik, ohiko bideei jarraitu die Hernanik arazoari aurre egiteko. Laster abiatuko dute aurtengo kanpaina: udaltzain gehiago arituko dira parkeak zaintzen, udaberriarekin jende gehiago baitabil, batez ere haurrak. «Isunen eraginkortasuna zalantzan dago», esan du Kristina Martin komunikazio arduradunak; «izan ere, isunarekin, gogoa kenduko diozu bati berriz egiteko, baina ehunka dira». Ezinezkoa da parke guztiak kontrolatzea, ehunka udaltzain beharko bailirateke horretarako.

Isunen ahuleziaz konturatzeko, oso argigarriak dira Bilboko datuak: iaz, urte osoan eta hiri osoan, 25 isun jarri zituzten zakur gorotzak ez jasotzeagatik. Oso gutxi dira, guztiz zaila baita isunak jartzea, udaltzainek in fraganti harrapatu behar dutelako egilea.

Arazo «handia» dute Andoainen (Gipuzkoa), Jon Zulueta Udal bozeramailearen arabera. 3.000 zakur inguru daude herrian, arautegia ez da betetzen eta egoerak «gainezka» egin du. Zuluetak esan duenez, DNA sistema jartzea planteatu ere ez dute egin, baina pentsatzen ari dira aukera egongo litzatekeela txizaguneak jartzeko. Hesituriko belardiak dira txizaguneak, zakurrek han egin dezaten txiza eta kaka, zuhaitzetan, kaleetan edo ertzetan egin beharrean. «Inbertsioa eskatzen dute, eta, gero, mantendu egin behar dira, baina begi onez ikusten ditugu».

Baina zelako emaitza dute txizaguneek? Ordizian (Gipuzkoa), jarriak dituzte. Teorian, jabeek ohitu egin behar dituzte zakurrak hara joatera egitekoak egitera. Baina, jabeak ere ohitu egin behar direnez, horien arrakasta mugatua da. «Funtzionatzen ote duten? Zalantza dut; ez dakit ohitura errotu den», esan du Ordiziako Udaleko zerbitzuburu Jon Eskisabelek.

Euskal Herriko hainbat hiritako agintariak Herrialde Katalanetara begira daude. Valentziako Xativa hirian urtebete daramate zakurren gorotzak DNAren bidez kontrolatzen. Alderdien arteko ika-mika egon zen sistema proposatu zutenean, enpresa kudeatzailea zinegotzi batena zelako. Baina udal gobernua aldatu zenean, aurrera egin zuten. Zakur jabe bakoitzak 35 euro ordaindu behar ditu animalia kontrol genetikorako sisteman sartzeko. Horrekin, zakurraren bizialdi osorako kontrola ordaintzen du, Pepe Vera Xativako udal biologoak azaldu duenez. «Zakur jabeak kontzientziatzeko edozein kanpaina edo garbitzeko tresnak erostea baino askoz merkeagoa da sistema. Kanpainen emaitzak etsigarriak dira. Honek funtzionatu egiten du». Emaitzak oso argiak direla esan du Verak: garbiketa zerbitzuetako txosten guztiek hilabetez hilabete esan dute gero eta gorotz gutxiago daudela.

Zakur jabeek ondo hartu dute neurria, Veraren arabera. Eta beste herritarren erantzun ikusgarria ilustratzeko adibidea eman du biologoak: «DNA azterketa beroak eskatzen dizkigute», esan du, barrez. Izan ere, udalaren Interneteko gunearen edo telefonoaren bitartez jasotzen dituzte herritarren salaketak, eta, gero, astean behin, gorotzak jasotzeko ibilbide bat prestatzen dute. «Herritarrek, ordea, zera esaten digute: 'Zakur batek kaka egin du nire atariaren aurrean; zatozte berehala DNA aztertzera'».

Bilbon, prestatzen

Gasteizen erabat baztertu dute DNA bidezko kontrola, «oso garestia» delakoan, alkatetzatik esan dutenez. Baliabide teknikorik eta langilerik ez dutela uste dute. Horrez gain, isuna jartzeko prozedurari lege balioa emateko udaltzain bat egon beharra baztertzeko beste arrazoia dela ikusi dute.

Santurtzin (Bizkaia) mahai gainean jarri izan dute sistema. «Aztertu izan dugu, arazo handia daukagulako zakur gorotzekin, baina ez dugu inoiz erabaki», esan du Arantza Duran eledunak.

Bilbon, ordea, poliki ari dira DNAren bidezko identifikazio sistemara hurbiltzen. Zaragozako Unibertsitateko albaitariekin sistema aztertzen dabiltza. «Erabaki bezain pronto, buru-belarri sartuko gara horretan», esan du Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo zinegotziak. Bilbon, iaz 11.225 lan ordu sartu zituzten zakur gorotzak garbitzen, hau da, 935 ordu hilero, batez beste. Bilbon, zakur asko txip gabe daude. Lehenbizi, zakur guztiak txipen bidez kontrolatu nahi dituzte. Ondoren ekingo liokete DNA fitxategia sortzeari. «Denontzat da ona». Legealdi honetan abiatu nahi dute sistema, «edo, behintzat, dena prest utzi hurrengorako».

Altsasun, azkenean, 44 urteko herritar bat atxilotu zuten udazkenean, zakurrak pozoitu zituelakoan. Ez zuen ulertu, antza, arazoa ez direla animaliak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Consonni kreatura mutante bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Consonnik 25 urte bete berri ditu. 2012tik argitaletxea ere bada, eta Murrek dio horrek «autonomia» eman diela. Andrazko idazle euskaldunak eta zientzia fikzio feminista itzuli dituzte, besteak beste.
 ©BERRIA / HISTOLABET

Gizakiak, txerri organoak amets

Jakes Goikoetxea

David Bennettek astebete baino gehiago darama bizirik txerri baten bihotzarekin. Transplante hori mugarria izan da, baina ikerketa asko falta da prozedura orokortzeko.

Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda dira <em>Pressumptes culpables. Els altres Altsasu</em> dokumentaleko gidariak. ©TV3

Errepresioari pultsua TV3en

Urtzi Urkizu

'Pressumtes culpables. Els altres Altsasu' dokumentala 345.000 herritarrek ikusi dute TV3en. 'Altsasu auziko' bi gaztek Kataluniako errepresio kasuak ezagutzen dituzte hartan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.