Albistea entzun

UDAKO SAILA. Bizikleta eta hiria (III). Gasteiz

Hiriko errepideak, bizikletentzat ere bai

Irudian, Ana Zuazagoitia, Gasteizko Bizikleteroak elkarteko presidentea.
Irudian, Ana Zuazagoitia, Gasteizko Bizikleteroak elkarteko presidentea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Mikel Gonzalez -

2015eko uztailak 17 - Gasteiz

Gasteiztarrek bizikleta maite dutela esan da askotan. Badirudi, gainera, udala bizikletak maitatzen jarraitzeko arrazoiak ematen ari dela. Izan ere, azkenaldian, Gasteizek bere itxura aldatu du, oinezkoei eta txirrindulariei garrantzi handiagoa emateko. Aldaketok berretsi dituzte Ana Zuazagoitiak eta Ruben Rodriguez Txopo-k, Gasteizko Bizikleteroak elkarteko kideek.

Aldaketarik esanguratsuena oinezkoen uharteak direlakoak dira. Hainbat etxadiz osaturiko guneak dira, eta, bertan, ibilgailuen abiadura muga jaitsi dute, trafikoa lasaitzeko; hartara, oinezkoen zein txirrindularien abiadurak errespetatzen dira.

Kexaako Gazteluaren kalea oinezkoen uharte baten barruko kalea da. Kale horretan, autoen abiadura orduko 30 kilometrora mugatu dute, eta autoei bide bat kendu diete, bizikletek erabiltzeko. Zuazagoitiaren esanetan, «ezinbestekoa da bizikletak autoekin batera ibiltzea errepidean». Kalean, beraz, bizikleten eta autoen trafikorako prestatutako bide bat dago, baita bizikletentzat soilik erabilgarria den bidea ere, kontrako noranzkoan.

Hainbat ikastetxe kale horretara joaten dira, gidatze seguruaren inguruko eskolak emateko. Halakoetan, haurrek beren bizikleta modurik seguruenean erabiltzen ikasten dute, kale horretako galtzada erabiliz. Helduek ere badaukate aukera horrelako ikastaroak egiteko, baina, gehienetan, bertan behera geratzen dira, jende faltagatik. «Badirudi helduek ez dutela nahi norbaitek berriro gidatzen irakastea...», uste du Txopok.

Kexaako Gazteluaren kaletik, Prado parkera bidean, ez da autorik ageri. Parkera ailegatu, eta, han, bizikleta batzuk ikusten dira, korrikalariren bat edo beste, eta, batez ere, oinezko asko. Gasteiztarren %54 oinez mugitzen dira; %25ek autoa edo motorra erabiltzen dute, eta %12k, bizikleta. Azkeneko urteetan, autoaren eta motorren erabilerak jaitsiera nabarmena izan du. Txoporen esanetan, oinezkoen mesedetan izan da, baina, batez ere, txirrindularien mesedetan: «Orain dela zortzi urte, %3k soilik erabiltzen zuten bizikleta. Gaur egun, orduan halako lauk. Aldaketa oso handia izan da».

Parkea atzean utzi ondoren, unibertsitate guneko bidegorrian barrena, bizikleta franko ikusten dira. Bidearen amaieran, errepidera sartu, eta San Antonio kaleko tunela dago. Hor ere jarri dute autoek eta bizikletek batera erabiltzeko bidea, eta, kontrako noranzkoan, bizikletentzako soilik egokitutako bidea.

Tunela igaro ostean, eskuinera bira eginda, Manuel Iradier kalerako bidegurutzea ageri da. Bidegurutzea hartu ostean, Manuel Iradier kalean zehar lehenengo auto ilarak ikusten dira. Iradier Arenara doan bidean barrena, gidari askok pazientzia galtzen dutela suma daiteke, bizikleta bat ikustean abiadura moteldu beharko dutelakoan. Batzuek eskua klaxonean dute prest, txirrindulariren bati arreta deitu behar baldin badiote. Zuazagoitiak errepidean nola joan behar den azaldu du: «Bidearen erditik joan behar dugu, gure segurtasunerako ona baita; ez bidearen albotik, aparkatuta dauden autoek atea irekitzerakoan istripuak egon baitira».

Iradier Arenako plazara heldu, eta, plazan barrena, Herrandarren kalea ikusten da. Kale horretan egin da bizikletentzako azken bideetako bat, baina bidearen proiektua ez dago guztiz amaituta. Amaierako ideia honako hau da: Gasteiz iparraldetik hegoaldera lotuko duen bizikletentzako bide bat lortzea, Iradier Arenatik Salburua, Zaramaga, Ibaiondo eta Arriaga auzoetara joateko aukera emango duena.

Kale horretatik jarraituz, obretan ari diren gunea ikusten da. Kamioi bat txirrindularientzako bide gainean dago geldirik. Seinale batek espaloitik jarraitu behar dela adierazten du, baina Txopok ez du uste seinale hori aproposa denik txirrindularientzat: «Guk errepidetik joan behar dugu, ez espaloitik».

Aurrerago jarraituta, Jesus Guridi kaleranzko bidea hartzen da. Pio XII.aren kaleko bidegurutzea igaro, eta Azoka Plaza aurkitzen da. Halako batean, txirrindulari bat ikusten da espaloitik. «Errieta egiteko gogoa eman dit», esan du Zuazagoitiak. «Oinezkoei traba baino ez die egiten», erantsi du Txopok.

Jesus Guridi kalean, arazo asko egon ohi da bigarren ilaran aparkatuta dauden autoekin. Momentu baterako gelditzen badira ere, bizikletentzako bidearen gainean gelditzen dira, eta horrek arazoak sor ditzake: txirrindulariak distantzia luzea egin behar du kontrako noranzkoan, eta, askotan, autoren bat aurrez aurre topatzen du. Oraingoan, hala ere, auto gutxi ikusten dira.

Azoka Plaza eta Corte Ingles merkataritza gunearen artean ere arazoak izan ohi dira. Sarri, zamalanak egiterakoan, kamioiek bizikletentzako bidea oztopatzen dute. Kasu honetan, kamioi bat dago geldirik. Bizikletentzako bidearen gainean badago ere, kamioilariak bidea utzi die bizikletei.

Konponbiderik errazena

Herrandarren kalera bueltatu ondoren, aurrerago joan, eta kalea Done Jakue Hiribidearekin gurutzatzen da. Hor, udalak espaloia altxatu nahi zuen, txirrindulariek gurutzatu nahi bazuten errazago izan zezaten. Baina, azkenean, gurutzean zuriz marraztutako bide bat jartzearekin nahikoa izan zen.

Bidegorrien sarean egindako aldaketak, gehienetan, aurrekontu gutxirekin egin dira, ez baitituzte azpiegitura berriak egin. Lehendik zeudenak aprobetxatuz, bizikletentzako egokitu dituzte. Egin dutena da: pintura zuriz seinale eta bide berriak marraztu.

Gasteiztar askok kritikatu dituzte udalak hartutako azken neurriak, autoei espazioa kentzeko eginak direla uste baitute. Baina, berez, ez da horrela. Gasteiz, autoentzat diseinatua egoteari utzi, eta herritarrentzat diseinatua egotea lortu nahi dute. Zuazagoitiaren esanetan, «hiriak herritarrentzako espazioak berreskuratzea nahi dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Ituño aktorea ©Javier Lizon / Efe

‘La casa de papel’ Netflixeko lehen tokian jarri da AEBetan

Urtzi Urkizu

Iruñeko sanferminak eta Pasaiako portua aipatzen dira azkeneko ataletan. Iñigo Aranbarri Azkoitiko (Gipuzkoa) aktoreak rol txiki bat jokatzen du. Protagonisten artean dira Itziar Ituño, Ramon Agirre, Ahikar Azkona eta Najwa Nimri.

Wikipediaren sakelerako aplikazioaren ikonoa. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Euskarazko Wikipediak 20 urte bete ditu gaur

Edu Lartzanguren

Gaur, Wikipedia lantzen duten munduko hizkuntzen artean 33. postuan dago euskara artikulu kopuruari dagokionez, estatu hizkuntza diren hainbat eleren aurretik.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.