Iñigo Cabacasen heriotza. Elkarrizketa. Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu. Iñigo Cabacasen gurasoak

«Batzuk gugandik ihesi ibiltzen dira, kalte egingo bagenie bezala»

Kexu dira Cabacasen gurasoak, lau urteren ostean epaiketarik egin ez delako, inputatu kopuruari «gutxi» irizten diotelako eta instituzioetatik espero zuten aintzatespena eta auzia argitzeko laguntza ez direla iritsi uste dutelako; hala ere, «Iñigorentzat justizia» eskatzen jarraitzeko asmo irmoa azaldu dute.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2016ko apirilak 3
Iñigo Cabacasen logela berak utzi bezala dago oraindik. Han daude Athleticen ikurrak, lagunek sinatutako surf taula, argazkiak, poemak. Baina lau urte dira ohea hutsik dagoela. Cabacas 2014ko apirilaren 9an hil zen, lau egun lehenago Ertzaintzak botatako gomazko pilota batek buruan jota. Geroztik, harentzat justizia eskatzen duten aldarriek ez dute etenik izan.

Bilbon duten etxean erantzun diete BERRIAren galderei Iñigo Cabacasen gurasoek, Manu Cabacasek eta Fina Lizeranzuk. Elkarrizketak iraun bitartean behin baino gehiagotan hunkitu dira, eta ahaleginak egin behar izan dituzte negarrari eusteko. Beste batzuetan, ordea, sumindu egin dira. Aitortzen dutenez, aspaldi honetan sentsazio desatsegina dute: zenbaiti euren eskakizunak eta euren presentzia bera deseroso suertatzen zaizkiela, eta ezkutaketan bezala ibiltzen zaizkiela arduradun politiko batzuk. Baina argi utzi nahi dute «justizia» baino ez dutela eskatzen

Asko luzatzen ari da instrukzio fasea, eta lau urteren ostean oraindik ez dago epaiketa egiteko datarik. Zer deritzozue?

MANU CABACAS: Gaizki ikusten dugu prozesua hainbeste luzatzea. Gu ez gara gazteak, eta guretzat astuna da. Jakin bagenekien luze joko zuela, baina ez hainbeste. Epaiketa egin beharko litzatekeela uste dugu. Beste aldetik, inputatuak hain gutxi izatea eta horien artean Ertzaintzaren buruak eta arduradun politikoak ez egotea ez dugu ulertzen.

Bestelako erantzukizunak badaudela uste duzue?

M.C. Fiskala eta epailea saiatzen ari dira hiltzailea bilatzen. Ondo iruditzen zait. Baina hiltzaile zuzenaz gain, bestelako erantzuleak ere badaude. Ugarteko horrek agindua eman zuen, amorruz eman ere, grabazioan entzuten den moduan. Zergatik eman zuen? Eta hari nork eman zion agindua? Esan dezala, hain ausarta bada. Guri salaketa jartzeko adorea baldin badu, izan dezala agindua nork eman zion esateko ere.

Auzia argitzeko Segurtasun Sailak emandako laguntza nahikoa izan dela uste duzue?

M.C. Asko sentitzen dut, baina ez. Nik ez neukan ezer berrien kontra [Segurtasun Saileko arduradun berriak, EAJrenak], eta zinez uste nuen laguntza emango zutela; [Estefania Beltran de Heredia] sailburu berria izendatu zutenean telefonoz deitu zidan eta esan zidan prest zegoela laguntzeko auzia argitze aldera. Bi urte geroago harekin batzartu nintzenean inpresioa eman zidan nahi zuela baina bere alderdiaren gatibu dagoela. Asko mindu ninduen horrek, baina, egia esateko, ez diot herrarik, uste dut politikaren gatibu dagoela.

Gehiago espero zenuten?

M.C. Egia esateko, bai. Gainera, kasu honetan errazago zeukaten. Nik badakit ez dela justua inori tiro egitea, hildakoa edozein delarik ere, baina batzuetan aringarri moduan erabili izan dute, «hildakoa hau eta bestea zen, ezkerrekoa zen, eskuinekoa edo zentrokoa». Bada, kasu honetan, horrek ez du balio, gu ez garelako ezkerrekoak, ez eskuinekoak, ez ezer. Eta horregatik pentsatzen nuen kasu honetan aukera gehiago zegoela gauzak behar bezala egiteko. Baina ez.

FINA LIZERANZU: Jendeak esaten zigun ez fidatzeko, ez zutela ezer egingo gauzak argitzeko; baina guk ez genuen sinesten. Lan egiteko baino ez gara bizi izan, eta politikaz ez dakigu ezer. Horregatik bagenuen konfiantza. Baina denbora ari zaigu esaten bakoitzak nola jokatzen duen. Min handiena ematen didana da ikustea [Rodolfo] Ares lau urtez ezkutatuta egon dela, eta orain Madrilen dagoela, politika egiten. Idoia Mendiak inoiz esan du EAJk ez duela hitza betetzen: ez dakit hala den, baina, Iñigoren kasuan behintzat, biek duten ituna ondo baino hobeto ari da betetzen EAJ.

M.C.Hauteskundeen aurretik EAJk esaten zuen gobernura iritsiz gero ahalegin guztiak egingo zituztela gertatutakoa argitzeko. Eta nik sinetsi egiten nien. Jaurlaritzan sartu eta hamabost egunera aldatu zuten iritzia.

Iazko ekainean egindako ekitaldi batean, «terrorismoaren biktimek instituzioen aldetik jasan duten babes falta» dela-eta autokritika egin eta barkamena eskatu zuen Urkullu lehendakariak. Zuekin ere antzeko keinuren bat egin beharko luketela uste duzue?

F.L. Hasieran, beharbada, eskertu egingo nukeen norbaitek barkamena eskatu izan balit. Orain ez, ez dut horrelakorik nahi.

M.C. Ez dakit zeren zain dauden, mundu guztiak baitaki zer gertatu zen. Epai finko bat egon arte ari dira itxaroten zerbait esateko? Ordurako, gu hilik egon gaitezke.

Hortaz, ez zaudete pozik instituzioen jokabidearekin.

F.L. Gugandik ihesi ibiltzen dira, EAJkoak ere bai. Badirudi geuk haiei egiten diegula kalte. Hori guretzat oso gogorra da. Gogora institutuaren inaugurazio ekitaldian egon ginen, eta Aintzane Ezenarro gure ondotik pasatu zenean, nire ahizpak irakurri zizkion bezperan El Correo-n egin zituen adierazpen batzuk. Ez zion ezer txarrik esan, Ezenarrok berak egindako adierazpenak gogorarazi baino ez. Eta Ezenarrok bizkarra eman zigun, eta eskuarekin keinu bat egin zigun, bakean uzteko esanez bezala. Gero, Bilboko Areatzako ekitaldian [Memoriaren Plazaren inaugurazioan] nigana etorri zen eskua ematera, eta esan nion ezetz, ez niola eskurik ematen. Beharbada gaizki jokatu nuen, baina oso minduta nengoen.

Epaiketarekin zer lortu nahiko zenukete?

F.L. Justizia egitea, hori baino ez. Justizia egin dadin, geuk ere dolua egin ahal izateko behintzat. Iñigok ere horixe nahiko zukeen, justizia egitea.

M.C. Eta Ares, Buen, Patxi Lopez eta gainerako arduradun politikoek erantzukizuna euren gain hartu, eta azal dezaten zertara etorri zen balentria hura, zergatik horrenbeste gorroto. ETA desagertuta zegoen, kale borrokarik ere ez zegoen, eta zergatik mendekua hartzeko grina hori?

F.L. Orain, Madrilen daude denak. Lau urteren ondoren, ondorio hori ateratzen dut nik: hiltzeagatik saritu egin dituztela. Eta gero, telebista piztu eta Patxi Lopez «ibilbide garbia duen politikaria» dela entzun behar izatea ere!

Lau urteotan zuen semearen lagunak hor egon dira beti, haren memoria bizirik iraunarazi nahian. Zer balorazio egiten duzue horretaz?

M.C. [Hunkitu egin da] Iñigok beti esaten zidan nik ez nituela haren lagunak ezagutzen. Hari barkamena eskatzeko beharrean nago orain, arrazoia zuelako: benetan, nik ez nituen haren lagunak ezagutzen. Nire semearen lagunartea baino gauza handiagorik ez dut inoiz ikusi. Telefono zenbaki bat markatu baino ez dugu egin behar, baten bat gurean ager dadin, edozertarako prest. Ez daukat hitzik nire esker ona adierazteko.

F.L. Niri futbola ez zait inoiz gustatu, baina orain Athleticen partidak ikusten ditut telebistan, badakidalako Iñigoren lagunak han daudela eta Iñigoren aldeko ikurrak haizatuko dituztela. Nolabait, Iñigo han bueltaka egongo balitz bezala da.

Eta zer iritzi duzue gizartearen erreakzioaz?

M.C. Horretaz sentsazio gazi-gozoa dut, eta badakit hau esatea beharbada ez dela politikoki zuzena, baina esan egin behar dut. Jende asko gurekin egon da, baina egon behar zuten batzuk ez dira egon. Eta hori oso tristea da, Iñigori gertatutakoa edozeini gertatu ahal zitzaiolako. Bildukoak gure ondoan egon dira beti, eta badirudi batzuek hori ez dutela ondo ikusten eta ezkerrarekin bat egitea leporatzen digutela. Aizu, ba besteak ere etor daitezela, nik laguntza guztiei eskatu diet eta! Hau ez da politika egitea: arazo honetan gizarte osoak erreakzionatu behar zuen, eta ez da hala izan.

F.L. Julen Arzuaga, esaterako, oso ondo portatu da gurekin. Eta Andoni Busquet Basauriko alkatea ere bai.

M.C. Hori egia da. Instituzioetatik, horixe izan da gurekin ondo jokatu duen bakarretako bat. Andonik ez du ihes egiten, ikusten nau eta niregana dator besarkada bat ematera.

Zer iritzi duzue Ugarteko ezizeneko ertzainak jarri duen salaketaren inguruan?

M.C. Egin duena egin ostean salaketa jartzea familiari barre egitea da. Zer nahi du? Gu are gehiago umiliatzea? Gu iraintzea? Hori da polizia izateko modua? Nik beti esan dut morroi hori kalean egotea arrisku bat dela. Beharbada pentsatzen du horrekin beldurtuko garela; bada, jai dauka. Kexu da honekin bere ibilbide profesionala amaitu omen zaiolako. Niri ere amaitu zitzaidan, gainean neukan guztiarekin lana utzi egin behar izan nuelako. Baina lana ez ezik, bizitza ere kendu didate, semea hil egin didatelako.