Albistea entzun

Emakumeen aurkako indarkeria. Gizonen rola. Federico Abreu Silveira. Komunikazio eta hezkuntza aholkularia

«Oso ondo dago feminismoak gizonok susmopean edukitzea»

Maskulinitateari buruz Bilbon egin diren topaketetan parte hartu du berdintasunaren aldeko ekintzaile honek, eta hitzaldia eman: 'Gizonen eragintza politikorako grinaren eta desjabekuntzaren arteko tentsioa'.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2014ko azaroak 23

Zer den gizona izatea gizonen nagusitasunean eraikitako sistema batean. Zer den gizona izatea gizonek emakumeen aurka erabilitako indarkeria izurrite den gizarte batean. Zer den gizona izatea eta emakumeen eskubideak gauzatzeko borrokan gizonek lan egin behar dutela sinestea. Lan hori egitea ezinbestekoa baita, Federico Abreuren arabera.

Maskulinitatez aritu zarete Bilbon. Jende asko izan da entzuleen artean, eta horien artean erdiak gizonak. Ez da ohikoa, zoritxarrez.

Ez, ez da ohikoa halako topaketetan. Generoa emakume kontua da gehienentzat, badakizu; emakumeen borroka ei da hori, gizonokin zerikusia ez daukana. Pertsonen erdiak baztertzen dituen gizarte injustu batean gizonok daukagun erantzukizunean pentsatzea da helburuetako bat, eta gerturatu diren ehundik gora lagunetatik erdiak gizonak izatea, benetan, nabarmentzekoa da.

Gizonek beren pribilegioei bizkarra eman behar diezuela esan duzue topaketotan.

Bai. Bilbon bildutakoak prest egon dira daukaten botereari buruz gogoeta egiteko, pribilegio horiek utzi behar dituztela entzuteko. Batzuen ustez, erabateko parekidetasuna utopia ezinezkoa da. Hori eztabaidagarria da, baina argi dago benetako parekidetasuna erdiestea ezinezkoa izango dela gizonezkoak bide hori urratzen hasten ez bagara. Gizonei pribilegioak dauzkatela ikusarazi behar zaie. Batzuetan agerikoagoak dira, beste batzuetan ez hainbeste. Pribilegio horiek utzi beharraz jabetzen ez bagara, oso zaila da ezer aldatzea.

Zein pribilegio utzi behar lituzkete gizonek lehenbailehen?

Niretzat lehentasunekoak diren gauzak ez dira hala izango beste zenbaitentzat. Begiradaren araberakoak dira lehentasunak arlo honetan ere. Bi begirasun nagusi daude gizonak eta generoa gaiari begiratzerakoan. Batek arlo pribatura zuzentzen ditu begiak: etxe, lagun eta familia arlora. Gizonek beren egunerokoan zer egin behar luketen du ardatz ikuspegi horrek. Gertukoen zaintzan egiten duten lana, etxeko lanen kudeaketa... Beste joera bat ere bada —oraintxe aipatu dizudan horren kontra ez doa, inolaz ere—, gaiari justizia eta eskubide ikuspegitik heltzen diona batez ere. Begirada politikoa du nagusi. Beti emakumeen gain utzi diren etxeko eta ugalketa lanetan gizonek daukagun erantzukizuna aldarrikatzeaz gain, aldaketa politiko baten alde daude, justiziaren eta giza eskubideen izenean.

Bi joera horietan, zeintzuk lehentasun jarriko zenituzke zuk zeuk?

Ez daukat erabat garbi erantzuna, baina sinetsita nago geure jarrera matxistak aztertzen, geure pribilegioak ikusten eta bakoitza bere tokitik pribilegioak uzten hastea dela bidea. Aldaketa pertsonalei begirada politikoa, giza eskubideak eranstea litzateke egokiena, nire ustez.

Norbere pribilegioei uko egitea ez da gauza erraza inorentzat.

Ez, baina egia da bide honetan ari garen gizonezko gehienak ezkerreko sentsibilitate politikotik hurbil gaudela. Mundu zuzenago baten alde borrokatzen gara etengabean, injustiziak ezabatzea nahi dugu, eta emakumeen aurkakoa da garrantzitsuena. Ezinezkoa da justizia sozial eta politikoaren aldeko diskurtsoa edukitzea eta begirada feminista ez edukitzea, nire ustez. Orduan, ez da erraza izaten pribilegioei uko egitea. Geuri ere zaila egiten zaigu. Zenbaitetan, ez garelako jabetu ere egiten gure eguneroko jarrera matxistekin. «Aizu, zure hau jarrera matxista bat da, eta jarrera hau daukazu gizona zarelako, toki hegemonikoan zaudelako, horrek dakartzan pribilegioak dauzkazulako». Hori esaten dizuten arte, ez zara konturatzen batzuetan. Horrekin ez nuke diskurtso biktimista bat egin nahi. Geurea da geure begirada kritikoaren gaineko erantzukizuna.

Nola konbentzitu, orduan, orain arte begirada hori garatu ez duten gizonak?

Lagun bat egiten ari den doktore tesiaren arabera, berdintasunaren aldeko gizon taldeetako kide askok —klase ertaineko bikote heterosexualak aztertu ditu—, bikotekide feminista dauka. Emakume feministek kideak zirikatu egiten dituzte, begirasun feminista batera dakartzate. Hor politikoa eta egunerokoa batu egiten dira. Gizonok pixkanaka konbentzitzeko modu zuzena da biztanleen erdiei eragiten dieten gure akatsak azaleratzen dituzten mugimenduetara hurbiltzea. Historian ez dago talde zapaltzaile bakarra ere pribilegioei bere kabuz uko egin diena. Horregatik da hain garrantzitsua mugimendu feminista. Oso urruti gaude. Lehen baino askoz hurbilago gaude? Akaso ez. Bidea oso zaila da.

Zeintzuk dira prozesu hori laguntzeko tresna nagusiak? Legeak beren horretan nahikoa al dira pribilegio ezabatze hori ziurtatzeko?

Legea garrantzitsua da. Legea behar duzu; eta estatu egitura bat; eta aurrekontua ere bai. Legerik gabe, ez daukazu egiturarik eta aurrekonturik; aurrekonturik gabe, alferrik dira legeak eta estatu egiturak. Legea ez da ezeren bermea. Legeak lagundu egiten du. Berdintasunaren bidean lehentasunez landu beharreko gaia da indarkeriarena. Zenbait arlotan, lehen baino okerrago gaude indarkeria kontuetan.

Zergatik diozu hori?

Gizon eta emakume gazteagoekin hitz egiten duzulako, eta beren artean ezarrita dauden harremanetan sartzeko eredu zenbait indarkeriazkoak direlako. Legea ondo dago, baina lan pedagogiko eta kulturalean oso ondo dago mugimendu feministak gu susmopean edukitzea; berdintasunaren alde gauden gizonok, hain mundialak izateko uste horretan, gainditu nahi ditugun rolak errepikatzera hel gaitezkeelako. Oinarrizko lana ezinbestekoa da. Diskurtso sozialean, mediatikoan, kontrola —biolentzia sinbolikoa zein fisikoa, azken batean— balio ontzat ezarrita dago giza harremanetan, bikote harremanetan. Hori puskatzea ezinbestekoa da. Eskolan, etxean, astialdian, gizarte mugimenduetan, ezkerreko taldeetan landu behar da.

Gizonek agenda politiko feminista propioa izan behar lukete?

Galdera horren erantzuna eraikitzen ari gara. Topaketa hauen helburuetako bat, hain zuzen ere, hori izan da. Topaketetan aritu den kideetako batek, Jimmy Telleriak, zera zioen: zenbaitetan, mugimendu feministak eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde ari garen gizonezkoek bat egingo dugu; beste batzuetan, bakoitzak agenda propio eta bereiziari heldu beharko dio, arazo propioak eta bereiziak ditugulako; eta hurrengo batean berriz bat egin dezakegu. Hori da, oraintxe bertan, gehien asetzen nauen erantzuna. Hori bai, ezinbestekoa da mugimendu feministarekin zubiak eraikitzea. Gizonok, gizon gisa, estrategia propioak garatu behar ditugu gizon gehiago berdintasunaren aldera erakartzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibaetako Campusean duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO/FOKU

EHUk espediente informatibo bat zabaldu dio eraso sexista batengatik salatu duten irakasleari

Berria

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakala emakume taldeak. Gertakariari buruzko «informaziorik» ez ematea leporatu diote EHUri.

Ziudadelaren barnaldea, asteazkenean. ©BERRIA

Hipika txapelketa bukatu eta hilabete eta erdira, Iruñeko Ziudadela hondarrak hondatua dago oraindik

Uxue Rey Gorraiz

Iruñeko Udalak antolaturiko hipika txapelketak irailaren 12an izan zuen azken eguna. Ordea, txapelketarako erabilitako Ziudadelako zuloguneak hareaz beteak dira oraindik. Navarra Sumak salbu, udaleko talde politikoek adierazpen bat onartu dute eremua berehala egokitu dadila eskatzeko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan dira BECen, gaurko aurkezpenean ©Irekia

Zaintza ereduaren «paradigma aldaketa» jaso du Jaurlaritzaren estrategia soziosanitario berriak

Edurne Begiristain

2021-2024 aldirako estrategia soziosanitarioa aurkeztu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusiek. Besteak beste, «adinekoak beren etxean edo etxe baten antzekoak diren zentroetan» bizitzea sustatuko dute.

Aste honetan Haurrak Bai-k deituta Ataungo Joxemiel Barandiaran herri ikastetxean egin duten eserialdia. / ©Goierriko Hitza

Jolasgaraian 12 urtetik beherakoak maskara janztera derrigortzen dituen aginduari eutsiko dio Jaurlaritzak

Jon Ordoñez Garmendia

Gotzone Sagarduik argudiatu du haurrak babesteko neurri bat dela, eta esan du gaur egungo egoera ez dela ona.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.