Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Oihu, azken hitzaren aurretik

Publizitatea

Gizartea

Oihu, azken hitzaren aurretik

Milaka lagun bildu dira Gasteizko kaleetan, Garoña behin betiko itxi dezatela eskatzeko
Jendetza Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan, atzo, Garoñaren aurkako manifestazioan.
Jendetza Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan, atzo, Garoñaren aurkako manifestazioan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

2017-03-19 / Jon Rejado

Egonezinaren aurrean, oihu. Milaka herritar kalera atera ziren atzo, Gasteizen, Garoña berriz ez dezatela ireki eskatzeko. Aho batez egindako oihua izan zen. Burgosko (Espainia) zentral nuklearraren etorkizuna mahaiaren gainean dago. Hilabete gutxian Alvaro Nadal Espainiako Energia ministroak argituko du 2031ra arte irekitzeko baimena emango ote dion. Azken hitza esango du. Ordea, aurretik milaka lagunen eskaera entzun zuen atzo. Azken hamarkadetan bezala, Gasteizko kaleak bete zituzten, eta argi utzi zuten ez dela azken oihua izango. Ez behintzat Garoña itxi arte.

Burgosko zentral nuklearraren aurka urteetan egindako manifestazio jendetsuena izan zen atzokoa. Hala hausnartu zuen Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe plataformako eledunak ere. «Olatu erraldoi batek apurtu zituen Fukushimako babesak, eta, gaur, herritar olatu batek botako du Garoña betikotu nahi duen sistema», oihukatu zuen manifestazioa amaitu zenean, Andre Maria Zuriaren plazan.

Alderdi politikoei ere mintzatu zitzaien, «neurri hutsalak» hartzeari utz diezaioten. «Ekintza politiko eraginkorrak nahi ditugu, emaitza erreala izango dutenak; ez plazebo hutsak». Ildo horretan, Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko eskatu zien Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei, Garoña betiko itxi dezaten. Espainiako aurrekontuen negoziazioa ere horretarako baliatzeko eskatu zuen.

Neurrira egindako bidea

Manifestazioan bildutakoek zentrala eraisteko eskatu zuten. Horren ilusioa berretsi zuen Maite Diaz de Arkaiak, manifestazioko parte hartzaileak. Edonola ere, aurrekariek beste norabide bateko erabakia iragartzen dutela uste du. «Ireki nahi dute, argi dago; itxi zutenetik neurrira egindako bidea prestatu diote, araudia hainbatetan aldatuz». Friasek hori bera salatu zuen, baita CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Batzordea «gobernuaren eranskin soil» bihurtu dutela ere.

Hitz horiekin, Friasek gogora ekarri zituen CSNko presidente Fernando Martik Espainiako Kongresuan esandakoak. Nuclenorrek, zentralaren jabeak, zenbait betebehar zituen Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak txostena onar zezan. Horietako bat zen aurrez eskatutako zenbait lan egitea, epe zehatz baten aurretik; hots, lanak epean burutu behar zituen txostena ezagutarazteko. Martik jakinarazi zuen lanak egin gabe zeudela, eta, hala eta guztiz ere, 2031. urtera arte irekitzearen aldeko txostena onartu zuen CSNk.

Euskal Herriko hainbat txokotik heldutakoak ere izan ziren manifestazioan. Iñigo Ordoñezek derbiaren aurreko giroarekin gozatu, eta Realaren bufandarekin egin zuen bide osoa. «Futbola txikikeria da hemen gertatzen ari denaren aldean; ezer egiten ez badugu, 2031. urtera arteko derbietan irekita egongo da!».

Manifestazioak hainbat belaunalditako herritarrak bildu zituen, Garoñaren aurkako borroka zaharra den arren hauspoa indartsu dagoela erakutsiz. Are gehiago, azken urteetan geroz eta indartsuago dagoela esan daiteke. Atzoko manifestazioa adibide argia izan zen, baina ez bakarra. Duela hiru aste Garoñaren Kontrako Foroak deitutako giza kate bat manifestazio bihurtu zen, aurreikuspenak guztiz gainditu zituelako. Zentrala eraistearen alde oihukatu zuten orduan, baita atzo ere, eta, iragarri zutenaren arabera, zentrala behin betiko itxi arte iraungo du oihuak.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Rejado Jon Rejado

Publizitatea