Soinu-xurgatzaile berdeak

EHUko ikerketa lan baten arabera, lorategi bertikalek soinua ongi xurga dezakete, eta eraikinak termikoki ere babesten dituzte. Kutsadurari aurre egiteko borrokan, beste pauso bat eman dute.
Lorategi bertikal bat —«baso bertikala» zela esan zuten aurkeztu zutenean—, Gasteizen, Europa jauregiko kanpoko aldean.
Lorategi bertikal bat —«baso bertikala» zela esan zuten aurkeztu zutenean—, Gasteizen, Europa jauregiko kanpoko aldean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Arkaitz Almortza Muro -

2015eko otsailak 22
Gizakiak sortu duen munstro gosetia gizakia bera ari da irensten. Aurre egiteko hamaika neurri hartu diren arren, kutsadura makina bat buruhausteren iturri da oraindik. Soineko ezberdinak janzten ditu munstroak, hala nola CO2, gas toxikoak, argia edota zarata izenekoak. Ezagunak dira, ordea, naturak munstroari aurre egiteko erabiltzen dituen baliabideak. Zuhaitzek, adibidez, airea garbitzen laguntzen dute, atmosferako CO2a xurgatzen baitute. Halere, ez da betetzen duten funtzio bakarra; EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Enedi ikerketa taldeak egindako azterlan baten arabera, lorategi bertikaletako landareek soinua ere ongi xurga dezakete.

Urtetik urtera, gero eta leku handiagoa hartzen ari dira lorategi bertikalak herrietako eta hirietako eraikinen paisaian. Oro har, karrikak atontzeko ipintzen dituzte; halere, horien lana uste baino emankorragoa izan daiteke. Zaloa Azkorra nekazaritza ingeniaria da, eta EHUk egin duen ikerketan parte hartu du. Zera dio: «Lan honi esker ikusi dugu landare horiek oso ezaugarri onak dituztela etxebizitza batean, bai akustikoki, baita termikoki ere». Azterketa egin ahal izateko, landareak loreontzi berezi batzuetan ipini dituzte, eta, mosaiko baten antzera, laukiz lauki, horma berde bat eraiki dute.

Alor akustikoa neurtzea izan da ikerketaren xedeetako bat. Horretarako, bi azterketa egin dituzte; batetik, isolatze probak egin dituzte, eta, bestetik, soinuaren xurgatze gaitasuna neurtu dute. «Oso onak dira frekuentzia baxu zein altuetan soinua ezabatzeko. Horiek horrela, oinezkoen kale batean ipiniz gero, kale horretan bizi diren bizilagunek sumatuko lukete landareen eragina», azaldu du. «Isolatzaile moduan, berriz, ez dira hain onak, eraikinetan erabiltzen diren beste materialekin alderatuz, isolatze maila oso baxua delako».

Ildo berean, landareen alderdi termikoa aztertu dute: «Eraikina fresko mantendu nahi denean, beroa ezin da pasatu; izan ere, harresi baten antzera jokatzen dute, landareek eskuragarri duten ura lurrunduz kanporatzen baitute eguzkiaren beroa atmosferara. Udan, adibidez, adreiluzko horma baten kanpo azalera 50 gradura irits daiteke eguerdian; landarez eginiko horma batek, berriz, 30 graduan manten dezake hormaren kanpo gainazala». Horretarako ezinbestekoa dute uraren beharra; hau da, landareak ongi ureztatu behar dira, beren lana —fotosintesia— behar bezala egin dezaten. «Ez badituzu ongi ureztatzen ez dira termikoki hain onak izango».

Ura, bizitzaren iturri

Azterketa egiteko erabili dituzten landareak poliestirenoko loreontzietan landatu dituzte. Horretarako, zuloak egin dizkiote ontziari, eta bertan landatu dira landareak. Sustraiak, berriz, barruko aldean geratzen dira eta, horrenbestez, ezin da ura zuzenean ontzira sartu.

Hamaika adibide aurki daitezke egun hirietan dauden lorategi bertikaletan. Madrilgo Caixa Forumekoak, esaterako, goitik behera ureztatzen ditu landareak, ur-jauzi bat izango balitz bezala: «Sistema hori ez da hain efizientea, landare batzuk urik gabe geratzeko arriskua dutelako», azaldu du Azkorrak. Antzeko zerbait gertatzen da Bilboko Guggenheim museoko Puppy-rekin, lorez egindako zakurrarekin, ez baitute landarez landare ureztatzen. Azkorraren proiektuko ureztatze sistema, baina, guztiz indenpendentea da, kutxa bakoitzak baitu ureztatze eta drainatze sistema propioa. «Berotegi hidroponikoetan erabiltzen duten metodoa erabiltzen dugu: tantaz tantako fetirrigazio organikoa», azaldu du. «Uraren kontrol zehatza egiten dugunez, mosaiko polita sor genezake: ur asko behar duten landareak eta ur gutxi behar dutenak elkarrekin jar ditzakegu».

Onura iturri dira lorategi bertikalak. Alabaina, Zaloa Azkorraren hitzetan, gaur egun, behintzat, nekez ikusiko dira etxebizitza arruntetako aurrealdeetan. «Nahiko garestia da instalazioa eta landareen mantentze lana. Adreiluzko horma bat eraiki, eta luzarorako izanen duzu. Landareak, baina, astero edo hamabostean behin zaindu behar dira». Halere, horrek ez du esan nahi geroan landarez eginiko hormak dituzten eraikinak ikusiko ez direnik. Hala bada, munstroa garaitzeko aukerak indartuko dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna