Lanera bueltatu da 'Philae'

Zazpi hilabetean hibernazioan egonda, 'Rosetta' misioaren modulua lanean hasiko da berriz ere
<em>Philae</em> moduluaren kopia bat, kometa gainean egingo duen lana erakusteko.
Philae moduluaren kopia bat, kometa gainean egingo duen lana erakusteko. ARNE DEDERT / EFE

Juanma Gallego -

2015eko ekainak 21
Bateriarik gabe 211 egunez 67P Churiumov-Gerasimenko kometari atxikita egon ostean, Eguzkiaren argiak emandako energiari esker Rosetta misioaren Philae modulua esnatu egin da.

ESA Europako Espazio Agentziak jakinarazi duenez, joan den ekainaren 13an jaso zen seinalea NASAk duen antena batean, Goldstonen (Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak). Berehala ESAk Darmstadten (Alemania) duen egoitzara bideratu ziren datuak. Bertako kontrol aretoan 22:45ean piztu zen Philae zundaren telemetriaren berri ematen zuen alarma. Albistea, berriz, igande eguerdian zabaldu zen, Rosetta zundak zein Philae moduluak Twitter sare sozialean duten kontuen arteko solasaldi gisara. «Kaixo, Lurra! Entzuten al nauzue?»; mezu hori erabili zen munduari albistea zabaltzeko.

Modulua iazko azaroaren 12an kometaratu zen, misio horretan lankide duen Rosetta zunda kometaren inguruan orbitatzen geratu zen bitartean. Ordukoa mugarri historikoa izan zen, gizakiak lehen aldiz kometa baten azalean gailu bat jartzeko ahalmena erakutsi zuelako. Hara heltzeko hamar urteko ibilbide luzea egin behar izan zuen misioak.

Operazioa ez zen burutu, ordea, ESAko ingeniariek hasieran aurreikusi zuten eran, kometari eusteko sistemak akats bat izan zuelako. Horregatik, kometaren kontra jo eta bi aldiz salto egin ondoren, hasieran kalkulatutako tokitik urrun gelditu zen Philae. Itzalpean geratu zen, eta egun bakoitzeko soilik bi orduko argia jasotzen zuen, hasieran zehaztutako kometaratze puntuan hamabi orduko argialdia kalkulatzen bazen ere. 60 orduz informazioa bildu eta gero, bateriak agortu eta standby egoeran geratu zen.

Kometa Eguzkira hurbildu ahala, ostera, gero eta argi gehiago jaso du Philae moduluak, eta horrek lanean hasteko energia adina eman dio. Larunbateko transmisioak soilik 85 segundo iraun zuen, baina horren bidez zientzialariek 300 datu pakete jasotzeko aukera izan zuten. Igandean beste transmisio bat egon zen, baina kalitatea ez zen nahikoa izan, ESAko bozeramaileek argitu dutenez. Moduluak oraindik 8.000 datu pakete inguru gordetzen ditu bere barruan, eta ondorengo egunotan horiek berreskuratzen saiatuko dira Rosetta misioan lan egiten duten ingeniariak.

Izotza baino askoz gehiago

«Eguzki Sistemaren jatorria eta eboluzioa aztertzeko funtsezko misioa da Rosetta», argitu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko astronomo Santiago Perez-Hoyosek. Kometak eta asteroideak Eguzki Sistemaren eraikuntza handiaren ostean geratu ziren «harri koskorren parekoak» direla azaldu du. «Funtsean izotzez osatuta daude, eta Lurra sortu zen garai urrunari buruzko informazioa gordetzen dute barnean. Rosetta misioak gure planetan dagoen uraren zein bizitzarako beharrezkoak diren konposatu organikoen jatorriaren misterioa argitzen ere lagun diezaguke», gehitu du.

Zaila da aurreikustea misioak zein ibilbide izan dezakeen, oraindik ere arazoak egon daitezke eta. Arriskutsuena agian Eguzkira hurbildu ahala izango den tenperaturaren gorakada izango da. Orain -35 gradu inguruan da —modulua lanean aritzeko tenperatura egokia da—, baina adituak beldur dira hurrengo asteotan Philae gehiegi berotuko ez ote den. Hala balitz ere, ordea, haren lankide Rosetta zundak lanean jarraitu ahal izango du. Perez-Hoyosek argitu duenez, zundak emango du zientzia informazioaren %80, eta moduluak, berriz, %20. Hala ere, Philae lanean izatea garrantzitsua da: «Ederki ikusi ahal izango dugu kometa nola aktibatuko den Eguzkira hurbiltzean, eta baita nola lurrunduko den ere. Kometan sakonki lurperatuta dauden elementu zaharrak aterako dira. Inoiz ez bezala, Eguzki Sistemaren jatorrietara bidaiatu ahal izango dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna